NAGORE REMENTERIA; Elhuyar: Kaixo, Alex! Arratsalde on!
ALEX ODRIOZOLA; Europako Junior Bodyboard txapelduna: Arratsalde on!
N. R.: Zumaia dagoeneko bodyboard barruti bihurtua daukazue, ezta?
A. O.: Bai, jende pila bat gabiltza hemen egunero.
N. R.: Surfak baino indar handiagoa dauka orain bodyboardak hemen?
A. O.: Bai, bai, surfean zahar batzuk baino ez dira ibiltzen, tira, zaharrak edo... gazteak bodyboardarekin.
N. R.: Nola definituko zenuke, zer da bodyboarda?
A. O.: Surfeko oholaren moduko bat baina txikiagoa, aleta edo hegats batzuekin abiadura handiagoa hartzeko... Uretako kirol bat: hegatsak jantzi eta olatuak hartzen saiatu!
N. R.: Orduan, surfa baino azkarragoa da?
A. O.: Ez dakit, azkarragoa, baina oinarrizkoa ikasteko errazagoa dela esango nuke.
N. R.: Beldur gutxiago ematen duelako olatuetan etzanda joateak?
A. O.: Bai, gainera surfeko ohola gogorragoa da eta kolpeak hartzeko arrisku handiagoa da, gure, berriz, bigunagoa da.
N. R.: Zer material da beharrezkoa bodyboarda egiteko?
A. O.: Bada, hauxe: paipo bat...
N. R.: Paipoa, kortxoa, boogie-a...
A. O.: Material desberdinez daude eginak, oraingo, negurako, bigunagoa izaten da, ura hotza dagoenez, gehiegi ez gogortzeko.
N. R.: Hotzak gogortu egiten du materiala?
A. O.: Bai, eta udarako beste material bat erabiltzen dugu, gogorragoa.
N. R.: Nabarmen, bi alde ditu materialari dagokionez, bat gogorragoa...
A. O.: Alde bigunaren gainean joaten gara, eta azpiko aldea, lamina, gogorragoa da, zurrunagoa, abiadura handiagoa hartzeko.
N. R.: Hegats txiki horiek berezi xamarrak dira, ezta?
A. O.: Inoiz ikusi izan ez badituzu bai. Gainera eskuan ditudan hauek bereziki desberdinak dira forma aldetik. Besteek kurba handiagoa dute eta hauek zuzenagoak dira, eta gogorragoak.
N. R.: Biak janzten hasita, nola jartzen dira?
A. O.: Hanka batean hau eta bestean bestea. Esaten dute arrainen hegatsen ereduari jarraituta eginak daudela, baina ez dakit, ni ez nago hain seguru emaitza berdina denik.
N. R.: Dena dela, horiek jantzita ibili edo gabe ibili antzemango da, ezta?
A. O.: Bai, guk gehienbat hankak ibiltzen ditugu abiada hartzeko, eta hauek gabe ez daukazu nahiko indar. Hauek gabe ez zara kapaz olatuak hartzeko. Maniobra askotan jakin egin behar da hankak nola jarri.
N. R.: Olatuetan egindako maniobrak puntuatzen dira, ezta?
A. O.: Badaude maniobra batzuk puntu gehiago ematen dizkizutenak, txapelketetan horiek egiten saiatzen gara, baina zailagoak direlako ematen dizute puntu gehiago. Ateratzen bazaizu, ongi, baina ez bazaizkizu ongi ateratzen puntuazio txikiagoa izango duzu. Hori betikoa da. Olatu bakoitzak eskatzen duena egin behar da.
IBAN SAN MARTIN; entrenatzailea: Ikusi itsasoaren egoera edo kondizioak egokiak diren eta horren arabera sartzen gara uretara edo ez. Itsasoaren egoera oso ona bada zuzenean uretara sartzen gara. Grabazio-lana egiten dugu gero beren buruak ikusi ahal izateko, zer progresio edo hobekuntza duten ikusteko.
N. R.: Azken urteetan asko aldatu da itsas-kirol hauen prestakuntza. Lehen lehorrean apenas egingo zuten entrenamendurik.
ASIER LANDA; Kirol Planing: Oso kirol anarkikoak izan dira beti eta ondo pasatzeko kirol gisa hartu izan dira. Baina gaur egun benetako kirol gisa hartzen da hau, eta beste edozein kiroletan bezala hobetzeko prestakuntza behar da, prestakuntza serio eta kontrolatua. Hori da gure lana: plangintza entrenamenduak kontrolatzea, eta plangintza horren barruan progresioari jarraitzea.
N. R.: Itxura batera behintzat kirol esplosiboa da: maniobretan, esaterako. Prestakuntzarako ze ezaugarri ditu bodyboardak?
A. L.: Bodyboarda kirol osoa da. Eskakizunaren aldetik, garrantzizkoa da lantzea bai gaitasun aerobikoak eta baita anaerobikoak ere. Izan ere, uretan ingurune ezegonkor batean daude, korronteak direla... faktore askoren mende daude. Horregatik inportantea da aerobikoki ongi entrenatuak egotea errekuperazioa azkarra izateko.
N. R.: Errekuperazio azkarra zertarako behar da olatuak behin eta berriz hartzeko?
A. L.: Hori da, helburua olatuak bata bestearen atzetik hartzea da, eta olatua kondizio onetan eta fresko hartzeko gaitasun aerobiko on bat behar da. Hori itsasotik kanpora garatzen dugu?
N. R.: Nola lantzen duzue gaitasun aerobikoa?
A. L.: Bizikletarekin, korrika, igeri egiten... esparru horietan mugitzen gara. Igerilekuan lan egitea, korrika eta bizikleta entrenamenduaren zati inportante bat da. Eta, lehen aipatu duzun bezala, esplosiboa da, batez ere keinu teknikoetan. Keinu horiek egiteko muskuluak prest izan behar dira. Horregatik muskuluak prestatzeko lana ere egin behar da: ariketa espezifiko ugari egiten ditugu horretarako. Pisuak, makinak... eta gaur egun oso lan garrantzitsua izaten da core-lana. Egoera ezegonkorretan moldatu behar dutenez, uretatik kanpo ere egoera ezegonkorretan jartzen ditugu lanean.
Urte batzuetatik hona aldatu egin da bodyboardaren prestakuntza, lehen egiten zena zen uretara sartu kondizio onak egonez gero, baina orain badakite uretan erantzun ona izateko uretatik kanpo ere egoki entrenatu behar dela.
Eta, gero, entrenamenduaren alde psikologikoa beti aipatzen dugu. Gogoa, gogoa eduki behar da hobetzeko, bai uretan eta bai kanpoan. Azkenean biak lotuta daude; beraz, kanpoan hobetzen dugunean seguru uretan ere hobetuko dugula. Horregatik konbinatzen da prestakuntza fisikoa eta psikologiakoa teknikoarekin.