Ama. Aita. Ura. Ez! Haur baten lehen hitzak dira. Bere bizitzan milaka aldiz errepikatuko ditu, baina badirudi oraintxe ikasi dituela. Amaren sabelean zegoenean hasi zen, ordea, hitzak eta zaratak bereizten. Jaio zenetik, bere ama-hizkuntzak inguratuta bizi izan da eta, bat batean, uneren batean, hizkuntzak eztanda egin du bere ezpainetan. Haur bakoitzak bere erritmoa du, baina lehenago ala beranduago, gizaki guztiok ikasi dugu hitz egiten. Eta ikasi dugula diogunean, ez dugu esan nahi irakatsi egin diegunik.
Itziar Laka: Esaten dugu baita ere ume honek ikasi dau oinez ibiltzen, baina pentsatzen parako bagina ez genuke pentsatuko, ez da segundo batean ere, guk irakasten diegunik. Konturatuko ginateke ume baten garapenean badela aro jakin bat zeinentan lehenengo lau hankatan, ume bakoitzak bere modura egiten du, baina azkenean ume denek adin baten inguruan tente jarri eta oinez hasten dira. Baina ez genuke esango zeinen ondo irakatsi diozun umeari oinez ibiltzen. Hori ez genuke pentsatuko. Hala eta guztiz ere, hori esaten dugu umeak ikasten duela oinez ibiltzen. Zentzu horretan, ikastearen zentzu horretan, esan dezakegu umeek hizkuntzak ikasten dituztela.
Ama-hizkuntza entzun egin behar izan dugu, bai, baina gure garuna hizkuntzarako prest jaiotzen da. Izan ere, hizkuntza ez da komunikazio-sistema soil bat, hizkuntza komunikazio sistema konplexuak bereganatu eta erabiltzeko giza gaitasun bat da. Eta burmuinean garatzen da.
15 urte: Hizkuntza burmuinean
Itziar Laka Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna ikerketa-taldeko zuzendaria da.
Itziar Laka: Beraz, ume batek nola ikasten du hitz egiten? Ba ikasten du hizkuntzak behar dituen hainbat atal jorratuaz. Lehenengo soinua, baina kategoria kontzeptualak ere beharko dira eta horiek ere garatzen dira, eta gero soinua hitzetan bihurtzea eta berehala... Hitzak jorratzen hasten direnerako badirudi gramatika hor isilean garatzen ibili izan dela, ze umeak hitz egiten hasten direnerako oso azkar hasten dira hitz solteetatik, erlatibozko perpausak, ezezko perpausak, baldintzak, eta nahi diren guztiak botatzen. Hori oso azkar gertatzen da. Eztanda hitza erabiltzen da horretarako eta horrek adierazten du hor gauza bi lotu direla eta umearen ekoizpenak egiten duena da islatu hori gertatu dela.
Lau urte betetzen dituenerako, haurrak garatu du behar duen hizkuntza guztia. Hortik aurrera, bere hiztegia zabalduko du, eta adierazteko moduak aberastu.