2021/01/29
Teknopolisen Gaueko izakiak kapitulua aukeratu dute #LabMeCrazy! Science Film Festival-eko finalista izateko. Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren ekimena da jaialdia, eta zientzia gazteei hurbiltzea du helburu.
2021eko otsailaren 1etik 4ra, #LabMeCrazy! Science Film Festival ospatuko da, eta Teknopolis finalista da telebistako programen kategorian, zientzia-dibulgazioko beste programa batzuekin batera, hala nola El método eta Órbita Laika. Jaialdiaren programazio osoa online ikus daiteke bere webgunean, eta ikusleek publikoaren saria aukeratzeko botoa emateko aukera dute.
Gaueko izakiak izeneko kapitulua 2019ko urriaren 5 eta 6ko asteburuan emititu zen ETBn, eta gaueko animalia ikoniko bat izan zuen protagonista: saguzarra. Inguruko natur ondare aberatsa zaintzeko Gipuzkoako Alkiza herriak abian jarri zuen proiektuaren eskutik, saguzarren bila ibili ginen Ernio inguruan. Eta baita aurkitu ere! Beste izaki batzuek ere maite dute iluntasuna: espeleologoek, hain zuzen. Belagoatik gertu dagoen Larrako parajeetan haiekin sartu ginen lurpean, munduko leizerik sakonenetako bat esploratzera. Eta “Atariko Proban” Kristina Zuza UPV/EHUko irakaslea ezagutu genuen. Gauez zeruari begira egoteko zuen afizioak bultzatu zuen fisika ikastera.