Sarritan agertzen dira komunikabideetan kainu bat haustearen ondorioz ura edo gasa moztu behar izan dela iragartzen duten albisteak. Kontu handiz eginda ere, hondeamakina batekin lurra zulatzeak baditu bere arriskuak.
Zulorik egin gabe, modu ez inbaditzailean, lur azpiko elementuak detektatzeko aukera ematen duen tresna baliagarria da georadarra. Ordenagailu bati konektatuta doan antena bat daraman orga bat da.
Zoruaren gainetik igarotzean, antenak pultsu elektromagnetikoak igortzen ditu lur azpira. Propietate elektriko desberdinak dituen material bat topatzean, seinaleak errebotea egiten du, kontrol-unitateak jaso eta irudi edo radargrama hauek sortzen ditu. Elementu jakin hori zein sakoneratan dagoen jakiteko, seinaleak joan eta etortzeko behar izan duen denbora neurtzen da.
NAHIKARI ELEXPE; WideWorld: Oro har, frekuentzia altuko antena bat erabiltzen duzunean, gehiago jaits zaitezke lur azpian, baina bereizmena galdu egiten duzu. Bueltatzen den uhinak ez dauka hain bereizmen ona, eta irudien kalitatea ere galdu egiten da, pixka bat. Bereizmenik onena goiko geruzetan lortzen da, bi edo hiru metroan.
WideWorld enpresan prospekzio geofisikoak egiten dituzte, besteak beste. Georadarra da erabiltzen duten tekniketako bat; ez bakarrik eraikuntza-lanak hasi baino lehen ur-, argindar- edo gas-lineak detektatzeko, baita beste hainbat elementu kokatzeko ere: hala nola zuloak, maila freatikoak edo aztarna arkeologikoak.
Ohiko laginketetan, sakonera gutxiko hondeaketak egiten dira lur-eremu jakin bat aztertzeko. Metodo inbaditzailea izateaz gainera, hondeaketa egin den tokian bertan zer dagoen erakusten du, baina ez besterik. Inguruari dagokion informazioa estrapolatu egin behar da. Georadarrarekin, berriz, eremu horren puntu bakoitza azter daiteke, modu azkarrago eta merkeagoan, gainera.
Georadarrak duen desabantailarik handiena da lortzen diren datuek aditu baten interpretazioa eskatzen dutela. Makina maneiatzen duenak geologoa izan behar du, eta radargramen interpretazioan eskarmentu handia eduki. Horregatik, WideWorld-eko arduradunak Robotikerrekin harremanetan jarri ziren. Datuen interpretazioa errazago egingo zuen software bat garatzea zuten helburu.
NAHIKARI ELEXPE; WideWorld: Robotikerrekin harremanetan jarri ginen, teknika oso berezia delako, eta azkenean, beti behar duzulako pertsona aditu baten ezagutza diagramak ematen duen emaitzak interpretatzeko. Karroa pasa ahala, datuak interpretatzeko gai izango zen software bat egitea nahi genuen.
Robotikerreko teknikariek topatu zuten lehen erronka georadarrak ematen duen irudiaren kalitatea hobetzea izan zen. Horretarako, seinalea nabarmendu eta zarata kendu behar izan zioten, sistema gai izan zedin hiru elementu-mota detektatzeko eta identifikatzeko: hodiak, hutsuneak eta deposituak.
Baina, sistemak nola daki aurkitu duen hori kainu bat dela, eta ez hutsune bat? Gizakiok esperientziak pilatzearen poderioz ikasten dugun bezala, adimen artifizialean oinarritutako sistemek topatu berri duten elementuaren ezaugarriak alderatzen dituzte datu-basean gordeak dituztenekin. Baina, guk irudi eta soinuak jasotzen ditugu, eta haiek informazio bitarra besterik ez dute alderaketa hori egiteko. Alegia, zeroak eta batak.
ARTZAI PICÓN; Robotiker-Tecnalia: Horretarako, sistema entrenatu egin behar da adibide askoren bitartez. Eta adibide horiek gerta daitezkeen kondizio guztietan hartu behar dira: hondarrezko edo buztinazko zoruetan, plastikozko edo metalezko hodiak topatzeko, hodi handiagoak edo txikiagoak topatzeko... Hala, sistema gai izango da eredu horiek guztiak automatikoki sortzeko. Sistema honek duen gauza onetako bat da automatikoki entrenatzen, ikasten, doala; elementu horiek identifikatzea errazten dioten ezaugarriak topatzen doala.
Robotikerrek garatutako softwarea gai da lur azpian topatu duen elementua zer den esateko. Hala, georadarra maneiatzen duen pertsonak ez du radargrametan aditua izan beharrik. Aplikazioak badu beste abantail bat ere: informazioa tokian bertan ematen du.
ARANTZAZU BERECIARTUA; Robotiker-Tecnalia: Tresnak dakarren softwarearekin, datuak offline interpretatu behar dituzu, hau da, bulegora eraman eta hurrengo egunetan prozesatu. Gure sofwareak, berriz, informazioa jasotzen duen une berean ematen dizu. Segundo batzuetako atzerapen txiki bat dago, irudia prozesatzeko erabiltzen duen denbora, baina informazioa une horretan bertan daukazu. Hala, nahikoa ziurtasunekin esan diezaiokezu zure bezeroari puntu jakin baten azpian hodi bat, hutsune bat edo dena delakoa dagoela.
Sistemak GPS-hargailu bat ere badu, radargramaren puntu bakoitza koordenatu geografiko batzuei lotzeko. Oso baliagarria da, adibidez, lur azpiko mapa zehatzak eraikitzeko.
Gainera, Robotikerrek garatutako tresnak aplikazio berriei ireki die atea, hala nola errepideen kontrolari, edo gure oinen azpian zer dagoen zehazki jakitea eskatzen duen beste edozein jarduerari.