Aurkezpena:
Burmuinaz hitz egiten jarraitu behar dugu, baina gai zehatz baten gainean: memoriaz bi hitz.
Memoria
Burmuinean behar bezala sartu eta txoko bat aurkitu ondoren, estimuluak jaso eta gogora ekartzeko gaitasuna da memoria.
Bizitzako lehen hilabeteetan memoriak batez ere sentsazioak eta emozioak gordetzen ditu. Geroago mugimenduak errepikatu eta grabatuz joaten dira, jokaerak ikasiz. Azkenean, ezagutzaren memoria garatzen da.
Ezagutzaren memoria datuak barneratzetik abiatzen da. Datuak ondo barneratzeko, ezinbesteko dira arreta eta kontzentrazioa. Une horretan ikasi edo gogoan hartu nahi denaz bestelako elementuak gertatzen badira, datuak ez dira ondo gordeko. Edo pertsonak egoera emozional zailak bizi baditu ere, nekez barneratuko ditu datu hotzak.
Informazioa biltzeaz gain, ezinbestekoa da informazioaren barne-antolamendua. Burmuinak lan hori ondo egiteko, mekanika eta ohitura zehatzak lagungarriak izaten dira.
Azkenik, fase klabea dator: gordetakoa gogora ekartzea. Bildutakoa ongi sailkatu baldin bada, burmuinarentzat errazagoa izango da aurkitu eta erabiltzea. Baina hori ez da nahikoa, askotan adinak, osasun-arazoek eta egoera emozionalek eragina dutelako memoriaren lanean.
Konturatu barik edo konturatuta, etengabe erabiltzen dugu memoria, eta horrek, neurri handi batean, egiten gaitu gizaki.