Kaixo, Emilio José Cocinero naiz; Ramón y Cajal ikerlaria naiz eta ikerketa-lerro bat zuzentzen dut Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Kimika-Fisika sailean.
Funtsean molekulen egiturak ikertzen ditugu. Batez ere interes biologikoa duten molekulak, hau da, aminoazidoak, azukreak, botikak edo drogak. Oso molekula garrantzitsuak diren arren, gehienen egitura ez da ezagutzen. Molekula horiek isolatu egiten ditugu eta modu horretan haien egitura tridimensionala lor dezakegu. Zientzialariok zera onartzen dugu: harremana dagoela molekulen egitura eta haien funtzioaren artean edo, betetzen duten bioaktibitatearen artean. Beraz, maila molekularrean aztertzen ditugun arren, izaki bizidunetan bete dezaketen funtzioari buruzko informazioa lor dezakegu.
Irrati-astronomoek gure ikerketak erabiltzen dituzte molekula horiek espazioan detektatu ahal izateko, hau da, laborategian lortzen ditugun neurketak erabiltzen dituzte. Irrati-astronomoek ezingo lituzkete molekula horiek espazioan aurkitu, laborategian lortzen ditugun eta ematen dizkiegun datuak izan ezean.
Duela gutxi azukre molekulak detektatu ziren eguzkiaren antzekoa den izar bat inguratzen duen gasean. Detektatutako azukrearen egitura ezagutzen zelako izan zen a posible urkikuntza. Gainera, irrati-teleskopio oso ahaltsuak erabili zituzten.
Meteoritoetan edota molekula-hodeietan bila ditzakete molekulak irrati-astronomoek. Baina espazioa molekulez beteta, lerroz beteta dago, hau da, espektroa oso trinkoa da. Beraz, simulazio teorikoak ez dira nahiko, ezin da esan gutxi gorabehera banda honetan, eremu honetan egon daiteke. Esperimentalki neurtu ditugun molekulen bandak eskaintzen dizkiegu guk. Laborategian molekulak isolatzea lortzen dugunez, neurtutako molekulen hatz markak eskaintzen dizkiegu eta marka horiek erabil daitezke izarrarteko bilaketetan zein beste laborategi batzuetan.
Biokimikaren ikuspegitik azukreek oso interes handia dute, izaki bizidunetan funtzio askotarikoak betetzen dituztelako. Besteak beste, energia biltegiak dira, DNA eta RNAren parte dira eta zelula-prozesuetan giltzarri ere badira.
Izaki bizidunetakoen antzeko azukreak izarrartean aurkitzeak, bizia Lurrean nola sortu zen ulertzen lagunduko luke. Orain arte azukreen aldaera sinpleak antzeman dira espazioan eta azukre konplexuagoak aurkitu ahal izateko informazio zehatza izatea ezinbestekoa da. Hau da, azukre horien hiru dimentsioko egitura ezagutu behar da eta orain arte ez zegoen horrelakorik.
Azukre erreal baten egitura ezagutzera emango zuen lehen taldea izateko ikerta-taldeak lehian geunden. Azukre txikien egiturak ezagutzen ziren, baina horiek ez dira agertzen izaki bizidunetan. Guk lehen aldiz eman dugu ezagutzera erribosa azukrearen egitura. RNAn erribosa agertzen da, RNAren kanpo-egitura osatzen du. Aspalditik ezinean genbiltzan eta azkenean guk lehen aldiz lortu dugu ezagutzera ematea erribosaren egitura.
Tresna ezberdinak erabiltzen ditugu ikerketarako. Tresna horiek badute berezitasun nabarmen bat: ez dira salgai dauden tresnak, guk geuk eraikitakoak baizik. Mikrouhin espektrometro bat da atzean dudan hau. Ondoan beste teknika multzo bat dugu eta horiei esker laser espektroskopia elektronikoarekin informazioa lortzen dugu. Azkenik eraikitzen ari garen tresna daukagu. Mikrouhinen etorkizuna dela esan dezakegu eta horri esker errotazio espetro guztia lor dezakegu, baina pultsu batean, hau da, segundu batean izan dezakegu egiturari buruzko informazio guztia.
Krisiak min handia eragin digu. Gure ikerketak ikerketa-proiektuek sostengatzen dituzte. Eta zenbait proiekturen finantziazioa bertan behera utzi dute eta kasurik onenean diru kopurua jaitsi egin dute. Gainera ikasle berriak lortzeko zailtasunak ditugu une honetan, kontratu berriak edo bekak lortzeko zailtasunak eta, ondorioz, lantaldeei eusteko edota handitzeko arazo handiak ditugu. Murrizketak egin beharko dira bai, baina zientzian egiten diren murrizketa guztiek gure etorkizuna mugatzen dute.
Lan arloaren eta alor pribatuaren arteko oreka mantentzea da, horixe da ikertzaile lanaren alderik txarrena.
Atsegin duzuna egiten duzu eta askatasun handia duzu, hori da onena. Lan berri bat hasi, arazo berri bati heldu, nondik nora jo jakin ez eta, bukaerara iristea, emaitza batzuk lortzeak eta horiek interpretatzen jakiteak pozez betetzen zaitu.