Transkripzioa ikusi [+]
Kaixo, Maria Jose Iriarte naiz, Ikerbasque ikerketa-irakaslea eta Euskal Herriko Unibertsitateko historiaurrea sailean egiten dut lan.
Egian esan, betidanik, txiki-txikitatik, handitan zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean medikua izan nahi nuela erantzuten nuen. Eta horretara bideratuta ditut ikasketa guztiak. Baina, zenbait gorabehera tarteko, medikuntza ikasturtea berandu hasten zela eta, historia ikasteari ekin nion. Historiaurreko kontuekin erabat txundituta geratu eta, medikuntza ikasteko plaza banuela esan zidatenean, “Ez! Historiaurrearekin geratzen naiz!” erantzun eta, horrela hasi nintzen.
Nire ikerketa polen fosilaren azterketan oinarritzen da, Paleopalinología deritzona.
Polena ederki kontserbatzen da sedimentuetan, elementu organikoa izan arren. Horri esker, 200 edo 300mila urte igarota ere, aztertu dezakegu. Nola egiten den? Ba, konparazioen bidez. Hau da, nagusiki Kuaternarioko polenak aztertzen ditugu, eta egun ditugun espezieak ere Kuaternariokoak direnez, landare espezieek iraganean nola funtzionatzen zuten jakiteko erreferentziak baditugu.
Bestalde, adibidez, egungo hurritzak duen polena duela 40.000 urteko hurritzen polenaren oso antzekoa da. Hortaz, konparazio horretatik iraganean zelako landaretza genuen azter dezakegu. Hori ezagututa, informazio paleoklimatikoa ondorioztatzen dugu.
Polenarekin aintzat hartu beharrekoa polinizazio-mota ezberdinak dira. Hau da, ez da gauza bera %10 pinu-polena edo %10 zumarra-polena, adibidez.
Espezie jakin batek erabiltzen duen polenaren banaketa haize-bidezkoa bada, ausazko sistema bat da (polena haizearen bidez zabaltzen da eta landare batera iritsi daitezke edo ez), orduan, landareak askoz ere polen gehiago ekoitzi beharko du beste polinizazio mota batzuekin alderatuta. Intsektu-bidezko polinizazioan ernalketa askoz ere ziurragoa da; lore jakin batean gelditu den erleak jarraian beste lore batera joko du. Ez da hain ausazkoa sistema, eta landare horren polen ekoizpena txikiagoa izango da.
Ikerketa eta interpretazioak egitean ez diogu garrantzia bera ematen pinua bezalako espezie baten portzentaia altu bati eta ekoizpen urriagoa duen beste espezie bati, azken honek balio handiagoa baitu.
Paleobotanikatik lortzen ditugun datuei esker, faunak ematen dizkigun datuei esker, ikerketa-sedimentologikoek ematen dizkiguten datuei esker, ondorioztatu dezakegu iraganeko klima-aldaketak ez zirela uste dugun bezain egonkorrak. Adibidez, ikasle nintzela esan ohi ziguten aro-glaziar osoan hotz handia egin zuela. Gaur egun, ostera, badakigu hori ez zela horrela izan. Fluktuazio ugari egon ziren, eta teorian urte gutxiren buruan, 1000-1500 urtean, aldaketa-klimatiko garrantzitsuak egon ziren.
Gizakiak eragin handia izan du paisaian. Ekoizle bihurtzearekin bat ingurumenean aldaketa handiak eman ziren. Kanpoko espezieen agerpena etorri zen, espezie aloktonoak. Eta egun dugun paisaia, oso-gurea dela sentitu arren, aurreko aldaketen ondorio da. Adibidez, pagoa; itxuraz gure paisaietan betidanikoa dirudien arren, Iratiko pagadiak etabar, Pirinioetan aztertzen ari den fenomeno baten isla da. Alegia, Brontze Arotik aurrera, deforestazio prozesu handi bat gertatu zen, eta orduan, pagoak aurreko zuhaitz haien desagerpena baliatu zuen hedatzeko. Ordurarte egon bazegoen, baina beste zuhaitz kaduzifolio batzuk ziren nagusi, hala nola izeiak. Beraz, momentu jakin batean aldaketa eman zen. Horregatik, egun dugun paisaia eto ingurumena, aurreko gertaerek baldintzatua dago, baita historiaurreko gertaerek ere.
Arkeologiaren kasuan, jendeak badu interesa. Gustuko du, galderak egiten ditu, indusketa-lanetan gabiltzanean, edonon egonda ere, hurbildu egiten da ikustera, galdetzera, kuskuseatzera… Beraz, bai, interesa egon badago. Noski, egia da zenbait gaik beste batzuek baino interes handiagoa pizten dutela. Baina orokorrean, jendeak gustuko du.
Zorionekoa naizela uste dut, ez baitago ezer hoberik gustuko duzun zerbaitean aritzea baino. Landa-lana eta baita laborategi lana ere, biak ditut gogoko. Baina batez ere, ikerketak dakarren “sorpresa” faktorea, harridura sortzeko gaitasun hori da benetan gustuko dudana.
Astuna egiten zaidana burokrazia-lana da. Bete beharreko orri eta datu guztiak direla eta, azkenean, ia-ia kudeatzaile-ekonomiko hutsa dirudizu. Baina tira, horretara ere ohitu beharra dago eta kitto.