Garunaren konplexutasunak eta hura ikertzeko zailtasun fisikoak misterio, mito eta sinesmen faltsu ugari sortu ditu organo honen inguruan. Hona hemen kalean entzuten ditugun gezurretako batzuk:
Burmuinaren ehuneko hamar soilik erabiltzen dugu
Herri-sinesmenen artean zabalduenetakoa da, baina ez da egia: Bai, garuneko zelulen ehuneko hamar dira neuronak, baina burmuineko irudiek erakusten dute zati guztiak aktibo egoten direla neurri batean edo bestean.
30 urtetik aurrera, ez da neuronarik jaiotzen
Garunaren birsortzeko ahalmena beste organoena baino txikiagoa bada ere, burmuin heldu batek neurona berriak garatu ditzake; prozesu horrek neurogenesia du izena. Neurona berriak hipokanpoan jaiotzen dira, oroimenarekin eta ikastearekin lotutako aldean, eta zelula amek sortzen dituzte.
Ezkerrek hizkuntza-gaitasuna eskuineko hemisferioan daukate
EZ: pertsona batek eskuineko edo ezkerreko eskuarekin idazteak ez du ziurtatzen garunaren zein aldetan kokatzen zaion hizkuntza-gaitasuna. Egia da eskuinen ehuneko 95ek ezkerreko aldean duela gaitasun hori, baina ezkerren ehuneko 18k soilik dauka hizkuntza-gaitasuna eskuinean.
Burmuinaren tamainak garrantzia du pertsona baten adimena neurtzeko
Tamainak baino gehiago, neurona-kopuruak eta neuronen arteko konexioek dute zer ikusia pertsona baten adimenarekin. Burmuinaren tamaina pertsonaren beraren tamainari lotuta dago: beste organo askorekin gertatzen den antzera, gizonen burmuina emakumeena baino handiagoa da, baina katxaloteena ere gizakiona baino handiagoa da eta katxaloteak ez dira gu baino adimentsuagoak.
Gizonen eta emakumeen burmuinak oso desberdinak dira.
Badira desberdintasun batzuk, baina zientzialarien artean ez dago adostasunik haiek zenbaterainoko esanguratsuak diren esateko. Gainera, sexu bereko bi garunen artean desberdintasun gehiago topa daitezke gizonen eta emakumeen burmuinen artean baino.
Bikiek izaera berdintsuak izan ohi dituzte, nahiz eta bananduta hazi
Hori ere oso mito entzuna da. Baina egungo ikerketek diotenez, inguru desberdinetan hazi eta hezitako bikien arteko kointzidentziak horixe besterik ez dira: kointzidentzia hutsak. Oraindik ez da aurkitu genio txarra izatea edo gozozalea izatea erabakitzen duen generik.