Lau gene berri
Leuzemia linfozitiko kronikoaren lau gene adierazgarri berri aurkitu dituzte. Helduek jasaten duten leuzemia-mota zabalduena da era horretakoa. 2.500 gaixo eta 5.700 pertsona osasuntsuren geneak alderatu dituzte ikerketa garatzeko. Lau gene horien aurkikuntzarekin, guztira 10 gene dira, egun, gaixotasunaren adierazgarri direnak. Minbiziaren Ikerketarako Europako Institutuak egin du ikerketa, eta azaldu dute, gainera, badirudiela gaixotasuna heredatu egin daitekeela.
Espazio-ontziak babesteko sentsoreak
Espazio-ountziak babesteko sistema bat garatu du Inasmet zentro teknologikoak, Valentziako eta Kataluniako zenbait enpresarekin elkarlanean. Zuntz optikoz egindako sentsoreetan oinarritzen den monitorizazio- sistema bat da. Hari esker, espazio-ontziek inguruan duten babes termikoko ezkutuak zer tenperatura hartzen duen jakin dezakete. Izan ere, ezkutu horren elementuak dira espazio-ontzien gunerik sentikorrenetako bat, tenperatura altuena jasan behar duena.
Arrainek ere kideak zigortzen dituzte
Gizakiak balira bezala, arrainek ere kideak zigortu ditzakete, kideak beste hirugarren batekin modu desegokian jokatzen badu. Hala dio Londresko Zoologia Elkarteak Labroides Dimidiatus espezieko arrainekin egindako ikerketak. Arrain tropikal txiki horiek arrain handiagoei bizkarroiak kentzen dizkiete, eta, bide batez, bizkarroi horietaz elikatzen dira. Science aldizkarian kaleratutako ikerketa horren emaitzek diotenez, emeek arrain handiak gogaitu eta hozka egiten badiete, arrek atzetik jarraitu eta zigortu egiten dituzte.
CES 2010
Munduko teknologia-ekoizle nagusiek aurkeztu dituzte jada aurtengo berrikuntzak urteko elektronikaren azoka garrantzitsuenean; CES 2010ean. Nexus One mugikorra da horietako berrikuntza bat, Googlek merkaturatu duen lehen mugikorra. Azpimarratzekoa da, halaber, enpresa gehienek 3D teknologiaren alde egin duten saiakera. Hala, urte-amaierarako 3Dko teknologiarekin bateragarriak izango diren telebistak iragarri dituzte. Liburu elektronikoen 20 modelo baino gehiago ere aurkeztu dituzte bertan.