IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Postal ederra ezta Txema?
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Aparta!
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Baina duela 100 milioi urte ez zen postal berbera izango.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Segur aski zoragarria zen orduan ere, baina ezberdina oso ezberdina. Gure planeta, Lurra, oso dinamikoa da eta pixkana aldatzen ari da. Gure eskalan ezin dira ikusi aldaketa hauek, baina gertatu, gertatzen ari dira.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: 100 milioi urte eta lehenengo geldialdia egingo dugu. Esan duzu hemen ikaragarrizko adibidea duzula.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Hori da. Duela 100 milioi urte Donostia nolakoa zen erantzuteko hona ekartzen dut jendea.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Arrasto batzuk ikusten ditut baina...
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Bai, adar edo behatz moduko batzuk ikusten dira eta beheko plano honetan puntutxoak. Nik hau erakutsiko banizu?
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Zer da?
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Hau koral bat da, gaur egungo koral bat, eta hau ere korala da, baina adar ikaragarri bat, erraldoia. Hemen adarrak ikusten ditugu, eta hemen mozten baditugu adarrak horrela gelditzen dira. Orduan, duela 100 milioi urte hemen egongo ginateke arrezife batean, gaur Bahamas edo Kariben daudenak bezalakoak, elementu oparo askorekin koralak, belakiak, errudistak,... denetik.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Harri hau nondik ekarria da?
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Segur aski Hernanitik, Santa Barbara aldean zen harrobitik.
Ibilaldi geologikoa aurrera doa. Bidean, orain ikusi ditugun fosilak zapalduz goaz. Fosil hauek sortu zirenean, Euskal Herria ia osoa urpean zegoen eta Errioxan dinosauroak zebiltzan. Orduan sortutako kareharri grisa nonahi dago Donostiako zoru zein hormetan eta, jakina, baita, duela 100 milioi urte bizi ziren izakien arrastoak ere.
Konturatzerako 35 milioi urteko jauzia egin dugu. Arroka arrosa hauek ez ziren arrezifeetan sortu. Kareharria da, baina ez grisa bezain lehengai ona. Hormetako betelana egiteko erabili zuten, hemen bezala.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Zergatik ez ditugu fosilak, errudistak eta horrelakoak ikusten? Ba beste leku batean sortu zelako, 200 metroko sakoneran, itsas plataforma batean, eta orduan hemen lohia zegoen; plankton maskor txikiak aurkitzen ditugu, baina bistaz ezin dira ikusi. Aurkitzen ditugunak dira harren edo xixareen arrastoak, mugitu edo jaterakoan egindako pistak. Adibide bat ekarri dut. Hau lohia zenean xixare bat mugitzen joan zen, jaten, eta aldi berean kaka egiten.
Altza inguruan ziren arroka hauen harrobiak. Lorotopea edo Pico del Loro ezaguna ere kareharri arrosazkoa da eta hauek seguruenik handik ekarriak dira.
Baina Donostian arroka ezagunik bada hareharri marroi horixka hau da. Eraikin ezagun gehienak halakoarekin eginak daude. Uliatik hasi eta Jaizkibel bitarteko mendi guztia hareharria da eta inguru horretatik, Uliatik batez ere, ekarri zuten hiria berreraikitzeko lehengaia, XIX mendean, tropa ingelesek eta portugaldarrek Donostia suntsitu ondoren. Izen propioa dute arroka hauek, turbiditak edo hareharri turbiditikoak, sortu zireneko prozesuagatik.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Arroka honen agerpenak izugarrizko aldaketa egon zela suposatzen du. Nondik gatoz? Ba itsas plataforma batetik, kareharri suabeak agertzen dira arrosak eta bat-batean hareharri multzo hau iristen da, nonbait mendi handiak sortzen ari direlako eta korronteak, harea korronteak bidaltzen dituzte hona. Non gaude orain? Ba itsas sakon batean, arroila erraldoi bat dago eta arroila hauetatik etortzen dira korronte hauek.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Eta harea pilatuz doa.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Bai, oso azkar.
Uhertasun korronteak aztertzeko laborategiko saiakuntza hauek bi kilometroko sakoneran gertatu zen pilaketa errepikatzen dute.
Ongi begiratuz gero sortu zireneko prozesuak utzi zituen arrastoak ikusten dira: hareak pilatzean gertatu zen geruzapean, adibidez, eta marra beltz hauek ere ordukoak dira: platertxoak deitzen diete.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Bai, horiek dira platertxoak. Hemen ikusten ditugu gainetik eta nahi baditugu zeharka ikusi hor ditugu.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Ura gorantz irteten zen, horrela, eta bultza egiten zuen.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Bai horrelaxe, eta plater itxura hartuko luke.
Platertxook sortu ziren norabide berean daude, etzanak alegia, eta hauek berriz bertikalean ipini zituen harginak, eta moztuak.
Pixka bat atzera eginda, duela 300 milioi urte, Oiartzun inguruan hau ari zen gertatzen. Orain arte ikusitako arroka guztiak sedimentarioak izan dira, baina bada bestelakorik. Lurraren barrutik masa igneo bero bat gora igotzen hasi zen,eta horrela sortu zen Aiako Harria. Magma hori ez zen azaleratu, baina berotasunak eta presio ikaragarriak inguruko arrokak eraldatu zituen, arroka metamorfiko bihurtuz. Hauek bezalakoak, baina hauek kanpotik ekarriak dira. Magma hoztean sortu ziren Aiako harriak. Arroka magmatikoak edo igneoak, granitozkoak.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Adibidez, hau. Hau ez da Aiako Harrietakoa, baina oso antzekoa da, Aiako harria ez da erabili eraikuntzan. Hau kanpotik ekarritakoa izan arren oso antzekoa da: mika, kuartzoa eta feldespatoa, hiru mineral hauek aurkitzen dira granito mota guztietan. Kuartzoa, zuria, mika, hauek eta feldespatoa, horixkak direnak. Hau granitoa da eta hau ere bai, Aiako Harrietan hartutako puska bat, eta konparatzen baditugu oso antzekoak dira. Hiru osagai hauek beti presente daude.
Donostiako harresia, horixe da gaurko ibilbidearen helmuga. Ikusi eta ezagutu ditugun arroka guztiak nahasian erabili zituzten hau eraikitzeko.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Hau kareharri fina, eta hemen kareharria, turbiditak.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Ur arrasto eta guzti.
TXEMA HERNANDEZ; geologoa: Hori da, geruzapena argi ikusten da. Toki aparta da hau bukatzeko.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar Fundazioa: Ederki, eskerrik asko lezioagatik!