Kaixo, ni Sergio Enrique Faria naiz, Ikerbasque ikerketa-irakaslea.
BC3, klima aldaketa ikergai duen euskal zentroan lan egiten dut eta, besteak beste, poloetako izotzak klima-aldaketan duen eragina ikertzen dut. Alemaniako eta Ingalaterrako Fisika eta Matematika institutuetan hasi nintzen eredu matematikoak egiten; Antartika barnealdean zulaketa-lanak ere egin izan ditut eta lortutako izotz-lekukoak ikertzen Alemaniako geologia laborategietan lan egin dut.
Poloetako izotza da mundu mailako klima-sistemaren elementu garrantzitsuenetako bat. Atmosfera-zirkulazioan zein ozeano-zirkulazioan eragina izateaz gain, azken milioi bat urteko klimaren erregistro zehatza ere gordetzen du bertan harrapatutako aire-burbuiletan eta beste ezpurutasun batzuetan.
Izotzaren egiturak esaten digu klimaren iragana nolakoa izan zen eta baita ere izotzak nola erantzuten dien gaur egungo klima eta tenperatura aldaketei. Eredu matematikoen bidez ahalegintzen gara ulertzen klima eta tenperaturaren araberako egitura-aldaketak. Egitura horiek izotzaren mugimenduan ere eragina dute. Itsasoen mailak gora egiten du poloetako glaziarren, hau da, Antartika eta Groenlandiako glaziarren ekarpenari esker. Eta ekarpen hori kontinentearen barnealdetik itsas ertzera abiatzen den izotzaren mugimenduaren araberakoa da.
Izotzaren mugimenduaren eta egitura aldaketen arteko elkarrekintzak klimari eragiten dio eta aitzitik, izotzak ere klimari eragiten dio. Ziklo bat da eta itsasoen mailaren igoeraren iragarpen hobeak egin ahal izateko, ziklo hori ondo ulertzen ahalegintzen ari gara.
Izotz laginak lortzeko, jakina, izotza dagoen tokira joan beharra dago. Hau da, Antartika eta Groenlandiara. Giza eraginetik, kutsadura eta antzekoetatik, babestuen, isolatuen dagoen eremuko laginak nahi izaten ditugu, munduko klima eta atmosferaren eredua izango den lagina nahi izaten baitugu. Horregatik joaten gara Antartikaren barnealdeko eremu isolatuenera. Han izotz-lekukoak erauzten ditugu hondoraino, harriraino, iritsi arte. Horrek esan nahi du askotan hiru kilometrora arte zulatu behar dela, hori izan zen gure kasua. 2.800 metroko zulaketa egin genuen.
Helburua beti da Antartikan, sakonera handienean, dagoen izotza eskuratzea, izotz horrek duelako milioi bat urte eta interesgarriena horixe delako.
Esperientzia ezberdinak jasotzen dira Antartikako leku ezberdinetan. Bi uda egin nituen nik Antartika barrualdean eta oso leku surrealista dela esan dezaket. Beste planeta batean egotea edo laino artean ibiltzea bezalakoa da. Dena hilda dago, zuria..., laua... da. Baina baita ere limurtzaile eta oso ezberdina.
Giro surrealista horrek, bertan gelditzen den bisitariak dituen sentimenduak areagotu egiten ditu.
Ume, umetatik ikertzaile izatea amesten nuela esatea gustatuko litzaidake, baina ez zen horrela izan. Kasualitate bat izan zen.
Nire kideen artean ez da oso ohikoa gai honi buruz dudan iritzia, baina nire ustez ikerketa-karrerari
neurriz kanpoko balioa ematen zaio. Ez dut uste ikertzaile izateko inor baino argiagoa izan behar denik, ez dut uste ikerketa-karrera egiteko beste karrera batzuk egiteko baino adimen edo kontzentrazio-gaitasun handiago behar denik.
Alabaina, finantzieroki behar lukeen besteko aitortza ez duela uste dut. Prestakuntza maila bera duten beste lanbide batzuekin alderatu besterik ez da egin behar.
Ikerketa industria bihurtzeko dagoen joera da nire ustez txarrena. Herrialde guztiek, edo ia guztiek, joera bera dute. Horren ondorioz, ikertzaile gazteek ziurgabetasun handia dute, urtebete edo biko kontratoak izaten dituzte. Eta lanez, eta askotan herrialdez, aldatu behar izaten dute egonkortasuna lortuko duten jakin gabe. Eta askotan, 40 urte bete ondoren, egonkortasuna lortzen duten apurrak konturatzen dira haintzat hartzen dituztela kudeaketa gaitasunagatik eta ez beren zientzia-talentuagatik.
Fisikaria naiz eta fisikariok gauzen batasuna bilatu nahi izaten dugu, guztia deskribatuko duen arau bakarra. Nire ikerketei esker, antzeman dezaket gizakion eta, natura eta unibertsoaren arten dagoen lotura. Zuhaitzen anai-arrebak gara, izarren seme-alabak, eta osotasun hori, aldeen batuketa baino askoz gehiago da. Egunero lanean matematika eta behaketei esker ezagut dezaket hori. Nire lanean jarrai dezadan bultzatzen nauen poesia da hori.