Ura berotzeko gas naturalak elikatutako sua erabiltzean zaila da pentsatzea nola mikro eta nanoteknologiek lagun dezaketen esperientzia hori hobetzen. Teknologia hauek hala ere balio dezakete, adibidez, gas naturalaren kalitatea momentuan neurtzeko eta kontsumitzailearen etxean bertan gainera. Hori egiteko gai da gailu txikihau. Laborategietako makina handi eta garestiek duten funtzioa betetzen du gas naturalaren ezaugarriak jasoz. Emaitza zehatza eta berehalakoa da.
ENRIQUE CASTAÑO; proiektuaren ard., CICmicrogune: Gasak jatorri ugari ditu Argelia, Norteko Itsasoa, Errusia,… eta guztiek bero-ahalmen ezberdina dute. Etxera etortzen den gasaren ikuspuntutik ez du garrantzi gehiegirik baina prozesu industrialetan funtsezkoa da datu hori ezagutzea.
Proiektuaren azken helburua mikrogailua barruan izango duen gas-kontadore adimenduna garatzea da.
IRENE CASTRO; iketzailea, CICmicrogune: Laburbilduz, substratu piezoelektriko bat daukagu kasu honetan kuartzoa, eta gainean elektrodo metalikoak jartzen ditugu, elektrodo hauek sortzen dute eszitazio mekanikoa substratuaren gainean, uhin bat sortarazten da eta uhina gainazalean hedatzen da, eta inguruaren arabera abiadura ezberdina izango du
Pentsa dezagun sentsorea arrainontzian dagoela, fluidoarekin kontaktuan. Bada, sentsoreak berak sortarazten du uhina, mailukada bat izango balitz bezala, eta gailuak berak neurtzen du nola hedatzen den. Gainean duen fluidoak baldintzatu egingo du uhinen abiadura eta anplitudea mikrosentsorearen gainazalean zehar. Ingurua zenbat eta lodiagoa edo likatsuagoa, uhina nekezago hedatuko da.
ENRIQUE CASTAÑO; proiektuaren ard., CICmicrogune: Orduan, A puntutik B puntura iristen den uhinaren anplitudea neurtuz edo hedatzen den abiadura jakinda, gas horren biskositatea ezagutuko dugu eta hortaz, bero-ahalmena.
Laborategian hori bera egiten da. Gas natural lagin ezberdinak karakterizatzen dituzte. Hodi hauetatik doa gasa eta ganberara sartzen da, sentsorea dagoen tokira. B puntura iristen den uhinaren irakurketak emango dizkigu gasaren ezaugarriak.
ANGEL GUTIERREZ; I+D zuz., edp-naturgas:EDP-Naturgas energiaren kontrol gelan gaude, hemendik monitorizatzen dugu gure gas banaketa sare osoa
EDP-Naturgas da proiektua bultzatu duen taldearen liderra. Orain hemen jasotzen dituzten parametroak banaketa sarearen presioa eta tenperatura dira. Etorkizunean, gasaren kalitatea, hau da, bere bero-ahalmena neurtuko dute eta bezeroaren etxean edo lantegian bertan..
ANGEL GUTIERREZ; I+D zuz., edp-naturgas: Bero-ahalmena online eta bertatik bertara jakingo bagenu errekuntza parametroak zaintzeko gai ere izango ginateke, errekuntza akatsak konpondu eta nolabait, eraginkorragoak izateko, energia aurreztu eta gasa modu arrazionalago batean erabiliz.
Asmoa da gainera datu hori ordaindu beharrekoa kalkulatzeko erabiltzea, metro kuboekin batera.
Badira eraikin gaixoak. Han bizi edo lan egiten dutenei ondoezak eta gaitzak eragiten dizkiete bertako airea kalitate txarrekoa delako. Orain arte gela bateko konforta zaintzeko tenperaturari, hezetasunari edo, asko jota, CO2 kopuruari begiratzen zitzaion, eta horren arabera girotzen zen airea. Eraikin gaixoaren sindromea bezalako fenomenoak agertzearekin, ordea, ikusi da ez dela nahikoa eta airearen kalitatea beste osagai batzuen arabera ere neurtzen dela.
ENRIQUE CASTAÑO; proiektuaren ard., CICmicrogune: Adibidez, inoiz sumatu dugun plastiko usaina, kotxe batera sartzean nabaritzen den berri usaina ,… usain horiek konposatu lurrunkor organikoek eragiten dituzte: bentzenoak, formaldehidoek ,… Merkatuan ez dago gas hauek neurtzeko gai den mikrosentsorerik. CICmicrogunen lanean ari gara alor horretan airearen kontrola ere adimenduna izan dadin.
Gas horiek detektatzeko ez dira gainazal-uhinak erabiltzen. Kasu honetan nanohariak erabiltzen dira, hari nanometrikoak, ile bat baino askozaz ere finagoak. Nanohari hauen erresistentzia elektrikoa, hau da, elektrizitatea eroateko duten gaitasuna aldatu egiten da inguruan duten gasaren eta gas horren kontzentrazioaren arabera.
ENRIQUE CASTAÑO; proiektuaren ard., CICmicrogune: Hori abantaila da, harien eroankortasuna neurtuz gasik dagoen jakin dezakezulako baina aldi berean arazoa ere bada, edozein gasi erantzuten diotelako eta nik ez dut interesik edozein gasetan, nik bentzenoa edo formaldehidoa diren jakin nahi dut.Orduan nanohari horiek “tuneatu”, landu egin behar ditugu guk nahi dugun gasa detekta dezaten.
Gasarekin erreakzionatzen duen sentsoreen zatia, zati sentikorra, xake taula baten antzera antolatuta dago. Karratu bakoitza, nanohari eremu hori, ezpurutasun kantitate txikiekin dopatzen da, hau da, bere ezaugarri elektrikoak aldatzen dituen elementuak gehitzen zaizkio. Normalean metal nobleak izaten dira, paladioa edo platinoa bezalakoak, eta hala nahi den gasarekin erreakziona dezan prestatzen da, eta ez beste batekin.
Laborategian kalibratu egiten da sentsoreko eremu bakoitzaren erresistentzia elektrikoa. Konposatu lurrunkorrak kopuru jakinetan nahastuz eta gailua koktel horretan sartuz, osasunerako arriskutsuak diren kontzentrazioetatik gora bakarrik piztuko du, nolabait esateko, alarma. Naturgasek gailuaren detekzio ahalmen hau segurtasun-faktore bezala erabili nahi du.
JUAN RAMÓN ARRAIBI; banaketa zuz., edb-naturgas: Esate baterako, instalazio batean karbono monoxido gehiegi badago online dakigu hor arriskua dagoela. Orain arte bezeroek deitzen ziguten horrelakoetan, arazoa badaude eta hori, proiektu honi esker, jakin dezakegu online, momentuan, eta hori litzateke oso garrantzitsua ziurtasun aldetik.
Edo gas-ihesik bada horrelako kontrol-gela batean jasoko lukete abisua. Gas naturala bakarrik ez, konposatu lurrunkorren kontzentrazio arriskutsuak antzemateko ahalmena probestuz airea girotzeko sistemetan integratuko lituzkete sentsoreak, maila jakin batetik gora airea garbitzen has daitezen.
JURGI GLEZ. DE TXABARRI; investigador CICmicrogune: Hau da oraingoz dugun prototipoa, gure ideia da aire-egokitutako jartzea, elementu gehigarri bezala, jakiteko geletan dugun airea kalitate onekoa den ala ez. Hemen filtro batzuk ditugu aireari hezetasuna kentzeko eta tenperatura igotzeko, hemen sentsorea, eta azkenik bonba bat airearen fluxua kontrolatzeko.
Prototipoa ia prest dago erabiltzeko, laster laborategitik ohiko gailu izateko bidea egitea espero dute.