Puntako aurrerapenen eta enpresen arteko zubia pertsonek osatzen dute sarritan, langileek, alegia. Teknologia aurreratuena nekez zabalduko da industrian langileak trebatuta ez badaude. Bada Tknikan teknologia berri horien zaintza egiten dute, lanbide heziketan txertatzeko.
JOSEAN JOUBERT; Tknika: Tknikaren izateko arrazoia da lanbide heziketa, batetik, eta berrikuntza, bestetik. Orduan, hemen, irakasle-taldeekin egiten dugu lan gehienbat. Bi helburu nagusi ditugu: berrikuntzaren kultura lanbide heziketara ailegatu araztea, eta berrikuntza proiektuak aurrera eramatea.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar: Esate baterako, soldadura. Eta horretara etorri gara gaur. Soldadura aspaldiko teknika bat da eta lanbide heziketan oso aspalditik integratuta dago. Baina horretan ere berrikuntzak izan dira, ezta?
JOSEAN JOUBERT; Tknika: Egia da, soldadura betiko prozesu industrial garrantzitsu bat da. Eskakizunak geroz eta handiagoak dira, zentzu askotan: prozesuei dagokienez, kalitateari dagokionez edo automatizazioari dagokionez, adibidez. Horri erantzun azkar bat eman behar zaio, lanbide heziketatik enpresen beharrei ahalik eta azkarren erantzuteko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar: Lanbide heziketaren bihotza askotan tailerrean egoten da. Hemen baduzue tailerrik?
JOSEAN JOUBERT; Tknika: Badaukagu, bai, tailer txiki bat, nahiz eta garrantzitsuak ikastetxeetan dauden. Iruditzen bazaizue tailerrera joan gaitezke eta han ditugunak ikusi.
Lanbide heziketako irakasleek proiektuak garatzen dituzte Tknikan teknologia bere ikastetxera eramateko. Gisa honetako robotak industrian asko erabiltzen dira. Produkzio handietarako erabiltzen ziren hasieran, baina, gaur egun, enpresa txiki eta ertainetan ere badituzte. Izan ere, lan gogor errepikakorrak kalitatez egiteko aukera ematen dute.
Robotak aplikazio askotarako egokitzen dira, soldatzeko, besteak beste. Ikasleek robotaren manejua ikasten dute: programatzen eta segurtasunez mugitzen, besteak beste.
MIGUEL ANGEL ERAUSKIN; Don Bosco GLHBI: Hau egiteko kanpotik jardungo dugu; ezin gara hemen barruan egon. Gogoratu modu automatikoan ezin ditugula zeharkatu barrera fotoelektrikoak eta robotaren mugimenduak benetan azkarrak izango direla.
Soldatzen ari den bitartean robota poliki ari da, soldadura-abiadurak kontrolatu beharreko parametroetako bat baita. Baina, gainerakoan robota azkar mugitzen da, eta ez da komeni inguruan egoterik.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar: Badago modurik pieza bat suntsitu beharrik gabe jakiteko soldadura bat edo estaldura bat kalitatezkoa den, arazorik baduen?
JOSEAN JOUBERT; Tknika: Tknikan proiektu bat horren inguruan izan da. Hor teknika desberdin asko daude.
ANA TOLOSA; Tolosaldea GLHBI: Hemen mahai gainean dauzkagunak gainazaleko akatsak dira. Ikusteko metodo bat da begizko ikuskapena: begiz begiratzea. Horretarako erabiltzen dira lupa bat eta argi bat akatsak non dauden ikusteko. Hemen daukagun baldintza argia da: argi egokia behar dugu, horretarako luxometro bat erabiliko dugu.
Ikasleek akatsak identifikatzeko hainbat metodo ikasten dituzte. Ikusgarriena agian, partikula magnetikoena da, azalean egon arren begiz ikusten ez diren arrakalakagertarazten baititu.
ANA TOLOSA; Tolosaldea GLHBI: Partikula magnetiko horiek eremu elektromagnetikoaren eraginpean mugitu egiten dira, baina akatsetan gelditu egiten dira. Erabilliko dugun erreminta uztarri elektromagnetikoa da piezari eremua eragiteko. Ez duzue akatsik ikusten. Piezan botako ditut partikula elektromagnetikoak... ikusten duzue marra fin berde bat?
Soldaduraren barnean egon daitezkeen akatsak aurkitzeko ultrasoinuen metodoa erabiltzen da.
ANA TOLOSA; Tolosaldea GLHBI: Kasu honetan lan egiten du oihartzuna jasoaz. Nik badakit pieza honek hainbesteko lodiera duela, ultrasoinuak pieza bukatzen denean errebotatu egiten du, eta aparatuak esango dit zer distantziara errebotatu duen. Piezaren lodiera baino lehen errebotatzen badu zerbait aurkitu duelako da, akatsen bat edo diskontinuitate bat. Neurtu: 20 mm. Beti errebotea 20-ra iritsi beharko zait. Hara! Hor zerbait agertu da. Bigarren seinale bat agertu zait.
Honek, haztagailu honek kristal pila bat dauzka. Honek adibide 16 dauzka. Horrela angelu desberdinetara botatzen ditu uhinak eta seinale bakar batekin abaniko bat irekitzen du. Berdin da zer abiaduratan zoazen gurpilaren bueltak erregistratzen baititu. Orduan honekin lortzen dudana da automatizatzea: makina baten jarri eta pasaeran dena irakurtzen du.
JOSEAN JOUBERT; Tknika: Hemen ikus dezakegun beste proiektu-lerro bat da gainazalaren prozesu batekin zerikusia daukana. Gainazalen inguruan errekargak egin daitezke, tratamenduak ere egiten dira; kasu honetan, daukaguna proiekzio termikoa da, edo beroaren bidezko proiekzioa.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar: Horrek zerikusia dauka soldadurarekin?
JOSEAN JOUBERT; Tknika: Ez da soldadura-prozesu bat. Zerikusia badauka batura bat dagoelako, baina ez dago fusiorik. Batura mekaniko bat dago.
JAVIER ZUZUNEGI; Goierri GLHBI: Helburua da bere propietateak dituen material bati beste propietate batzuk ezartzea, adibidez korrosioaren aurkako propietateak, marruskaduraren aurkakoak edota propietate dielektrikoak. Hori lortuko dugu honelako pistola batekin, oxigasezko pistola batekin. Oxigasezko garra lortzeko, alde batatik azetilekoa daukagu, eta, bestetik, oxigenoa.
Proiektatuko den materiala garrean urtuta doa, baina oinarrizko materiala hotza dago, eta gainazala urratu diote estaliko duen materiala hobeto itsatsita gelditu dadin. Proiekzio horren kalitatea neurtzea komeni da, ongi itsatsi dela ziurtatzeko.
JAVIER ZUZUNEGI; Goierri GLHBI: Proiektatutako material horri egin behar zaizkio entseguak jakitego ongi edo gaizki proiektatuta dagoen, jarri ditugun parametroak egokiak diren ala ez. Bi entsegu-mota egin behar ditugu: bat, trakzio-entsegua eta, bestea, metalografia entsegua.