Luisek, Josuk eta Pedrok mapak egiten dituzte. Euskal Herriko Unibertsitateko
Gaikako Kartografia eta Informazio Geografikorako Sistemari buruzko taldeko kideak dira hiruak. Era guztietako mapak eraikitzen dituzte, geologikoetatik hasi eta landarediari buruzkoetaraino, eta baita arkeologikoak ere. Duela ez askotik gainera zeregin horretan tresna indartsu bat dute lagun, LIDAR deituriko lurraren eredu digitalak. Gaur, Arabako Valdegovia-Gaubea ingurura etorri gara sistema horren zenbait erabilpen ezagutzera.
Luis Eguiluz; EHU: Lidar mapak 10 bider zehatzagoak dira orain arte erabili izan ditugun eredu digitalen aldean. Sistema honen bidez 2 edo 3 zentimetro dituen azalaren aldaketak ere antzeman genitzake.
Labur esanda, laserraren bidez egiten den lurrazalaren eskaner moduko bat dira mapa hauek. Aipatutako zehaztasunaz gain beste ezaugarri bat ere badute, oso erabilgarria gainera: laserrak lurrean errebotea egin ondorengo neurketak emango digu mapa, baina toki bakoitzean errebote ezberdinak jasotzen dira, hala nola laserrak zuhaitzetan edo sastraketan, edo eta eraikinetan jotzean bueltatzen dena.
Luis Eguiluz; EHU: Irudi horretatik gehiago atera ditzakezu: zuhaitz-tontorrena mapa bakarrik, sastrakena, edo lurrarena soilik. Egin behar duzuna da errebote hori irudikatzea.
Luis Eguiluz; EHU: Begira hemen, inguru hau guztia landaretzak estaltzen duenez, ez dute ikusi tolestura hau. Horrela garai bateko mapak zituzten akatsa konpondu ditzalegu.
Hain aurreratua egonagatik sistema honek ez du kentzen landa-lana, are gehiago, inoiz baino osagarriagoak dira biak. Pedro Leon arqueologoa da eta hasieratik garbi ikusi zuen mapa hauek zertan lagun ziezaioketen bere lanean.
Pedro Leon; EHU: Horrelako tokietan adibidez oso eraginkorra da LIDAR sistema.
Toki honetan adibidez oso erabilgarria suertatu zaizkio. Uribarri-Gaubeatik
gertu dagoen Mardones eremuan herriska bat izan zen Erdi Aroan. Lidar mapen bidez herriskaren muga zehatzak zeintzuk diren ezagutu ahal izan dira.
Pedro Leon; EHU: Mardonesko eremuaren kasuan, basoak, mugak ezartzeko zailtasunak ematen zizkigun. Orain Lidarrekin herriskaren egitura garbia ikus daiteke eta elementu berriak ere aurki daitezke Lidarrarekin, sasien artean kamuflatuta zeudelako, ezkutatuta.
Horrela, garbi jasotzen da zein sail babestu behar den, egunen batean indusketarik balego.
Pedro Leon; EHU: Hemen agerian dago egituraren zati bat, harresia bistan da. Ikusten da ez dela elementu natural bat, artifiziala bazik.
Lidarrek emandako datu berriekin Autonomia Erkidegoko ertaroko herrisken katalogoa bukatu dute dagoeneko eta Bizkaiko aztarna arkeologikoen inbentarioa egiten hasiko dira laster.
Erabilera gehiago eta askotarikoak dituzte LIDAR mapek, hala nola, baso batean zenbat egur dagoen kalkulatu daiteke, zorutik zuhaitz-tontorretarainoko errebote ezberdinak baliatuz edo linea elektrikoen jarraipena egitea ere badago, helikopteroa erabili ordez, mapen zehaztasunaren laguntzaz. Josu Jungitu beste erabilpen bat ematen ari zaio laser bidezko kartografiari. Valdegovia-Gaubeako mapa geomorfologikoa ari da osatzen bere doktorego tesirako, Luisen zuzendaritzapean. Lidarrak erakusten duen lurrazalaren morfologia eta zorupeko egituraren arteko harremana ari da frogatzen. Alegia, mapan ikusten diren egitura geologikoak eta ikusten ez denaren lotura. Horretarako lurra toki jakinetan zulatuz laginak hartzea litzateke bidezkoa eta zuloa egina aurkitu du Josuk: ureztatze-sare bat egiten ari dira haran guztian eta 70 kilometro zanga zabaldu dituzte.
Josu Junguitu; EHU: Adibidez, geruza hau, hemendik hona, nekazal lurra da, hau transizio geruza bat da eta behean alubioi-metaketa dugu. harri hauek ia borobilak dira, horrek esan nahi du bere jatorria alubiala dela; guk badakigu harri batzuek ez direla hemengoak, adibidez kuartzoa antiklinal hortatik etorri da.
Luis Eguiluz; EHU: "Ba ez, ez da karbonatoa, adarra jo digu, antiklinaletik etorritako lohi-harea da"
Era honetan, lurralde baten jatorri geomorfologikoa ezagutzea posible da, zer gertatu den eta noiz. Laginetako mikrofosilak datazioa egiteko aztertuz, adibidez. Geologikoki hitz eginez, nondik gatozen, nola iritsi garen eta batez ere, norantz goazen, horixe da azkenean mapa geomorfologiko baten balio praktikoa.
Luis Eguiluz; EHU: Erosioa non izan den jakiten da, erliebea non ari den aldatzen horren ondorioz, non lurra galtzen eta non metatzen, baina batez ere erabilpen praktikoa ematea da garrantzitsua: lur mugimendu handiak non gerta daitezkeen, mendi-hegiak aldatu, euriteak daudenean lur-jauzi arriskutsak izateko guneak, hori da helburua.
Bukatzeko, GPSarekin geoerreferentzia datuak jasotzen dira eta Informazio Geografikorako Sisteman sartzen dira, Lidar eta bestelako mapekin batera. Eremu honen erliebe zehatza jakiteaz gain, lurpeko egitura ere azalduko da datubase horretan. Informazio horrek lurraldearen kudeaketa erraztuko du, bertan azpiegiturak, hirigintza edo nekazaritzari lotutako ekintzak hobeto planifikatzeko.
Azkenean,Valdegovia-Gaubeako lanen emaitza honelako mapa bat izango da., Trebiñuko Araiko mendizerrako mapa geomorfologiko hau bezalakoa. Hurrengo pausoa Autonomia Erkidego osoko mapa da, baina momentuz, geologian denbora bezala, mantso doa proiektua.