Gaia du izena eta bi teleskopioz eta kamera batez hornitua dagoen arren ez dizkigu irudi ederrak bidaliko; hala ere mundu osoko astronomoek irrikaz itxaroten dute Gaiak bidaliko duen informazioa. Orain arte egin den Esne Bidearen maparik xeheena egiteko erabiliko dute, astrografia egingo du.
Asmo handiko egitasmoa da Gaia. Abenduan jaurti zuten eta une honetan kalibrazio-lanetan ari dira, tresnak puntuan jartzen. Horretarako, besteak beste, munduko teleskopiorik handienak Gaiari begira jarri dituzte, haren kokapen zehatza jakiteko.
Lagrange 2 orbitan egonkor dago. Handik astroetara dagoen distantzia neurtuko du: Eguzkiaren orbitan mugitzean izango duen perspektiba aldaketaz baliatuko da. Bestalde, astro bakoitzari batazbeste 70 aldiz begiratuko dio misioak iraungo duen denboran, hartara astroaren mugimenduaren berri emango du. Astroen abiadura eta noranzkoa jakinik Esne Bidearen historian atzera egin daiteke haren sorreraraino, edo, aurrera, hurrengo milaka urteetan gure galaxiak izango duen eboluzioa ezagutzeko.
Gaiak lanari ekiten dionean astronomoek eskuartean izango duten datu kopurua ez da txantxetakoa izango. Mila milioi izar behatuko ditu Gaiak, egunean 40 milioi behaketa egingo ditu eta, astroen posizioaz gain, parametro fisikoak ere neurtuko ditu, hala nola, tenperatura, argitasuna eta konposizio kimikoa. Egunean 50 Gbyte informazio bidaliko du bost urtez. Eta, piskanaka, informazio hori erabilgarri egin beharko dute astronomoek.
Hainbeste informazio maneiatzea zaila izango zela jakitun, ESAko ingeniarien lanetako bat izan da baliorik ez duen informazioa Gaiak berak errefusatzea. Horrela, ordenagailuaren laguntzaz astroaren ingurua mugatzen du alferrikako informazio-bitak okupatuko lituzkeen gainerakoa alde batera utziz.
Esne Bideko astroen katalogoa 2022rako egongo da komunitate zientifikoaren eskura, 100 TB-eko informazio-multzoa, DVDetan jasoz gero 200.000 disko.
Gaia 800 milioi euro kostatu zaio ESAri. Emaitza gure galaxiaren hiru dimentsioko mapa osatuena izango da.