Teknopolisen 'Gau bat muturluzearekin' erreportajea, irabazle Euskadiko Ingurumen kazetaritzako III sarietan

2017/06/22

Elhuyarrek ekoitzitako Teknopolis telebista-saioko Eider Carton Virto eta Begoña Zubia Gallastegi kazetariek irabazi dute Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako hirugarren edizioaren sari nagusia, “Gau bat muturluzearekin” erreportajeagatik.

Erreportaje hori urrian eman zen, Euskal Telebistan, eta muturluze piriniotarra du protagonista, satorren familiako animalia berezi eta ezezaguna. Hain zuzen ere, muturluzeak erreken osasunaren muturreko adierazleak dira, oso ur garbiak behar baitituzte bizitzeko, eta orain galzorian dago. Life Irekibai proiektuaren bidez, muturluzea ikertzen ari dira Nafarroa eta Gipuzkoako erreketan, haren egoera hobetzeko asmoz. Artikutza da lan hori egiteko aukeratu duten lekuetako bat, eta han egin zuen grabaketa Teknopolisen lantaldeak.

Erreportaje horrekin irabazi du Teknopolisek, beraz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Ihobek ematen duten Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako III Saria.

Accesita, berriz, Miguel Angel Garrosa kazetariak lortu du, Radio Bilbao-Cadena Ser irrati-katean emandako erreportaje bategatik. Tximeletak eta klima-aldaketa izan zen erreportaje haren gaia.