Maria Vallet eta Carmen Reinhart, Honoris Causa doktore izendatuko ditu EHUk

2013/03/12

María Vallet Regí Kanaria Handiko Las Palmasen jaio zen 1946an. Kimika Zientzietan doktoratu zen Madrileko Unibertsitate Konplutensean eta 1990az geroztik unibertsitate horretako Farmazia Fakultatean dihardu lanean, Kimika Ez-organikoaren Katedra plazan. Aitzindaria da Espainian biomaterialen irakaskuntzan eta ikerkuntzan, eta ekarpen garrantzitsuak egin ditu traumatologian, odontologian eta ehunen ingeniaritzan erabiltzeko zeramikazko biomaterialen eta beste biomaterial
batzuen arloan. Izan ere, munduan berak erabili zituen lehenbizikoz silize-material mesoporotsu ordenatuak hezurren birsortzea eragiteko, eta berak diseinatu zituen lehenbizikoz material horiek, farmakoen liberazio kontrolatua lortzeko sistema gisa. 2008an Ikerketa Sari Nazionala eman zioten.

María Vallet Teknopolisen elkarrizketatzeko aukera izan genuen:
http://teknopolis.elhuyar.org/erreportaiak/maria-vallet-biomaterialak-ez-dira-zientzia-fikzio/

Carmen Reinhart La Habanan (Kuba) jaio zen 1955an. Columbia Unibertsitatean doktoratu zen, eta “Real Exchange Rates, Commodity Prices, and Policy Interdependence” izenburua zuen tesia Robert Mundel irakasleak zuzendu zion. Nazioarteko Diru Funtsako ikertzaile eta ikerketa-zuzendari izan da. Gaur egun, Harvard Kennedy School-en ari da, “Minos A. Zombanakis Professor of the International Financial System” gisa. Nazioarteko ekonomia eta finantzak ikertu ditu, gehienbat, bere ibilbide
akademiko luzean, eta arreta bereziaz aztertu ditu finantza-krisiak eta zorraren krisiak. Berebiziko aitorpena lortua du nazioartean bere azken liburuari esker, Kennet S. Rogoff-ekin batera egindakoa, “Esta vez es diferente: ocho siglos de necedad financiera” (Fondo de Cultura Económica, México y Madrid, 2011). Liburu horretan, historiaren azken zortzi mendeetan gertatutako finantza krisi handien zergatiak eta ondorioak aztertzen dira.