Software. iz. INFORM. Sistema informatiko batek funtziona dezan eta bere eginkizunak bete ditzan behar diren programa eta errutinen multzoa.
Software hitzaren definizioa hiztegian begiratuta hori da agertzen dena. Donostiako Buntplanet enpresak softwarea sortzen du, era askotakoa. Ez alferrik, izen horrek, Buntplanet, alemanez “koloreen planeta” esan nahi du. Aukera ona da beharbada behingoz definizioaren atzean zer dagoen jakiteko.
AINHOA LETE; zuz. Buntplanet: Niri gehien gustatzen zaidan definizioa Steve Jobs-ek eman zuena da, eta zera dio: burmuina hardwarea bada, softwarea arima da.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Eta hemen Buntplaneten, nolabait, arimak sortzen dituzuela esan daiteke...
AINHOA LETE; zuz. Buntplanet: Tira, bai, arimak ekoizten ditugu, baina batzuetan ez dago burmuin egokirik merkatuan eta hori ere diseinatzeko gai gara.
Arima eta burmuin kontuak alde batera utzita adibideekin hobetu ulertuko da hemen egiten dutena. Koaderno hau ez da arrunta, Buntbloc izenarekin bataiatu dute eta bertan idatzitakoa zuzenean ordenagailuaren pantailan irakurri eta dokumentu moduan gordetzeko teknologia darama... hor nonbait. Beste topiko bat: ikusten ez den teknologia bada onena, hau ez da atzera geratzen.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Magia?
AITOR ITURRIOZBEITIA, garatzailea, Buntplanet: Ez, teknika azken finean.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Nola funtzionatzen du blokak eta boligrafoak?
AITOR ITURRIOZBEITIA, garatzailea, Buntplanet: Eta guztia begiztatzeko bisore bat ere badago …. Azken finean koaderno normal baten itxura dauka, baina, ez dakit ikusten den, orrialde bakoitzak puntu-trama bat dauka, jakiteko guk idaztean non idazten dugun, hau da, orrialde bakoitza ezberdina da, trama berezia dauka, zuk idazten duzunean jakiteko ze orrialdetan idatzi duzun, eta hainbat koaderno daude.
Eta gero pen digitala dugu, kameratxo bat dauka, jasotzen duena non ari garen idazten. Demostrazio bat egingo dugu. Koaderno honetan gaude. Hemen nire apunteak, bezeroekin jasotakoak. 10. orrialdean egingo dugu: Teknopolis idatziko dut.
Hemen pen digitala sartu eta informazioa aplikazio baten bitartez bidaltzen du zerbitzarira, wifi bidez, eta zerbitzariak gorde egiten ditu koadernoan egindako aldaketa guztiak eta ikusi egin daiteke. Hemen dago Teknopolis idatzia, digitalki dago gordeta eta bidali daiteke mailez, deskargatu edo eta beste leku batean gorde, gure koadernoaren kopia digitala baitaukagu.
Diskinesia. iz. MED. Nerbio-gaixotasunek eragindako nahi gabeko edo ez-ohiko gorputz-mugmenduk.
Diszinesiaren definizioa nahiz gaixotasuna bera arrotzak egiten dira boteprontoan, baina parkinsona edo nerbio-tika diszinesia mota bat direla esanda, gauzak argitu egiten dira apur bat. Nahi gabeko mugimenduak biltzen ditu mediku-kontzeptu horrek eta Gurutz Linazasorok, Donostia Poliklinikako neurologoak test bat garatu du sendagileek erabil dezaten. Galde-erantzunen bidez zein diszinesia mota duen jakin dezake espezialistak, edo diagnosira gerturatu gutxienez, Buntplanetek garatu duen aplikazioari esker.
Oraindik ez du izenik proiektu honek. Probak egiten dabiltz eta erakusteko ere asko ez dago, baina ideia ez da txarra. Algoritmo batzuen laguntzaz, mapa digital eta aireko argazkietan eskatzen zaiona aurkituko du sofware batek, kasu honetan gas depositu bat. Edo karratu urdinak eskatuz gero igerilekuak bilatu eta identifikatuko ditu, adibidez baimenik gabe eraikitakoak aurkitzeko.
zabor. iz. Zerbait egin edo erabili ondoren gelditzen den hondakina.
Zaborrak eta sofwareak elkarrekin egin dute topo Txingudin. Zaborren eta uraren kudeaketa daraman Txingudiko Zerbitzuak erakundeak Buntplanetek diseinatutako lantresna bat erabiltzen du kudeaketarako.
JOSU BASURKO; garatzailea, Buntplanet: Kaixo Valentin! Bera Txingudiko Zerbitzuetako hondakinen saileko arduraduna da.
Langile bakoitzari egun horretarako duen zeregin jakinaraztetik hasi eta bezero bakoitzak sortzen duen zabor-kopurua ezagutzeraino, eta gehiago kontrola daiteke ordenagailutik aplikazio honi esker. Eta denbora errealean gainera.
JOSU BASURKO; garatzailea, Buntplanet: Beheko botoi hori sakatzen badugu Valentinek ikus dezake, momentu honetan bertan, oraintxe, hamabiak eta lau minututan kalean dauzkan zerbitzu guztiak. Hor ikus ditzakegu makina garbitzaileak, espaloiak garbitzen, kamioiak zaborra jasotzen, papera, beira, edo eta plastikoak.Horietako bakoitzean PDA bat dago, eta horietan guk egindako aplikazio bat darama, eta GPS eta 3G konexioa bidez bidaltzen ditu momenturo datuak hona.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Bakoitza zertan dabilen ikus daiteke, zuk aukeratu bat.
JOSU BASURKO; garatzailea, Buntplanet: Hauek dira oraintxe bertan kalean dauden kamioi eta makina garbitzaile guztiak. Kamioi bat zertan dabilen ikusiko dugu kasu honetan. Klikatu eta esaten digu, industria-hondakinak ari dela biltzen, asteartean, zein langile zein kamiorekin eta azkena zein posizio bidali duen. Xeheago sartzen bagara, ikusiko dugu egindako lana: marra urdina nondik joan den, pertsona bakoitza bezero bat da, hau non hasi den eta hau non hustu duen kaxa, eta gero bezero batean sartzen bagara, ez dugu erakutsiko nor den, esaten digu 1000 litrotako edukiontzi bat jaso zaiola, halako ordutan. Informazio horri esker hilabetea bukatzerakoan enpresa horri jaso zaionaren arabera fakturatuko zaio, hau da, geroz eta zabor gehiago sortu, orduan eta gehiago ordainduko duzu, gutxiago sortuta gutxiago, hori guztia guk egindako erremintei esker.
Kamioian, PDA gailuak langilea gidatzen du: zenbat edukiontzi gelditzen zaizkion jasotzeko, GPSaren bidez hurrengoak non dauden, edo arazoren bat aurkitzen badu momentuan abisua emateko aukera dago, lehenbailehen konpontzeko. Informazio hori guztia aplikazioak kudeatzen du.
VALENTIN GONZALEZ, Txingudiko Zerbitzuak: Informazio baliagarria da eguneroko lana betetzen ari garela adierazten baitu eta zerbitzua zenbateraino osatzen dugun. Hori bat, eta bestea, epe ertain-luzera, informazioa erabiltzea da zerbitzuak kaleko beharretara egokitzeko.
Eta are informazio zabalagoa eta baliagarriagoa biltzeko helburua du beste egitasmo honek. Buntplaneten laguntzarekin Txingudiko Zerbitzuek martxan jarri duten proiektu-pilotu honetan izena eman dutenek euren zabor-poltsetan pegatina hau itsatsi behar dute. Zaborra beti egiten duten moduan bereizi eta kamioiek dituzten irakurgailuek antzeman egingo dituzte, eta informazioa zerbitzari nagusira bidaliko dute, aplikaziora. Horrez gain, poltsen ausazko karakterizazioak egiten dira gaikako-bilketaren helburuak betetzen ari ote diren ezagutzeko. Mailuki izena du sistemak.