FRANCISCO FALCONE; upna: Pazienteak gidatu eta lokalizatzeko sistema da Faster. Osasun Zerbitzuak hobetzeko helburua du.
Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin eta beste bi enpresa pribatukin elkarlanean garatu dute Faster. Nafarroako Gune Mediko Teknologikoaren eraikin berrian jartzeko diseinatu zen, eta, krisia medio, osasun egitasmoa bertan behera geratu bazen ere, Faster erabat garatuta dago.
FRANCISCO FALCONE; upna: Medikuekin batera ohikoak diren 70 prozesu zehaztu ziren. Horien arabera pazienteek egin beharreko bidearen eredu erraz batzuk finkatu ziren. Adibidez, norbaitek belauneko gaitzen bat izanez gero, medikuek jakin badakite hori hartatzeko badagoela aurrez zehaztutako prozesu jakin bat: medikuak ikusiko zaitu, hainbat azterketa aginduko dizkizu, eta emaitzak aztertu eta gero, espezialistarengana bidali eta honek erreabilitazioa aginduko dizu. Era honetako prozesoak dira, oso linealak, bata bestearen atzetik erraz egitekoak. Helburua hori zen, tratamendu eta mediku-kontsultak ahalik eta gehien azkartzea.
Haririk gabeko lokalizazio-sistema honen funtzionamendua frogatzeko, behin behinean Nafarroako Unibertsitate Publikoko eraikin batean jarri zuten eta ikertzaileetako bat gelaz gela ibili zen bazebilela egiaztatzeko. Eraikinaren barruan pertsonei mugitzen laguntzen dien sistema da Faster; emango dituzten urratsetan zuzentzen ditu; une oro pertsonak lokalizatuta izaten ditu eta, era berean, erabiltzaileei sistemarekin komunikatzeko aukera ematen die. Komunikazioa bi norabidetan bermatzen du. Hori da sistemaren bereizgarri nagusietako bat.
FRANCISCO FALCONE; upna: Prozesuak kudeatu ahal izateko bi geruza ezberdin daude: batetik, elementu fisikoak edo hardwareak daude, lokalizazio eta gidaritza lanak egiten dituzten gailuak; bestetik, software geruza dago. Honek prozesuak kudeatu eta aginduak ematen ditu, eta gailu fisikoekin elkar eraginez, erabiltzaileari esango lioke zein kontsultara joan behar duen edo zer mediku-prozesu bete behar duen une zehatz batean.
Faster sistemak funtziona dezan, erabiltzaileek gailu eramangarriak soinean izan behar dituzte; kasu honetan erakustaldia egiten ari den ikertzaileak poltsikoan hartu du; gailuek kalkulatuko dute eraikineko zein lekutan dauden, baina horretako horman jarritako gailuekin, hots, routerrekin elkar eragin behar dute; horiek koordinatzaile funtzioak betetzen dituen beste gailuari igorriko diote seinalea, eta azken honek ordenagailuari. Ordenagailuan puntutxo baten bidez irudikatuta agertuko da eraikinean zehar mugitzen ari den pertsona.
DIANA ALDAMA; upna: Gailu honen eta routerren artean pakete bat bidaliko dugu. Routerrek zera esango diote: zure paketea potentzia honetara iritsi zait; potentzia horrekin eta routerraren kokalekuarekin, gailu eramangarria gai da bere kokalekua kalkulatzeko. Zenbat eta router gehiago izan, zehaztasuna gero eta handiago izango da”.
Gailu guztien eta softwarearen komunikazioa bermatzeko zigbee teknologia erabili da.
PELLO LOPEZ ITURRI; upna: Zigbee teknologia haririk gabeko teknologia bat da. Bluetooth edo wifi bezalakoa, baina orain arte hain ezaguna ez dena, eta besteekin konparatuz, kontsumo gutxiko teknologia da; milaka elementu jarri daitezke sare berdinean. Bluetooth ek bakarrik zortzi elementu baimentzen ditu bertan egoteko”.
Gailu guztien oinarrizko diseinua egin den arren, guztiak eskalagarriak dira. Hau da, etorkizunean garatzeko aukera ematen dute: pantaila jarri dakieke, interneterako sarbidea..., edo beste aukeraren bat. Softwarearen diseinua ere oinarrizkoa da.
PELLO LOPEZ ITURRI; upna: Guk garatu dugun softwarea nahiko sinplea da. Frogak egiteko balio du, eta etorkizunean jarri nahiko balitz, puska bat gehiago garatu beharko litzateke.
Erabiltzaile asko dituen erakin batean pertsonen joan etorriak kudeatu eta haiekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen duen sistema eraikinetan jar daitezkeen kudeaketa sistemekin, hau da, sistema domotikoekin bateragarria da eta osasun arlotik kanpo ere erabiltzeko aukera ematen du.
FRANCISCO FALCONE; upna: Sistemak aplikazio anitzak izan ditzake. Osasun arloan zerbitzu berri bat abian jartzeko ideiarekin garatu genuen, baina sistema beste alor batzuetara molda daiteke, hala nola, ekoizpen logistika arlora, merkatal guneetara, museo edo antzeko aisialdirako guneetara; lokalizaziorako laguntza izan daiteke... Egitasmoaren ispiritua horixe da, ahalik aplikazio-eremu gehien izatea.