Julian Urkiola Gipuzkoako erlezainen lehendakaria da. 25 erlauntz ditu Usurbilen. Aurreneko liztor beltzak duela bi urte ikusi zituen bere erleen artean. 2010ean, hain zuzen, egiaztatu zen lehen liztor beltz alea mugaren hegoaldean, Irunen. Orain nagusi da.
JULIAN URKIOLA; erlezaina: Ikusten duzu hemen aurrean zenbat liztor dabilen: erleek ez dute irten nahi, daude ikusten duzun atakan, denak. Eta adibidez hemen: aurreneko honen aurrean gutxienez egongo dira 20-30 liztor erlauntzaren aurrean. Beraiek ez dute irten nahi zeren bakarrik irteten badira bere bizia jokatzea da.
Ehizan dabiltza liztorrak, erle-ehizan. Airean harrapatu eta eraman egiten dituzte, jateko. Udazkena garai egokia da erleak lanean aritzeko. Baina ezin dute lanik egin. Ondorioz gosea eta gaixotasunak zabaltzen dira eta azkenerako erlauntza hustu, hil. Gehienak halaxe daude. Argizariaren harra agertzea da azkenaren seinalea.
JULIAN URKIOLA; erlezaina: Eta argizariaren harrak ere jan egiten ditu, heriotza erabatekoa.
Hemen, Neiker-Teknaliako entomologia sailean identifikatu zuten liztor beltzaren lehen alea. Orain, Araban zenbateraino zabaldu den aztertzen ari dira. Probintziako toki ezberdinetan jarritako tranpetan liztor asiarraren presentzia ezagutu eta bestelako intsektuen zenbatekoa ikusi nahi dute.
JULIAN URKIOLA; erlezaina: Hemen badago bat, erdi-hila, lehen makila batekin jota. Ikusten duzuen bezala 7 milimetroko eztena du.
Ziztada hala ere ez da sor lezakeen arazorik handiena, ekosistema izan litzakeen ondorioekin konparatuta. Arazo ekologikoaren larritasunaz galdetuta, kasu honetan, erleak galtzen ari den erlezainaren ikuspuntua baino zientzialariarena nagusitzen da.
ARTURO GOLDARACENA; entomologoa, Neiker-Tecnalia: Ez da dramatizatu behar, nire ustez erlea ez da inoiz desagertuko, gizakiak hazitako intsektu bat delako, katuak edo txakurrak bezala etxe-animaliak dira. Eta polinizazioa desagertuko da? Ezta. Polinizazioa beste lanik egiten ez duen milaka intsektu dago ekosisteman: dipteroak, lepidopteroak, tisanopteroak,… Beste kontu bat da erleak desagertu ezkero sor daitezkeen arazo ekonomikoak dira, nekazaritzan eta batez ere agroekosisteman.
JESUS BARANDIKA; koordinatzailea, Neiker-Tecnalia: Arazoa esan genezake larria dela, batez ere Gipuzkoako erlezainentzat. Ekologia aldetik ezin dugu esan arazoa handia ala txikia den, zeren oraindik ez da baloratu eta ez da erraza izango baloratzen, baina erlezainentzat arazo nahiko handia da.
Espezie inbaditzaileari aurre egiteko orain arte hartu diren neurriek ez dute momentuz eraginkortasun handirik izan. Presioa ez da jaitsi eta zabalkuntza ere ez da mantsotu. Tranpek ezertarako balio duten zalantzan dago. Ez dago liztor asiarrak erakartzen dituen produktu berezirik eta tranpek lagundu baino kalte handiagoa eragin lezakete intsektu onuragarriak ere erortzen direlako.
Habiak suntsitzeko protokolo bat jarri dute indarrean aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak, suhiltzaileek eta larrialdietako zerbitzuek. Hau da basozainek liztor beltzaren habiak kentzeko udan egin dituzten irteeren mapa. 200dik gora. Garbi ikusten da iparraldetik datorrela liztor beltza. Ugariagoa da Gipuzkoa ipar-ekialdean baina bizi Euskal Herri osoan bizi da dagoeneko. Eta Burgosen. Eta Galizian. Eta Katalunian.
Zabaltze geldiezinaren arrazoia liztor beltzaren ugalkortasun handi izan daiteke. Bertan ere bada liztor handi espezie bat, vespa crabro, baina honen habiak ehunka alekoak dira. Asiarren habietan 30.000tik gora liztor pilatzen dira.
Egoera normal batean ezingo litzateke erlauntzaren aurrean jantzi babesgarririk gabe egon, baina erlerik ez da ikusten ia eta liztorrek ez diete gizakiei kasurik egiten.
Liztor beltzaren biologia eta ohiturak ezagutzeko Julianek egindako grabazioak dira hauek. Adibidez, harrapariak bere harrapakina nola jaten duen jaso du bere kamerarekin.
JULIAN URKIOLA; erlezaina: Bera egoten da zain, noiz erlea etorriko eta ateratzen dena baino datorrena nahiago du, kargatuta eta nekatuta datorrelako: harrapatzeko errazago. Harrapatu eta egiten du, guk langostinoekin bezala, xurgatu barruko zuku hori, eta bukatutakoan burua moztu eta bota egiten du. Buelta eman eta tripa barrua ere hustu egiten dio, eta gero, hegalak eta hankak moztu eta enborra habiara eramaten du.
Irudi hauetan berriz erleak liztor bakarraren aurrean duen erreakzioa ikusten da: inguratu egiten dute, akabatzeko. Asiako hego-ekialdeko erleek liztor beltzari aurre egiteko antzeko teknika bat garatu dute urteen poderioz. Oreka bat lortu da han. Hemen, liztorrak ez du arerio naturalik. Irtenbidea ikerketak ekar lezake.
ARTURO GOLDARACENA, entomologoa, Neiker-Tecnalia: Egokien liztor beltzarentzat tranpa bereziak jartzea izango litzateke, eta horretarako feromonen osagaiak identifikatu behar dira. Liztorrak, vespido-ek feromona mota ezberdinak dituzte. Badira batzuk ukipen-feromonak, adibidez, harrapakin bat aurkitzen dutenean kolonia osoa jakinaren gainean ipini eta erakartzeko. Abisu feromona hori identifikatzea interesgarria litzateke, gero sintetizatu eta vespa velutina-rentzat tranpa berariazkoa egiteko.
Hori epe motzera egin beharrekoa. Epe luzera, guztiek onartzen dute liztor asiarra ezabatzea ezinezkoa izango dela. Etengabeko kontrol bateratua, oreka ekologiko berria eta liztor beltzarekin elkarbizitza onartzea beste erremediorik ez da izango.
JULIAN URKIOLA; erlezaina: Kentzea, desagertzea nik uste dut ezinezkoa dela. Europarrarekin bezala berekin bizitzeko modua aurkituko bagenu asko izango litzateke lortzea.
JESUS BARANDIKA; koordinatzailea, Neiker-Tecnalia: Ez, uste dugu desagertzea oso zaila izango dela, hemen Euskadin lortuz gero ere pentsatu behar dugu Frantzian ere hor jarraitzen duela, Nafarroan ere arazo handia da, orduan hemen kenduta ere etorri egingo dira, lehen ere etorri ziren eta berriro etorriko dira, hortaz arazoa beti izango dugu, gehiago edo gutxiago ikusi behar.
Eta bada gainera konpondu beharreko beste kontu bat, liztor asiarra sartu zen moduan beste edozein espezie berriro sar ez dadin hartu beharreko neurriak. Nagusiena berrogeialdia edo koarentena.
ARTURO GOLDARACENA, entomologoa, Neiker-Tecnalia: Koarentena zera da, landare-kargamentuak ikuskatzea, ausazko azterketak egitea. Estatu Batuetan edo Australian hobe egiten dute hori Europan baino. Vespa velutina, antza, kiwi kargamentu batean iritsi zen Bordelera. Merkantzia guztiak aztertzen ez badira eta dakarten fauna eta flora zaintzen ez bada, Europa espezie inbaditzaileen bazar handi bat bihurtuko da eta hori ari da gertatzen.