Garai bateko eskoletan haurrek arbeltxoak erabiltzen zituzten marrazteko edo/eta kaligrafia praktikatzeko. Arbeltxo haien gaur egungo bertsio digitala honako hau bezalako libretak dira. Oharrak idazteko edo, besterik gabe, zirriborroak egiteko balio dute. Honek 8,5 hazbeteko LCD pantaila bat dauka, eta stylus edo arkatzarekin egiten dugun presioaren arabera, lerro fin edo lodiagoak egiten ditu. Pantaila ezabatzeko balio duen botoi bakar bat dauka, eta une horretan soilik kontsumitzen du bateria.
Beste modelo hau, berriz, zertxobait aurreratuagoa da. Pantaila 10,5 hazbetekoa da eta 8MB-ko barne-memoria dauka oharrak gordetzeko. Gero, USB konexio baten bitartez, ordenagailura bidali daitezke. Evernote aplikazioarekin bateragarria da, beraz, oharrak etiketekin sailkatu eta hodeian gorde daitezke, edozein gailutik ikusi ahal izateko.
Eta hemen daukadan hau telefonoa eta tabletaren arteko hibrido bat da. Bere berezitasun nagusia arkatz honek ematen dituen aukerak dira. Adibidez, posta, bilatzailea edo mapak irekitzeko lasterbideak sor ditzakezu, pantailan ikur bat marraztuta.
Oharrak idazteko aplikazio bat dauka, eta, nahi izanez gero, arkatza atera bezain laster irekitzeko konfiguratu daiteke. Hainbat tresna ditu: marrazteko, formak ezagutu eta zuzentzeko, eta testua ezagutzeko. Gaztelaniaz hobeto funtzionatzen du, idazketa prediktiboa erabiltzen baitu, eta, zoritxarrez, ez dauka euskarazko hiztegia txertatuta.
Samsung Galaxy Note-ren bigarren bertsioa da eta, ikusten duzuen bezala, 5,5 hazbeteko pantaila handi bat dauka. Telefono gisa baldar samarra da; hatz bakarrarekin ezinezkoa da pantailaren mutur guztietara iristea, baina arkatzari etekina ateratzen jakinez gero, oso aukera interesgarria.