2004an Guyana Frantsesetik espaziora jaurti zuten Rosetta zunda hibernazio-egoeran dago 2011tik, eta urtarril honen 20an berrabiarazi egingo dute. Une horretan 9 milioi kilometrora izango du bere azken geltokia: Churyumov-Gerasimenko kometa.
Rosetta kometa baten orbitan jarri eta lur hartzeko diseinatutako lehen misioa da. Bi modulu ditu: bata orbitan geratuko, 11 zientzia-saiakera egiteko helburuarekin, eta besteak kometa gainean lur hartuko du. Philae izena jarri diote azken horri, eta beste 10 esperimentu egiteko prestatu dute. Bien lanarekin, inoiz kometa bati egin zaion azterketa zehatzena egingo diote.
Europako Espazio Agentziaren arabera, Rosetta zunda poliki gerturatuko da Churymov-Gerasimenko kometaren ingurura. Horrela, haren lurrazalaren kartografia egiteaz gain, lur hartzeko tokirik egokiena erabakiko du. 2014ko azaroan gertatuko da hori.
Kometak Eguzki Sistemako objektu zaharrenak dira, eta gure jatorriari buruzko informazioa gordetzen dute. Eratu zirenetik haien konposizio kimikoa ia ez denez aldatu, duela 4.600 milioi urte Eguzki Sistemak zuen konposizioaren isla izan daitezke.
Lurrean bizia sortu zenean kometek zer ikusirik izan zuten jakiten ere lagunduko du Rosettak. Izan ere, kometek molekula organiko konplexuak garraiatzen dituzte, eta baliteke haiek biziaren jatorrian funtzioren bat eduki izana. Baliteke ere, kometekin bidaiatu ohi duten elementu arin eta lurrunkorrek Lurreko atmosfera eta ozeanoak eratzean zer ikusiren bat eduki izana.
Zunda abuztuan iritsiko da kometaren orbitara, eta hiru hilabete geroago hartuko du lur moduluak. Eguzkirantz sei urte eta erditik behin egiten duen bidaian, Churymov-Gerasimenko kometak aurten Rosetta izango du bidailagun. Tarte horretan zundak ikertu egingo du, gutxi gorabehera urtebetez, 2015eko abendura arte.
Kometarantz egin duen bidaian, Rosettak Jupiter eta Marteren arten dagoen asteroide-gerrikoa zeharkatu du, eta 2006 eta 2011 urteen artean Steins eta Lutetia asteroideen irudiak hartu zituen.
Rosetta misioaren izena, Rosetta harritik hartua dago, duela 200 urte inguru egiptoarren hieroglifikoak argitzea posible egin zuen harria. Modu berean, zientzialariek espero dute Rosetta misioak Eguzki Sistemaren eboluzioaren misterioa argitzea.