2020/09/21
Gaur goizean aurkeztu da Teknopolis zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuen, asteburu honetan abiatuko da, ETB1en larunbatean eta ETB2n igandean; bietan, ordu berean: 13:30ean.
Koronabirusak baldintzatutako denboraldia izango da, dudarik gabe, eta egoera horri erantzuteko prest dator. Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera izango dira.
Prentsaurrekoan Leturiak azaldu duenez, osasun-krisi honek agerian utzi du Teknopolis bezalako saioen beharra. Informazio egiazkoa, zehatza eta fidagarria eskatzen ari da jendea, eta behar hori asetzea izango da aurtengo erronka nagusia. Aurrekoetan bezala 23. edizio honetan ere sortu zeneko funtzioa zintzo beteko duela adierazi du Leturiak: “Teknopolisek hor egon behar du, eta hor egongo da, jendearen galderei erantzun bat emateko”.
Ana Galarraga Aiestaranen, Elhuyarren Zientzia Unitateko kidearen laguntza izango dute horretarako. Izan ere, jarraipen estua egiten ari zaio Galarraga COVID-19ari, eta atal berezia izango du saioan. Koronabirusari buruzko azken berriak, jakingarriak eta oinarrizko informazioa eskainiko ditu bertan.
Guztion egunerokoa hankaz gora jarri duen gaitzaz gain, saioan ohikoak diren zientzia eta teknologia gaiak ere ez dira faltako.
Prentsaurrekoan, lantzen ari diren gaietako batzuk aurreratu dituzte, hala nola intsektuen gainbehera, arraunaren teknologia edota altimetriak egiten dituen txirrindulari talde bati buruzko erreportajeak.
Aurkezpena Tknikan, Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroan, izan da. Amaia Esquisabel Alegría Eusko Jaurlaritzako Ikerketa-zuzendariak, agerian jarri ditu zientzia, teknologia, hezkuntza eta ikerketaren zereginak: “Gaur egun, batez ere bizitzen ari garen pandemiaren testuinguru honetan, inork ez du zalantzan jartzen zientziaren eta teknologiaren, hezkuntzaren eta ikerketaren zeregina, gure gizartearen etorkizunerako eta garapenerako. Teknopolisek gure unibertsitateen eta ikerketa-zentroen, eta gure ikertzaileen ateak irekitzen dizkigu asteburuetan, zientziari eta teknologiari buruzko gaurkotasuna gizarteari ezagutarazteko eta horrela eskuragarriago egiteko eta zientziaren pertzepzioa eta ulermena hobetzeko”.
Xabier Aurrekoetxea Basañez ETB1eko programa-zuzendariordeak, halaber, Iñaki Leturiak esandakoa berretsi du. Haren aburuz, gaur egun bizi dugun pandemia-egoera berri honek, gaurkotasunaren erdigunera ekarri ditu Teknopolisek jorratzen dituen gaiak. Berebat, saioak ETBren programazioan egindako ibilbide bikaina gorapatu du, zientzia eta teknologiaren dibulgazioa erakargarri eta beharrezko bihurtu baitu.
Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko zientzia unitateko zuzendariak, bere aldetik, azpimarratu du Teknopolis komunitate zientifikoaren bozgorailu dela: “Euskal Herriko zein mundu zabaleko berrikuntza, teknologia eta zientzia-albisteak ekarriko dizkigu, beste urte batez, Teknopolisek etxera. Eta inoiz baino gehiago izan nahi dugu komunitate zientifiko horren bozgorailu: egiten dutena modu dibulgatiboan zabaltzen, euren beharra nabarmentzen, ikuspegi etikoan eta kritikoan sakonduz eta zientzia-politiketan eragiteko beharra agerian utziz”.
Bukatzeko, Andonegik eskerrak eman dizkie Teknopolisen edizio berrian babesle eta lankide diren erakundeei, saioari emandako laguntzarengatik: EITB, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Jasangarritasuna eta Ingurumena Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa, Euskal Energiaren Erakundea, eta FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa.
Babesleak: