Aitor Francesena: Niretzat surfa dena da. Honekin jaio nintzan tabla batekin esku azpian gutxi gora behera. Bizitza guztian zehar hau egin dut eta orain itsua geratuta ere segi egingo dut surfa egiten orduan niretzat bizitza guztia da.
Nire alabaren ama ere surfa erakusten ezagutu nuen hortaz, nire bizitza osoa surfaren inguruan dabil bueltaka.
Aitor Azpiroz, ingenieria: Niretzat surfa afizio handia da. Hain afizio handia da egunero tarte bat kentzen didala, itsasoa ikusteko baldin bada edo surf egiteko, baina egunero hartu behar ditut nire ordu bete edo bi ordu itsasora etorri eta sartzeko baldin bada sartzeko eta bestela ikusteko.
Aitor Azpiroz, Axpi eta Aitor Francesena, Gallo surfak elkartu dituen bi zarauztar dira . Surf ohol berezi honen inguruan bildu dira. Axpik Gallorentzat bereziki sortu duen ohol adimenduna da.
Aitor Azpiroz, ingeniaria: Aitor nire ezaguna zen eta uretatik ezagutzen nun lehendik. Gero itsu geratu zenean surfean ikusten nuen itsasoan eta pentsatu nuen Aitorri taula bat egitea olatuak lehertzen diren puntura iristen lagunduko ziona.
Orain dela bi urte surfean ari zela istripua izan zuen Aitor Francesenak eta itsua gelditu zen.
Baina, jaiotzetik izan ditu ikusmen arazoak, jaiotzetiko Glaukoma diagnostikatu zioten eta 14 urte zituela eskuineko begia galdu zuen.
Arazoak arazo afizioz eta ofizioz surfari estuki lotuta egon da.
Euskal surflari profesional handienetako batzuen entrenatzailea izan da, Aritz Aramburu, eta Asier Muniain, bestak beste.
Bere egungo egoerak ez du itsasotik urrundu.
Aitor Francesena: Bizitza guztian begietan arazoak eduki ditudanez, lehenago ere itsasoan horrela ibiltzen nintzen, horregatik ez zait hain zaila egin itsua egonda itsasoan ibiltzea. Olatuek informazioa ematen didate eta korrienteek ere bai, eta olatuen soinuak ere bai, olatuak azpitik pasatzeko ariketa soinuarekin egiten dut. Soinuaren arabera badakit zenbat denbora daukadan olatu azpitik pasatzeko. Baina arazo handi bat neukan: iparra non dagoen jakitea.
Olatuak lehertzen diren tokia , Zarauzko hondartzan iparraldea da. Surflaria gune horretara zuzentzeko diseinatu dute surf- ohol hau.
Aitor Azpiroz Zarauzko Oteiza Lizeoko irakaslea da eta goi mailako Ingeniaritza ari da ikasten EHUn. Ikasketa amaierako proiektu gisa garatu du itsuentzako ohola. Oholaren diseinu teknologikoa eta prototipoa berak egin ditu, ondoren Juanma Indo diseinatzailearen laguntzaz gailu elektronikoak surf-oholean integratu dituzte.
Diseinua amaituta, Pukas enpresak fabrikatu du ohola.
Surf ohola iparralderantz lerratzea, horixe da proiektuaren helburua. Posizio egokian dagoenean oholak soinu bidez ematen dio abisua surflariari.
Aitor Azpiroz: Taulak teknologikoki elektronikoki hiru elementu dauzka. Bat da sentsorea: sentsoreak eremu magnetikoa neurtuko du eta sentsore magnetiko bat da. Oinarrian egingo duena da ipar magnetikoa non dagoen jakin. Nik sentsore magnetiko hori pixka bat okertzen badut desbiazio bat jasango du. Desbiazio horren numeroa ematen dit, bi gradu baldin badira bi gradu eta zortzi gradu baldin badira zortzi gradu.
Desbideraketaren datu horiek sentsoreak mikrokontrolagailu bati bidaltzen dizkio. Mikrokontrolagailua programatuta dago, ohola gradu batzuen artean mugitzen den bitartean soinu jakin bat egin dezan.
ERAKUSTALDIA Aitor Azpiazu
Oholak igortzen dituen soinuak surf-oholean bertan dagoen irrati emisore batek bidaltzen ditu; surflariak berriz irrati hargailua likran eramaten du. Bozgorailu txiki iragazkaitz batzuen bidez entzuten ditu soinuak.
Aitor Azpiroz: Jantzita ibiltzen du ezkerreko belarrian eta nahi duenean kendu egiten du. Orduan, surfean dabilela behar ez duenean kentzen du eta behar duenean hemen bularretik hartzen du jantzi eta aurreraka doa.
Aitor Francesena:nire lagunak nirekin surfeatzen bakarrik egoten baziren denbora guztian beraiek ez zuten olaturik hartzen, orduan orain beraientzat ere kristoren lasaitasuna da nik datu horiek edukitzea makina horrekin. Bai niretzat baita nire laguntzaileentzat ere kristoren laguntza da. Horrela beraiek ere olatuak hartzeko askatasun gehiago daukate.
Edozein gailu elektronikorekin gertatzen den moduan martxan jartzeko ezinbesteko elementu bat bateria da. Juanma Indo diseinatzailea da bateria kontutan aditua. Led argiekin dabilen munduko lehen taula sortu zuen berak, eta horretarako berariaz diseinatu zuen asmakizuna itsuentzako taulan instalatu du.
Juan Mari Indo: Zailtasun nagusia da bateriak ez bustitzea eta elektronika ez bustitzea. Eta gero bestea zen pisua, hori lortu dugu. Apropos egiten ditugu guretzako bateri txiki batzuk litio polimero bateriak. Surfean argiarekin, led-arekin ibiltzen direnen gutxi gora behera lau edo bost ordu irauten dute eta Gallon tablan edo itsuen tablan 12 ordu edo gehiago iraun dezake.
Bateria kargatzeko sistema berezia garatu du Juanma Indok. Surflariek oinari lotuta eramaten duten soka edo “inbentoa” pieza honi lotzen zaio. Pieza hori bera baliatuz bateria kargatzeko gailuak sortu ditu. Herdoilezina den ardatzaren gainean alanbre bat kiribildu du. Alambre hori bateriari konektatu dio eta ondoren, sistema xafla batez babestu du urik sar ez dadin.
Juan Mari Indo: Nola kargatu? Hartzen dugu kargadore bat horrelako krokodilo txiki hauekin eta hemen jantzi eta hau erabiltzen dugu kargatzeko. Bai positiboa eta bai negatiboa. Jartzen dugu positiboa eta negatiboa eta honekin ari gera kargatzen bateria.
Elementu elektronikoak piztu eta itzali ahal izateko oholak etengailu magnetiko bat du, hori ere berezia da: iman batek betetzen du etengailuaren funtzioa.
Imana kenduta surf-oholeko elementu elektronikoak martxan jartzen dira, eta ohola olatu bila joateko prest dago.