Nolabait, lurrak eta tipula batek antza dute.Geruzez osatutako bola bi , bata bestea baino handixeagoa. Estratigrafia geologiaren adarra da eta geruza horiek ikertzen ditu: zeintzuk diren bakoitzaren ezaugarriak eta zein denbora-epe hartzen duten. Iraupenari dagokionez, luzeenetik laburretara, era-, periodo- edo epoka-geologikoak ditugu. Baina, zein garai da orain? Geologikoki, zenozoikoan, ugaztunen eran gaude, bertan, kuaternarioa deritzon periodoan eta epoka berriz, holozenoa da, azken glaziaziotik gaur egun arteko 11.700 urteak hartzen dituena. Baina hau guztia alda egin liteke..
Alejandro Cearreta geologoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen esanetan holozenoa bukatua da dagoeneko. Gaur egungo garai geologikoari hobeto datorkio antropozeno hitza, izenak berak adierazten duen bezala, gizakiak eragindako aro geologikoa.
ALEJANDRO CEARRETA, geologia irakaslea, UPV/EHU: Bistakoa da planeta itxuraldatzen ari dela, eta gu ari gara ekosistemak hondatzen, lurra moldatzen ikuspuntu fisiko, kimiko eta zergatik ez, biologikotik, zergatik ez, espezieak desagerrarazten ari garelako, toki batetik bestera eramaten, eta giza ekintza horiek guztiek arrastoak uzten dituzte sedimentuetan, orain arte ez bezala.
Cearreta estratigrafia eta paleontologia departamentuko kidea da eta beste lan batzuetan ere badabil: Nazioarteko Estratigrafia Elkartean antropozenoaren lantaldean sartuta dago. Elkarte horrek erabakitzen du lurra, gure tipula handia osatzen duten geruzen inguruan, haien ezaugarriak eta izenak zehazten ditu. Taldea antropozenoari buruzko txosten bat ari da prestatzen, noiz hasten den, ea benetan aro geologiko bat den eta zerk bereizten duen aro berri hori. Eta horretarako datuak jasotzen ari da Urdaibain.
ALEJANDRO CEARRETA, geologia irakaslea, UPV/EHU: Paradoxikoa da, izan ere Urdaibai Euskal Herriko kostaldean ondoen zaindutako tokietako bat da, ingurumen ikuspuntutik eta horrexegatik,justu horregatik, denboran zehar gertatu izan denaren erregistro ordenatu eta zorrotza gorde du, azken 500 edo 1000 urtekoa .
Cearretaren taldeak bakarrik ez, geologo askok dio egungo garaia antropozenoa dela. Hitza bera 2000.urtetik dator. Kimikako Nobel saridun batek, Paul Crutzenek, hain zuzen, asmatu zuen, planeta aldatzen ari diren gertakariak definitzeko. Beste zientzialari batzuek ordea diote ez dela izen aldaketa merezi duen zerbait. Eztabaidak eztabaida, antropozenoa onartzea zabaltzen ari da eta orain kontua da, noiz hasi zen erabakitzea. Arkeologia ikuspuntutik duela 6.000 urte hasi zen, neolitikoan, gizakia beste espezi batzuk menderatzen eta ekosistemak aldatzen hasi zenean. Bigarren definizio batek lurrin makinaren asmatzearekin bat kokatzen du antropozenoaren abiapuntua, industrializazioaren eskutik. Baina geologiari zorrotz kasu eginda, gizakia estratigrafia aldatzen 1945eko uztailean hasi zen.
Alamo Gordo, New Mexico, Estatu Batuak. 1945eko uztailaren 16an, goizeko bostak eta erdi zirenean, historiako lehen leherketa atomikoa egin zuten atmosferan. Saiakera atomiko ugari etorri ziren atzetik. 9 urte geroago, proba nuklearretan sortzen den eta naturan berez ez dagoen Cs-137 isotopo artifiziala mundu osoko sedimentuetan metatzen ari zen. Baita Urdaibain ere.
Sedimentuen erregistroak elementu natural nahiz artifizialak gordetzen ditu eta gizakiaren aztarna berreraikitzeko balio du. Adibidez, zinka edo beruna industria-jardueraren emaitza dira eta aireak eta urak ekarri ditu. Beste elementu erradiaktibo batzuk, Cs-137 edo Pb-210 kasu, azken hau naturan dagoen isotopo bat, geruzak denboran kokatzeko balio dute. Eta geruzak irakurriz jasotzen den mezua da, gizakia sedimentuetan aztarna kimiko nabaria ari dela uzten, mundu osoan. Planeta eskalako gertakaria izatea antropozenoaren aldeko beste arrazoi bat da. Aztarna areagotu egin da gainera 1954. urtetik aurrera.
ALEJANDRO CEARRETA, geologia irakaslea, UPV/EHU: Prozesu jarraia da azkenean, gure espeziea planetan agertzearekin bat hasi zen prozesu bat, baina orain arteko bidean ez dugu abiadura berdinarekin aurrera egin, jauzi kualitatiboak daude. 1950. Inguruan, 2. Mundu gerra eta gero gertatu zen azken jauzia, azelerazio handia izenaz ezaguna dena. Gure espezieak globalizazio ikaragarria hartzen du eta berebizikoa da planetak jasaten duen aldaketa fisiko, kimiko eta biologikoa.
Gizakia, horrez gain, sedimentuetan bestelako arrastoak ere ari da uzten, egungo garaia antropozenoa dela frogatzen dutenak. Busturiako padura hauek baratze izan ziren duela urte batzuk. Orain, naturak bere eremua berreskuratu du, baina geruzarik sakonenek, zati ilunago hauek, gizakiak orduan utzi zuen arrastoa ekartzen dute gogora.
Eta estratigrafiak gehiago dio oraindik. Foraminiferoen mikrofosilak dira hauek eta horrelakoak laginetan zer sakoneran eta zenbat agertzen diren aztertuz, bestelako aztarna geologiko bat agerian gelditu da: azken gizaldian, batez beste 2 milimetro igo da itsasoa Urdaibain.
ANE GARCÍA-ARTOLA, ikertzailea, UPV/EHU: Batez besteko tasa da. Esan bezala foraminiferoak erabili ditugu. Lehendabizi ikertzen dugu zein espezie agertzen den eta zein mailatan, nola aldatzen den banaketa sakoneraren arabera, eta modelo matematiko batzuekin, berreraikitzen dugu iraganeko itsas maila gaur egungo emaitzetatik abiatuz.
2016tik aurrera, Nazioarteko Estratigrafia Elkarteak eztabaidatuko du, ea antropozenoa formalki onartzen duen, eta hala bada, taula geologiko ofizialetan sartuko litzateke. Hori gertatu ala ez, garbi dago planetaren historia osoan, gizakia izan dela espezie bakarra aro geologiko bat sortzeko ahalmena izan duena.
ALEJANDRO CEARRETA, geologia irakaslea, UPV/EHU: Bistakoa da gure espeziea ez dela planetako beste espezie arrunt bat. Ahalmen teknologikoa dugu planeta moldatzeko eta egiten ari gara gainera, batzuetan ondorio kaltegarriekin ingurumenarentzat eta gure espeziearen iraupenarentzat. Orduan galdera hau da: gure espeziea eta naturan eragiten ari den aldaketa, nahikoa al dira aro geologiko bat sortzen ari dela esateko? Batzuek diote ezetz, beste batzuek diogu baietz.
Azken erantzuna 2016tik aurrerako etorkizunak emango du. Gizakia desagertu da planetatik eta ikertzaile estralurtar batzuk etorri dira. Hipotesi honen aurrean, gai izango al lirateke ikertzaileak planeta aldatzeko gai izan zen espezie baten aztarnak topatzeko? Erregistro geologikoak esango die baietz.