Felix Goñi, lipidoen arloko Europako ikerketa onenaren Avanti saria

2013/03/04

Félix Goñi irakasleak, Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak eta Biofisika Unitateko zuzendariak (CSICen eta UPV/EHUren zentro mistoa), Europako Avanti saria jaso du. Avanti saria lipidoen arloko ikerketarako munduko garrantzitsuena da. Orain arte Amerikako Biofisika Elkarteak (Biophysical Society) ematen zuen, baina aurten, lehenengo aldiz, Biofisika Sozietateen Europako Elkarteak (EBSA) ere emango du. Saria emateko ekitaldia uztailaren 13tik 17ra bitartean Lisboan egingo den Biofisikako Europako IX. Biltzarrean egingo da.

Sari berri honen helburua da lipidoen biofisika ulertzeko Europako ekarpen zientifiko garrantzitsuenak ezagutzea, metabolismoa, entzimologia, egitura eta mintzak barne. Lipidoek askotariko materiak biltzen dituzte; gorputzeko gantzak, oliba olioa edo zelula biziak estaltzen dituzten mintz delikatuak. Goñi irakaslearen kasuan, sari honekin "heriotza zelular programatua" eragiten duten mintz zelularren zenbait lipidori buruzko bere lana aintzatesten da batez ere; funtsezko prozesu bat baita enbrioi garapenean eta minbiziaren aurkako defentsa naturaletan.