Koroa-masa eiekzioak Eguzkitik askatzen diren uhinak dira, erradiazioz eta eguzki-haizez osatutako uhinak alegia. Zientzialariek modu berezian ikertzen dituzte, leherketa horiek espazioan barreiatuta dagoen teknologia guztiarentzat eta Lurreko energia-sareentzat arriskutsuak izan daitezkeelako.
Duela gutxira arte, astronomoak Eguzkiaren inguruko koroa-masaren eiekzioak ikustera iristen ziren, baina ez Eguzkian bertan gertatzen zirenak; orain, ordea, SDO behatokiaz baliatuta, ikusi dituzte.
Duela hiru urte jaurti zuten espazioko behatoki hori, 2010eko otsailean. Haren tresneriaren bidez, argiaren uhin-luzeera desberdinak erabilita, zientzialariek Eguzkian gertatzen dena ulertu eta ikertu ahal izan dute; publiko zabalak, berriz, gertutik ikusi ahal izan ditu gure Eguzkian gertatzen diren fenomeno ikaragarriak.
Hiru urteko lanaren ondoren, adituek diote Eguzkia behatzen duen sateliteak aurreikuspenak bete dituela. SDOk, erakutsi du, adibidez, plasma kiribilduak koroa-masaren eiekzioa baino lehenago sortzen direla, eta ez eiekzioaren unean bertan.
Koroa-masaren eiekzioak harrapatzeaz gain, behatokiak eguzki-ekaitzak erakutsi dizkigu, eta Eguzki osoko eremu magnetikoen mapa ere egin du, denbora errealean.
Ondorengo bi urteetan, SDOren teleskopio bikainek Eguzkia begiratzen jarraituko dute, orbanak eta sugarrak bereziki. Eguzkiaren Eremu Magnetikoak Eguzki Sistemari nola eragiten dion jakitea, horra hor gailu honen helburu nagusia.