2010ean lehen aldiz antzeman zituztenetik, Vespa velutina koloniak asko ugaritu dira, eta liztor beltzaren populazioa kontrolatzeko ahalegin handiak egin diren arren, euskal lurralde guztira zabalduta daude. Gipuzkoako ekialdean eta Nafarroako Iparraldean ageri dira gehien, handik hasi baitzen hegoalderanzko zabalkundea.
Ustez, kalte egin zieten joan den udaberriko tenperatura baxuek eta eurite handiek eta, ondorioz, aurreko urtean baino gutxiago antzeman dira udazkenean.
Hala ere, aurten, Foru Aldundiari igorritako datuen arabera, gutxienez194 habi kendu dira Gipuzkoan. Suhiltzaileek 88 suntsitu dituzte; basozainek 35 desegin dituzte eta udal-zerbitzuek eta boluntario-taldeek 71 ezereztu dituzte.
MARIJOSE GARCIA; babes zibileko teknikaria, Hernani: Ikusi genuen suhiltzaileek ezingo zutela lan hori beraiek bakarrik egin zeren eta denbora pila bat ematen dute horretan eta beste lan asko dituzte, eta horregatik pentsatu genuen Donostia aldean bolondres taldeak sortzea, suhiltzaileei lan puska bat edo zati bat behintzat kentzeko.
Liztorrak hiltzeko Diptron izeneko intsektizida likidoa erabili dute aurten eta horri esker boluntario-taldeak sortu ahal izan dira.
MARIJOSE GARCIA; babes zibileko teknikaria, Hernani: Suhiltzaileek pozoina erabiltzen zuten baina hautsean eta beraiek egiten zuten gauen bota eta ondoren kabia erretiratu. Erabiltzen zuten poziona oso efektiboa zen, baina odol beroko animaliei ere eragiten zien. Orduan gero txoriak larbak jatera joanez gero, hil egingo ziren. Horregatik erretiratzen zituzten.
Haga teleskopioen bidez liztor habietan sartzen den pozoina organismo urtarrentzat toxikoa da, baina ez du arrisku esanguratsurik odol beroko animalientzat.
MARIJOSE GARCIA; babes zibileko teknikaria, Hernani: Eta hori oso garrantzitsua da: orduan, bertan utzita kabia ere, nahiz eta txoriak larbak jatera joan, ez die ezer egingo eta horrek aukera ematen digu lan hau egunez egiteko eta ez gauez suhiltzaileek egiten duten bezala.
Urte gutxitan liztor asiarraren ezaguntza handia lortu da. Mendebaldeko Europa osoan hedatzen ari da eta erakunde ezberdinen lankidetzari esker, haien aurkako sistema berriak erabiltzeari ekin diote. Horietako bat da haga teleskopioa.
Oiartzun, Urria
Koloniak suntsitzeko ahal egin handiak egiten diren arren, beti ez dira hil nahi izaten. Saiakuntzetarako ikertzaileek bizirik behar dituzte intsektuok. Baina liztorak bizirik hartzea ez da edonork egin dezakeen lana. Suhiltzaileek egin ohi dute lan hori. Intsektuak bizirik zituzten hiru liztor-habia hartu dira aurten Gipuzkoan. Horietako bat Oiartzunen. Neikerreko ikertzaileak, Foru Aldundiko teknikariak, udal-langileak eta suhiltzaileak bildu zituen liztor-harrapaketak eta Teknopolis han izan zen.
Vespa velutinaren pupulazioaren kontrolerako tresnaren bat lortzea da kertzaileen ahaleginaren helburua eta liztor beltzak bakarrik erakarriko lituzkeen feromonak bermatuko luke asmo hori.
JESSE BARANDIKA; Neiker-Tecnalia: Lortuko bagenu liztor hauen feromona sortzea, lortu ahal izango genuke tranpatan jarri eurak erakartzeko. Gaur egun erakartzeko erabiltzen diren sustantziak ez dira espezifikoak liztor hauek harrapatzeko, beste liztor batzuk edo beste intsektu batzuk ere sartzen dira tranpatak. Horrekin beste espezie batzuri kalte handia egiten zaie. Feromonak lortzea beti da zaila. Denbora asko behar izaten da eta beti ez dira lortzen emaitza onak.
Feromona lortzea epe ertain edo luzeko lana izango denez, bitartean, populazioa kontrolatzen lagunduko dien beste tresnaren baten bila ari dira. Pozoindutako beita izan daiteke bitarteko tresna horietako bat. Intsektizidaz pozoindutako janari-beitak jarriko dizkiete intsektuei eta larbak elikatzeko janaria hartu eta habiara eramatean, liztorrek eurek suntsituko dituzte koloniak, pozoin garraiolari bihurtuko baitira. Hori da behintzat asmoa.
JESSE BARANDIKA; Neiker-Tecnalia: Larbak hiltzea garrantzitsua da, larbak hiltzen badituzu habia hiltzen delako. Helduak denak ez dituzu hilgo, denek ez dute intsektizida hartuko. Hilgo dira batzuk baina besteak ez. Orduan ez badituzu langile guztiak hiltzen habiak aurrera segituko du.
Liztorren tranpetan Txilen erabiltzen den intsektizida bera erabiltzeko asmoa dute, baina vespa velutinaren aurka eraginkorra den jakin behar da erabili baino lehen. Entsegurik egin gabe ezin jakin ordea, eta larbak bizirik behar dira intsektizidaren eraginkortasuna neurtzeko.
JESSE BARANDIKA; Neiker-Tecnalia: Larbak hiltzen badituzu eta helduak ez, helduek eramaten dute intesktizida pila bat habira eta orduan joaten dira hiltzen larbak eta helduak ez. Orduan ez dira konturatzen, larbak hiltzen dira eta behin larbak hilez gero, ez dago langile berririk.
Udazkenean entsegu batzuk egin diren arren, tranpen eraginkortasuna hurrengo urtean jarriko da proban, Vespa velutinaren aurkako borroka zaila eta luzea izango baita.
Gure artetik desagerraraztea ezinezko jotzen denez, populazioa kontrolpean mantentzea da helburua, erlezainek jasaten dituzten kalteak gutxitzeko.