Artizarra, lurraren planeta bikia, bistaz eta izenez ezagutzen den bizilaguna bezalakoa da: haren bizimoduaz ezer gutxi jakin ohi da.
ITZIAR GARATE; Zientzia Planetarioen Taldea, UPV/EHU: Baldintza berdintsuetan jaiotako planetak dira, tamainaz eta masa aldetik, beraz grabitate aldetik oso antzekoak, orduan espero zen planeta antzekoena izatea, eta alderdi batzuetan hala da, baina beste batzuetan guztiz ezberdina da, zergatik? zer gertatu zen artizarrean eta lurrean ez edo alderantziz, zer gertatu zen lurrean eta artizarrean ez?
Galdera hauen erantzunaren bila dabil Itziar Garate astrofisikaria. Euskal Herriko Unibertsitateko zientzia planetarioen taldeko kidea da eta Artizarraren atmosfera ikertzen du.
Ilargiaren ondoren gertuen dugun zeruko gorputza da, 40 milioi kilometrora dago… bakarrik. Hortaz, erraza da Artizarra ikustea, eguzkia eta ilargiaren atzetik zeruko elementurik argitsuena da. Seguruenik horregatik antzinako zibilizazio guztiek ezagutzen zuten.Eta hala ere, duela urte gutxi hasi da Artizarra bere misterioak argitzen: 1961. urtean jakin zen adibidez eguzki sistemako gainontzeko planeten kontrako norabidean ematen duela bira eta ordutik aurrera egin da ezagutzan.
ITZIAR GARATE; Zientzia Planetarioen Taldea, UPV/EHU: Atmosfera oso dentsoa da, oso lodia da, %96an karbono dioxidozkoa delako, guztiz arnastezina eta atmosfera lodi horrek egiten duna da eguzkiaren argia harrapatzen du, berotegi efektu ikaragarri bat sortuz. Ia 500 Cº-ko tenperatura dago eta 90 atmosferako presioa, ozeanoan kilometro bateko sakoneran dagoen presio berdina, atmosferak hainbeste pisatzen du eta hainbeste bero egiten du ez genukeela biziraungo han eta gainera hodeiak ez dira urezkoak, azido sulfurikozko hodeiak dira. Sumendiak, azido sulfurikoa, karbono dioxidoa,... infernua!
Hori guztia jakitea ez da erraza izan. Esplorazioa hasi zenetik, zunda gutxik lortu du Artizarraren azalera iristea: atmosfera zeharkatzea zailegia da. Pentsa, Artizarraren azalaren argazki hauek besterik ez dago, duela 40 urtekoak. Hortaz, azken misioetan, beste estrategia bat erabiltzen da, urrunxeagotik informazioa eta irudiak eskuratzea. Irudiak dira Itziarren ikerketarako materiala.
ITZIAR GARATE; Zientzia Planetarioen Taldea, UPV/EHU: Adibidez, irudiak izan daitezke uhin luzera ezberdinetan, filtro ezberdinak erabilita hartutako irudiak, eta konparazio horretan irudi ultramore bat eta irudi ikusgai batekin alderatuz jakin dezakegu hodeiak atmosferan zein altueratan dauden.
Hala, Artizarraren atmosferari buruzko aurkikuntza interesgarriak egin ditu zientzia planetarioen taldeak. Hau, planetaren hego poloan dagoen fenomeno bitxi bat da: zurrunbilo bikoitza.
ITZIAR GARATE; Zientzia Planetarioen Taldea, UPV/EHU: Horizontalean Europa bezain handik eta altueran 20 km, orduan ikaragarrizko egiturak dira baina egunero aldatzen doazenak eta zergatik ez dakigu.
Ondoko bizilagunari buruz gehiago ezagutzen da orain, baina aurkitutako erantzunek galdera gehiago sortu baino ez dute egiten.
ITZIAR GARATE; Zientzia Planetarioen Taldea, UPV/EHU: Kulebroi baten antzera, zenbat eta gehiago ezagutu, gero eta premia, gogo gehiago gauzak jakiteko eta lan egiteko eta aurrera jarraitzeko.Gero eta gehiago gustatzen zait, gero eta... ez dut esango maiteminduago baina bai liluratuago.