OFF: Galdakaon gaude, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan. Hona iristen da egunero Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ematen den odol guztia. Odola prozesatu eta osagaiak lortzen dira, gero transfusioetan erabiltzeko.
24 ordu baino gutxiagoan odol hau guztia erabiltzeko prest egongo da.
KORTEA: Miguel Angel Vesga, zentroaren zuzendaria
"Euskal Autonomia Erkidegoan ehun bat mila odol-emate behar dira urtean, hau da, egunean 400-500 inguru. Osagaitan zatituta, urtean 300.000 produktu ekoizten ditugu, eta 50 bat mila lagunek jasotzen dituzte."
OFF: Egunean bitan iristen da odola prozesamendu-unitatera, eguerdian eta gauean. Hemen odola osagaitan banatzen da, eta osagaiak tratatu eta biltegiratu egiten dira, erkidegoko ospitaleetara banatu aurretik.
KORTEA: Miguel Angel Vesga, zentroaren zuzendaria
"Atzo emandako unitateetako batzuk dira hauek. Poltsa arrunt bat da hau, 400 zentimetro kubiko odol, eta beste hainbat poltsari lotuta dago."
OFF: Poltsa horietan jasotzen dituzte osagaiak, modu erabat automatizatuan. Makina hauetan osagaiak kondizio esteriletan banatzen dira, eta produktu bakoitzari etekin handiena ateratzen zaio.
ANIMAZIOA
OFF: Odolak lau osagai nagusi ditu eta hiru erabiltzen dira transfusioetarako.
Globulu gorriak edo hematiak transfusio arruntetara bideratzen dira: ebakuntzak, transplanteak, zaurituak...
Plaketak koagulazio-zelulak dira eta minbizidun pazienteek edo arazo hematologikoak dituztenek jaso ohi dituzte.
Plasma, osagai likidoa, ez da zuzenean erabiltzen. Plasmatik medikamentuak ekoizten dira: albumina, immunoglobulinak edo pertsona hemofilikoentzako koagulazio-faktoreak, beste askoren artean.
Globulu zuriak baztertu egiten dira.
KORTEA: Verónica Campaña, laborategiko teknikaria: "Zentrifugatzaileak nola funtzionatzen duen, azalpena in situ"
OFF: Zentrifugatzailetik atera ondoren, poltsak banatu egiten dira. Hemendik aurrera, osagai bakoitza bere aldetik prozesatzen da.
Globulu gorriak filtratu egiten dira, globulu zuririk geratu bada, kentzeko. Hartzailearen osasuna arriskuan jar dezakete globulu zuriek; horregatik, osagai guztiak irradiatu egiten dira, globulu zuri guztiak suntsitu direla ziurtatzeko.
Prozesatu ondoren, produktuak pisatu, erregistratu eta biltegiratu egiten dira.
Hematiak hozkailuan kontserbatzen dira, 4 graduan.
Plasmak bi izozte-prozesu jasaten ditu. Ondoren, kanpora bidaltzen da, medikamentu eratorriak ekoizteko.
Plaketak erretilu hauetan pilatzen dira, mugimenduan, 22 graduan. Etengabe mugituta, plaketak ez dira elkarri itsasten eta hondatzen.
KORTEA: Miguel Angel Vesga, zentroaren zuzendaria
"Zelula biziak dira, ez da produktu inerte bat. Propietate guztiak gorde behar dituzte pazienteak jasotzen dituenean. Odola fin-fin tratatu behar da ateratzen den unetik hartzaileak jasotzen duen arte."
OFF: Odol-emate bakoitzaren eta eratorritako produktuen informazioa ere fin-fin tratatzen da. Trazabilitateak erabatekoa izan behar du.
KORTEA: Miguel Angel Vesga, zentroaren zuzendaria
"Odol-ematea boluntarioa, ordaindugabea eta, oso garrantzitsua, anonimoa da. Hartzaileak ez daki jasotako produktuen jatorria zein den, baina guk jakin egin behar dugu." (...)
OFFera: Produktu bakoitzak kode bat du, eta kode hori emailetik hartzailerainoko kate osoan mantentzen da. Gainera, prozesuaren pauso bakoitzean parte hartu duten pertsonen erregistroa gordetzen da, emailearen hautaketatik produktuaren transfusioraino.
OFF: Trazabilitatea bermatzeko, sistema informatiko konplexu bat dute eskura. Sistemak denbora errealean jasotzen du zer gertatzen ari den emaile, hartzaile eta osagai bakoitzarekin.
Une honetan, esaterako, berrogeialdian jasota ditu prozesatu berri diren odol-osagaiak. Analisi-laborategiak eman behar ditu ontzat.
2. PLAKETAK ETA AFERESIA
OFF: Odoletik eskuratzen diren hiru osagaietatik, plaketak, plasma eta hematiak, plaketek eragiten dituzte buruhauste handienak. Ekoizteko garestienak dira, eta iraungitzen azkarrenak.
KORTEA: Miguel Angel Vesga, zentroaren zuzendaria
"Plaketa-dosi bat da hau... Plaketak ezinbestekoak dira onkologia-tratamenduei laguntzeko... Bereizgarri bat dute: oso iraungitze-data laburra dute, bost egun besterik ez, eta dosi oso bat lortzeko bost odol-emate arrunt behar dira.
Plaketa hauek lortuko genituzke odol-poltsa batetik; eta halako bost elkartuta lortzen da dosi oso bat. Dosi hori jasoko du pazienteak, poltsa honetan doan hau."
KORTEA: Miguel Angel Vesga
OFFera: Hainbat arrazoi dago plaketak produktu garestia izateko. Batetik, hauskorrak dira. Bestetik, dosi bat lortzeko bost poltsa txiki behar direnez, material esteril gehiago kontsumitzen da.
"Eta, batez ere, iraungitze-epea hain laburra izanda, hiru, lau, bost egun, produktua galtzeko aukerak handiagoak dira."
OFF: Plaketen kudeaketa hobetu eta iraungitze-tasa murrizteko, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak matematikariengana jo du, Euskal Herriko Unibertsitatera.
OFF: Plaketen ekoizpen- eta kontsumo-datu errealetatik abiatuta, EHUko Teknologia Matematikoaren Transferentzia Taldeak eredu bat eraiki du. Ereduak urteko egun bakoitzean zenbat plaketa ekoiztea komeni den proposatzen du.
KORTEA:Matematikariak
OFF: Eredu honi esker, plaketa gutxiago iraungitzea lortu da. Orain arte, % 15ekoa zen iraungitze-tasa.
OFF: Plaketa-kopuru handiagoa lortzeko aukera bat odola aferesi bidez ematea da. Sistema honekin, plaketa-dosi oso bat lortzen da odola ematen den aldiro.
KORTEA: IRUNE ETXEBARRIA, erizaina. "Aferesi bidezko donazio bat da..."
OFF: Odola aferesi bidez emateko, ohikoak baino aparatu konplexuagoak behar dira, eta motelagoa da: emaileak ordu bete eta ordu eta erdi artean egon behar du. Gaur egun, odolaren % 10 baino gutxixeago ematen da aferesi bidez. Hala ere, abantaila garrantzitsuak ditu.
KORTEA: Miguel Angel Vesga
"Alde oso oso on bat du. Kopuru handiagoak lortzen dira, bai, baina batez ere, aukera ematen du osagai oso zehatz eta bereziak lortzeko, paziente jakinentzat. Emaile hauen odola oso xehe ezagutzen dugu, eta behar bereziak dituzten pazienteentzat produktuak lortzea errazagoa da aferesiarekin."
3. ANALISIAK ETA ESKARIAK
OFF: Odol-poltsa bakoitza hiru lagin-hodirekin batera iristen da. Ematen den odol guztia sistematikoki analizatzen da Transfusio zentroaren Laborategi Orokorrean. Balizko infekzioak bilatzen dira, eta odola zer taldekoa den zehazten da.
KORTEA: MARIA AZKARATE, medikua. "Makina honek hodiak sailkatzen ditu. Lehen eskuz egiten zen, eta 1.500 hodi ziren egunero..."
KORTEA: Miguel Angel Vesga, zuzendaria
"Emandako odol guztia analizatu egiten da, beti, berdin du pertsona batek zenbat aldiz eman duen odola. Hiru motakoak dira analisiak."
OFFera: Proba-mota batek birusak zuzenean detektatzen ditu, haien kopiarik balego: nagusiki B eta C hepatitisaren birusak, eta GIBaren birusak.
Bigarren proba-multzo batek gaixotasun infekziosoak bilatzen ditu, baina antigorputzak detektatuta. Emailea gaixotasun horiekin kontaktuan egon den esaten dute proba horiek, eta, hemen ere, hepatitisak eta GIBa bilatzen dira berriz. Kasu batzuetan analisi gehigarriak egiten dira, emaileak epidemiologikoki arriskutsuak diren eskualdeetara bidaiatu badu: malaria, Chagasen gaitza... halakoak baztertzeko.
OFF: Emaileak bahetzeko sistemari esker, oso odol gutxi baztertzen du laborategiak. Emandako odol-unitateen ia % 99 onak izaten dira.
OFF: Hirugarren analisi-motak emailearen odola zer taldekoa den zehazten du.
KORTEA:Miguel Angel Vesga
"Emailearen eta hartzailearen odolak bateragarria izan behar du. Ez bakarrik, A B Zero eta Rh taldeei dagokienez. Odoleko zelulen beste sistema edo talde asko ere errespetatu behar dira."
OFF: Sistema edo odol-talde hauek 30 bat antigenoren araberakoak dira. Molekula horiek globulu gorrien gainazalean espresatzen dira, eta, konbinatuta, balizko 600 talde osatzen dituzte. Gutako gehienak odol-talde arruntetako kideak gara, baina ez denak. Pertsona horiekin aparte egiten da lan.
KORTEA:Miguel Angel Vesga
"Pertsona batzuek oso oso talde bereziak dituzte, gutxitan ematen direnak. Eta inoiz transfusio bat beharko balute, zaila izango litzateke haientzako odola aurkitzea; zaila da haientzako odol bateragarria biltegian izatea."
OFFera: Pertsona berezi horietako bat aurkitzen dutenean, odola emateko eskatzen diote, eta odol hori transfusio-zentroan gordetzen dute, oso kondizio berezietan izoztuta, 20 urtez gutxienez. Hala, pertsona horiek, edo antzeko profil genetikoa duten beste batzuek, transfusio bat beharko balute, eskuragarri izango dute odol bateragarria.
OFF: Beste guztia bezala, eskariak ere modu automatizatuan prestatzen dira.
KORTEA:EBE ZEANURI, laborategiko teknikaria. "Datuak sisteman sartzen ditugu eta berak esaten digu zer poltsa hartu..."
OFF: Ospitale bakoitzak 3-5 egunerako stocka izaten du. Nahikoa, larrialdi-egoera bati beren kabuz aurre egiteko. Stock hori guztia Galdakaotik ere kontrolatzen da. Helburua da emandako odoletik sortutako produktu baliotsu hauek hozkailu batean ez iraungitzea.