Ezin dugu esan nora joango garen, ez gaudelako marra baten gainean, baina nondik gatozen esatea? Hezurrak aurkitzen ditugu, bai emakumeenak, bai gizonenak, bai umeenak; hortzek eta tresnek ere informazioa ematen digute. Gure hipotesiak aurkitutako hezur edo tresna horietatik eraikitzen ditugu. Fosil berri bat agertzen zaigu, fosil horrek informazio gehiago ematen digu, eta informazio horren ondorioz esango dugu gure hipotesia ona dela, gure hipotesian aldaketa txikiak egin behar direla, edo, aldiz, gure hipotesiak kajoi batean gorde eta hipotesi berri bat eraiki behar dugula.
Orduan, daukagunarekin eraiki behar ditugu hipotesiak, nola bukatuko duten hipotesi horiek? Auskalo! Nork daki!
Egun on, nire izena Idoia Goikoetxea Zabaleta da. Beasaindarra naiz eta giza eboluzioaren arloan egiten dut lan. Etorri nirekin Igartzako jauregira.
Ikertzaile izatearen alde on garrantzitsuena da, normalean, txikitan ikaragarrizko jakinmina izaten da, eta jakinmin hori askotan adinarekin galdu egiten dugu. Beraz, zientziaren munduan murgilduta egoteak jakinmin hori ez galtzea ekartzen dizu eta niretzat hori oso garrantzitsua da. Eta hori da zientzialari izatearen puntu oso ona.
Ikerketaren munduak alde txarrak ere baditu. Eta, normalean, denbora luzeak pasatzen dituzu zure familitik urruti, ikerketa ez duzulako leku bakar batean egiten. Ez da lan finko bat normalean; zure ikerketa aurrera eraman ahal izateko diru-laguntzak behar dituzu, eta horiek lortzea ez da erraza. Baina, beno, zaila baldin bada ere, lortzen duzuna zure ikerketarekin jarraitzea da eta pozik hartzen duzu.
Txikitatik bai biologia eta bai historia asko gustatu izan zaizkit. Eta lortu dut bi gai horiek bateratzen dituen gai bat topatzea eta nire ikerketa horren inguruan egitea. Une honetan ume neandertalen hazkuntza eta hazkuntza hori aurrera eramateko zenbat kilocaloria hartu behar zituzten ikertzen ari naiz.
Biologiako karrera hasi nuen EHUn, Leioako campusean. Eta master bat egitera joan nintzen Granadako Unibertsitatera, Antropologia Fisiko eta Forense master bat. Hezurren inguruko ikerketan sartu nintzen, eta han ikasten nengoela estatuko proiektuetan lan egiteko bekak atera ziren; eskaera egin nuen, Atapuercako taldean bat, handik deitu eta lau urte pasa izan ditut bertan ikertzen.
Mundu mailan hezur gehien aurkitu diren indusketa-tokietako bat da. Eta esan beharrean nago Atapuercan espezie berri bat aurkitu dela, giza espezie berri bat: Homo antecessor. Eta H. antecessorrean badaude ume-hezurrak, nik nire ikerketarako behar ditudanak hazkuntza ikertzeko. Arazoa da oso zati txikiak direla, batit bat buruko hezur batzuk, hortz dezente, hezur-zati txiki batzuk... eta nik hezur osoak behar ditut. Orduan, leku egokia da, bai, jendea oso ona, laguntzeko, ideiak emateko... baina Atapuercako hezurrak orain arte ezin izan ditut erabili.
Neandertalen hazkuntzaren inguruko ikerketa aurrera eraman ahal izateko, bibliografian aurkitu ditudan femurren luzerak erabili ditut. Eta eredu matematikoak erabiltzen dira, femur-luzera hori garaiera bihurtzeko, lehenengo, eta, gero, garaiera horiek erabiltzen dira eredu matematikoekin hazkuntza-kurbak egiteko. Kurba horiek konparatzen ditugu gaur egungo umeenekin. Alde batetik hartu ditut hemen, Beasaingo umeen hazkuntza-datuak, eta kurba bat eraiki dut Beasaingo umeentzat. Eta, bestalde, esaten da neandertalak Europan oso garai hotzean bizi izan zirela, eta normalean eskimalak erabiltzen dira konparatzeko.
Garaiera eta pisua ere oso erlazionatuta daude. Beraz, beste ekuazio matematiko batzuk erabilita, lortu ditugu pisu-kurbak. Eta lortu dugu lehenengo urtean Beasaingo ume batek zenbat pisatzen duen, neandertal ume batek zenbat pisatzen zuen, eta eskimal ume batek zenbat pisatzen duen. Horrela, 1, 2, 3... eta 6 urterekin. Badaude mundu-mailan argitaratzen diren ekuazio batzuk pisua jarrita esaten dizutenak ume horek zenbat jan behar duen ongi egon ahal izateko.
Ikusten da urte batetik sei urte bitartean, hasieran antzeko kontsumitzen zutela, baina gero kontsumoa jaitsi egiten da. Gutxiago hazten dira. Aldiz, esaten da neandertal helduek izugarrizko kilocaloria kontsumoa zutela. Gure kasuan, esaten dute 2000 kcal-rekin eta emakumeak 1800 kcal-rekin nahiko dugula eguneko. Neandertalek egunean 4000-5000 kcal kontsumitzen zutela estimatzen da. Beraz, umeak ere asko kontsumituko balu, bai umea, bai heldu horiek oso zail izango zuten bizirik irautea. Aldiz, umeen adaptazio bat izan daiteke gutxiago kontsumitzea eta hazi eta gai denean ehizara joateko edo gauzak biltzeko, orduan hasiko da asko eskatzen.