ARIANE KOEK; collide@cern-eko arduraduna:Zientzia eta artea gizakia nor eta zer den adierazteko bideak dira. Kulturaren espresio desberdinak dira. Zientziak, noski, bere egiteko modua du, bere metodologia, bere hizkuntza ere bai batzutan, matematika, adibidez. Eta artea zentzuen bidez espresatzen da: ukimena, dastamena, usaimena, ikusmena… Baina biak gure munduaren kulturaren parte dira. Nor garen, zer garen adierazteko espresioak dira biak.
2012tik hona egoitza-programa bat dute CERNen: arlo desberdinetako puntako artistek hiru hilabetez CERNen egoteko aukera dute. Munduko tresnarik handiena dago han, Protoien Talkagailu Handia. Eta han frogatu zuten Higgs bosoiaren existentzia. Zientzia bizi-bizirik dago, besteak beste, mundu osoko milaka zientzialari biltzen direlako han. Hain zuzen ere, egoitza-programaren helburua puntako artistak puntako ikertzaileekin kontaktuan jartzea da, maila berean.
Programaren izena nahiko adierazgarria da: collide@cern edo “talka CERNen”, partikula elementalen arteko talkak eta artista eta zientzialarien artekoak parekatuz.
Zientzia eta artea giza kulturaren adierazpenak diren heinean, kontzeptu asko elkarbanatzen dituzte, hala nola, irudimena, arrazoimena, sormena... Eta, hortaz, zientzialariak eta artistak ez daude lehen begi-kolpean eman dezakeena bezain urruti. Eta badute zer ikasia batak bestearengandik. Hala ere, helburua ez da elkarlana, batak bestea inspiratzea baizik.
ARIANE KOEK; collide@cern-eko arduraduna:Batzutan “talka CERNen” proiektuari BESTE esperimentu handia esaten diot nik. Esperimentua ez da bakarrik Higgs bosoiaren existentzia frogatu zuen Protoien Talkagailu Handiarena. Beste esperimentu handi bat egiten ari gara, gai iheskorragoei dagokiena, hala nola, giza irudimenari, asmamenari eta sorkuntzari.
CERNeko artearen programa Ariane Koek-ek berak jarri zuen martxan, eta duela aste batzuk Donostian izan zen esperientzia hori kontatzen “Mestizajeak” ekitaldiaren aurrerapen gisa. “Mestizajeak” ere “talka” antzeko batzuk dira: literatura eta zientziaren arteko talkak. Eta saio nagusiak aste honetan izan dira. Jardunaldiak lurralde jakin batean kokatzen dira: Artearen, Zientziaren eta Humanitateen Mugetan, hain zuzen ere.
CLARA MARTIN; BCBL-ko Ikerbasque ikertzailea:Muga honetan egonda zientzialariok aukera dugu galdera berriak sortzeko Artea eta Literatura baliatuz, esperimentuetarako ideia berriak izateko. Adibidez, lengoaiari buruz gehiago jakiteko, hori baita nire eremua. Artelanak edo literatur lanak erabiliz, lengoaia modu zientifikoan azter dezakegu eta garunaren funtzionamenduaren ereduak atera irakurtzean edo lengoaia entzutean. Hori ezin da imajinatu muga horretan jartzen ez bagara.
EMMANUEL LIZCANO; zientziaren filosofian aditua:Jardunaldi hauetan ikusi dudanez, zailtasun handia dago muga hori zeharkatzeko, baita hain zuzen ere muga hori zeharkatzeko asmoarekin deitutako jardunaldi batzuetan. Dirudienez, zientzialariak zeharkatu nahi duenean besteari esaten dio “hori ez da horrela, zientziak bestelako hau dio”. Edo pasabide bat aurkitzen duzunean, erantzuna da hori ez dela interesgarriena. Nire ustez, Artearen eta Zientziaren artean dagoena gizakion gaitasun sinbolikoa da. Imaginario kolektibotik sortuak dira bai Artea eta bai Zientzia, imaginario horren bidetik zeharkatu ahalko dugu muga.
AMELIA GAMONEDA; Frantses Literaturako irakaslea Salamancako Unibertsitatean:Arteak eta Literaturak subjetuak munduarekin duen harremanaz dihardute, Zientzia mundua ezagutzeaz arduratzen da. Hortaz, subjektuak nolabait hanka bat mugaren alde batean du eta bestea bestean. Batzuetan oin biak alde berean jartzen ditu, zientzian ere bai. Eta hori da egun hauetako eztabaidagaia.
GUSTAVO A. SCHWARTZ; “Mestizajeak” ekitaldiaren arduraduna: Nik uste dut “Mestizajeak” beharrezkoa dela gai konplexuei heldu nahi diegun heinean.Esan dezakegu azken 200 urteetan zientziak gai errazei heldu diela, hain errazak ez diruditen arren. Baina atomoaren egitura edo galaxiena gai errazak dira garunaren funtzionamenduarekin alderatzen baditugu. Hortaz, horrelako gai konplexuei aurre egin nahi diegun heinean disziplina desberdinen artean hibridazioa behar dugu.
Zientziak eta Arteak aurrera egiteko modu bat izan daiteke bien arteko mugan elkartzea. CERNeko esperientzia baliagarria izan daiteke muga horretan barneratzeko. Han artistek 3 hilabete egiten dituzte inspirazio bila.
ARIANE KOEK; collide@cern-eko arduraduna:Artista bat sortzeko eta egiteko bizi da, beti sortuko du edo egingo du zerbait. Artistak arte-lana egiteko behar duen denbora beharko du, ezin da zehaztu: 3 hilabete, 4 hilabete, urte bat agian, edo bi egun. Ezin duzu arautu hori. Eta, hara, egoitza hauen ondorioa da artistak lan bat sortzen duela, baina behar duen denbora beharko du.
CERNeko egoitzaren ondorioz sortutako lanetako batzuk ikusgai daude. Adibidez, SYMMETRY transmedia lana, QUANTUM dantza garaikideko ikuskizuna edo SUPERSYMMETRY instalazioa.