Merkatuan tableta asko daude, gehienak 10 hazbete inguruko pantailarekin. Baina, azkenaldian, tableta estandar horiei ahizpa txikiak jaio zaizkie: zazpi hazbeteko pantailadunak, hain zuzen. Eramangarriagoak, eta, batez ere, merkeagoak dira. Gaur, guk, hemen daukadan honi erreparatuko diogu: Nexus 7 modeloari.
Nexus 7a Google-k atera duen lehenengo tableta da, eta Asus etxeak egin dio. 340 gramo bakarrik pisatzen ditu, eta, esan bezala, 7 hazbeteko pantaila panoramikoa dauka. Esku bakarrarekin erraz eutsi daiteke eta pantailaren bereizmena eta kontrastea oso onak dira. Tableta honen bereizgarria, batetik, eramangarritasuna dela esan dugu, eta bestetik, prezioa: 8 GB-ko modeloak 199€ balio ditu, eta 16 GB-ekoak, berriz, 249€.
Tamaina eta prezioa txikiak baditu ere, errendimenduaren aldetik ez da bat ere txiki geratzen: 1 GB-eko RAM memoria dauka, eta lau nukleoko prozesagailua. Aplikazio batetik bestera pasatzean edo HD bideoak ikusterakoan igertzen da hori. Konektibitateari dagokionez, Wifi-a bai baina 3G edo Internet mugikorrik ez dauka. Argazki-kamera ere bakarra dauka, aurrean, bideokonferentziak egiteko.
Egia da, 10 hazbeteko pantaila batekin ohituta baldin bazaude, apur bat txikia ikusiko duzula, baina tableta batetik bestera eramaten duzun horietakoa bazara, kontuan hartzeko aukera da.
Bada, Nexus 7a gustatu bazaizu eta horrelako bat nahi baldin baduzu, Teknopoliseko argazki-lehiaketan parte hartu dezakezu. Hilero, zientziari edo teknologiari lotutako gai bat proposatzen dizugu, eta gure webgunean jasotzen dugun argazkirik onenak hau bezalako tableta bat eramango du etxera.