Transkripzioa ikusi [+]
Turismo-bidaiak asmakizun berria dira. XX. mendearen hasierara arte, bidaitzen zuenak halabeharrez edo zerbaiten bila egiten zuen, ez plazer hutsagatik. Izan ere, bidaiak erronka zail eta neketsuak izan dira historian zehar. Baliabide mekanikorik oraindik asmatu gabe zegoen garaian, oinez eta eguneko 25 kilometro inguru mugi zitekeen bidaiaria; zaldiz berriz, 30 bat. XVI. mendeko kronika batek jasotzen duenez, Salamancatik Sevillarako 470 kilometroak egiteko hilabete pasa behar izan zuen talde batek. Bidaiatzeko edo garraiorako modurik azkarrena itsasontziak ziren; egunean 100 kilometrotik gora egin zitzaketen. Iraultza industrialak aldatu egin zuen hori guztia, baina poliki-poliki, hala ere: XIX. mendeko lehen lurrun-trenek orduko 25 kilometro egiten zituzten gehienez; orduko 100 kilometroak 1899an gainditu zituen automobil batek. Lehen hegaldi transatlantikoak 54 ordu iraun zuen. 1919a zen. Gaur, abiadura handiko trenek orduko 500 kilometro ere egiten dituzte, eta, hegazkin tripulatu azkarrenek, 3500. Mundua geroz eta eskuragarriago dugu, geroz eta azkarrago mugitzen gara; bainaberezkoa dugu agian: orduko 100.000 kilometroko abiadan doan planeta baten gainean goaz.