Kaixo, Francisco Blanco dut izena, Ikerbasque ikerketa-irakaslea naiz eta CiC Biogunen lan egiten dut.
Proteinen egiturari buruzko galderak egiten dizkiogu gure buruari. Zer egitura duten eta zelulan zer funtzio betetzen duten jakin nahi dugu. Hiru dimentsioko egitura oso ezberdinak hartzen dituzte proteinek eta duten egituraren araberakoa izango da beteko duten funtzioa: ondo funtzionatuko duten, gaizki funtzionatuko duten; funtzioa hau ala bestea beteko duten, elikagaien lixeriketan parte hartuko duten, nerbio sistemaren bidez seinalak bidaltzen lagunduko duten... Egiturak eta funtzioak oso lotura estua dute.
Azido nukleikoa, DNA, proteinak egiteko argibide liburua da. Baina bizidunen funtzioak betetzen dituztenak proteinak dira. Erabat argitu gabe dago proteinen egituren alorra, lan handia dago egiteko. Zenbait funtziorekin zerikusia duten egiturak ezagutzen dira. Baina ez dira ezagutzen organismoko proteina guztien egiturak. 30.000 edo 40.000 proteina ezberdin egon daitezke, edo gehiago! Ez da zenbaki zehatza ezagutzen.
Proteinen egitura eta funtzioa zein den galdetzen diogu gure buruari lehenik. Eta bigarrenik, egitura eta funtzioei buruzko ezagutza hori nola aplikatu dezakegun ikertzen dugu. Azken hamar urteetan minbiziarekin zerikusia duten proteinak ikertzen aritu naiz eta horrek urrats bat haratago eraman nau. Esaterako, minbizia gelditzeko balio lezaketen molekulak sortzen egin dugu lan.
OFF:
Elkar-eragin, itsatsi eta zelulak bata besteari lotzea posible egiten duten bi proteinen egituren ikerketari esker, Francisco Blancoren lan-taldeak parte hartu du koloneko minbiziaren aurkako ikerketa batean. Saguen kolon-minbiziaren garapena galerazi ez ezik, gibeleko metastasia eragozten duen molekula bat garatu duen lan-taldean parte hartu dute. Zortzi urteko lana argitaratu berri da Journal of Medicinal Chemistry aldizkari estatubatuarrean.
Bioguneko lantaldearekin batera, EHUko kimika organikoko ikerketa-talde batek, Estraburgoko Genetika eta Biologia Molekularreko Institutuak eta Ikerchem spin-off-ak lan egin dute.
“Zelulak itsastea oztopatzen duten molekula organikoak diseinatu eta sintetizatu ziren; saguetan tumoreen hazkundea blokeatzen dute eta baita ere minbizia beste organo batzuetara hedatzea galerazi, hau da metastaziari hesia jartzen diote, saguetan”.
Diseinatutako molekulek eragotzi egiten diete minbizi-zelulei bata bestearekin zein zelula osasuntsuekin itsastea. Zelulen arteko elkar ekintzari esker hazten dira tumoreak. Ondorioz, itsaspena blokeatzeak minbizia zabaltzea galerazten du.
Diseinatutako estrategia gizakietan aplikagarri ote den jakin ahal izateko beharrezko litzateke, inbertsio handia eta industria farmazeutikoaren parte hartzea.
“Bai, minbizia saguetan askotan sendatu da. Etorkizun handiko estrategia da, baina saguetan”.
Gazte nintzela gustoa hartu nion kimikari. Umetan kimika joko bat banuen... Eta Kimika ikastea erabaki nuen, baina Biologia bistatik kendu gabe. Izan ere, Biokimika espezialitatea aukeratu nuen. Karrera ikasten ari nintzela, laugarren mailan, proteinen egitura jorratzen zuen ikasgaia oso gustatu zitzaidan. Oso irakasle ona izan nuen eta hura aukera ona izan zitekeela pentsatu nuen... Nire denbora hari eskaintzea ideia ona izan zitekeela, proteinen egitura aztertzeari.
Biogunera duela bost urte iritsi nintzen. Egiturazko biologiaren aldeko apustu sendoa zegoen hemen eta, bereziki, nik erabiltzen dudan tresna nagusiaren aldekoa, hau da, erresonantzia magnetiko nuklearraren aldekoa. Maila goreneko tresneria dugu hemen.
Zailagoa ez da, baina prestakuntza handia eskatzen du. Zientzialaria izateko karrera ikasi behar da -lau edo bost urte-; doktoregoa egin behar da, -beste lau bost urte-; doktorego ondoko egonaldia -beste hiru edo lau urte-, eta, orduan hasi zaitezke zientzia modu independiente eta autonomoan egiten. Trebakuntza prozesu oso luzea eta sakona eskatzen du. Zailtasunak gainditzea baino trebakuntza, ardura, eskatzen du.
Deskonektatzeko dudan zailtasuna izango da seguruenik txarrena. Ez deskonektatzea batetik ondo dago, norberak aukeratu eta erantzun nahi dituen galderei denbora eta ahalegin asko eskaintzen zaielako. Baina horrek beste gauza batzuk galtzea esan nahi du, familiari, lagunei, atsedenari eskain diezaiokezun denboraren kaltetan doa, esaterako. Deskonektatzeko dudan zailtasuna izango da seguruenik txarrena.
Onena, berriz, askatasun sentipena da. Gizakion jakituriaren mugan dagoen zerbaiti, norberak aukeratutako zerbaiti, denbora eskaintzea. Erronka handia da hori.
Hiritarrei esango nieke egiten duguna ulertzeko ahalegina egin dezatela. Komunikabide, erakusketa, eta zientzia-museoen bidez ezagutzera ematen dena balia dezatela. Ulertzen ahalegindu daitezela egiten den inbertsioak merezi duen ala ez erabakitzeko gaitasuna izan dezaten. Nik neuk merezi duela uste dut.
Aurrekontuak esleitzen dituztenei bi gauza esango nizkieke. Bat: pentsa dezatela zientzian egiten den inbertsioa, inbertsioa dela eta ez gastua. Eta bi:asmo handikoak izan ala ez, inbertsio-planak denboran zehar iraunkorrak izan daitezela. Ez dezatela gora-beherarik izan, egonkortasun itxaropena izan dadila.
Nire ustez hiritarrei zein aurrekontuak esleitu behar dituztenei baliagarri izan dakiekeen argudioa zera da: zientzia-ikerketan inbertsio ahalegin iraunkorra egiten duten herrialdeek dituztela bizi-kalitate ona eta gizarte aberatsenak.