Topikorik ez da falta futbolean eta batek hala dio, baloiak sartu nahi ez duenean, ez dela sartuko. Bada horixe, golak sartzen lagunduko die jokalariei ikusmen artifizialean oinarritutako sistema honek. Zubietako zelaietan jarri du Realak eta probatzen ari dira. Falta eta penalti jaurtiketetan pilota atean nondik sartzen den jasotzen dute bi kamera hauek eta dagokion burmuin informatikoak, milimetroko zehaztasunez eta ibilbidea aztertuta baloiaren abiadura ere ateratzen du.
Visiona enpresak garatu du sistema, Nafarroako Unibertsitate Publikoko spin off batek. Hemen, Iruñeako Jeronimo de Ayanz I+G zentroan bizilagun ditu nanoteknologia, sentsorika edo gizarte-ingeniaritza proiektuak. Ikerlariok unibertsitateko irakasleak dira, ikusmen artifizialean adituak. Euren lana makinei ikus araztea da, baina nola lortzen dute hori?
Jeser Zalba, NUPeko ikerlaria/Visiona:Hauek gure sistemaren begi artifizialak dira. Zubietakoa horrelakoa da. Han bi kamera jarri ditugu, hemen optika daramate eta irudiak nahiko abiadura handian jasotzen dituzte, 60 edo 70 frame segundoko eta biak sinkronizatuta daude. Azkenean guk kamerekin lortzen duguna zera da irudien zenbakizko adierazpena, adierazpen matematikoa.
Informazio hori abiapuntu hartuta erabilpen ugari sor daitezke. Adibidez, hiru dimentsioko irudi digitalak robot bati esan diezaioke nola eta nondik heldu objektu bati. Piezen kalitatea ere neur daiteke, ereduarekin konparatuz, edo tren baten gurpilek zenbaterainoko higadura jasan duten adierazi. Are gehiago, artifizialki ikusitakoaren kopiak egin ditzakete 3D inprimagailuek. Honek berriz mugitzen diren objektuak irakurtzen ditu. Erradioterapian erabiltzea pentsatu dute, mugitu arren, pazienteak izpiak beti leku berdin eta zehatzean jasoko dituela ziurtatzeko.
Jeser Zalba, NUPeko ikerlaria/Visiona:Sistema honekin segundoko 20 eta 30 irakurketa bitartean egiten ditugu. Pertsona batek begiak kliskatzeko behar duen denboran 3D puntuen hodei bat sortzen dugu guk.
Sistema honek kamera bat eta argi egituratua erabiltzen du baina makinek beste modu batzuk ere badituzte ikusteko: laserraren laguntzaz, hainbat kamera elkarlanean, … Zubietan azken hau erabiltzen dute, bi gailurekin. Sistemak ikusteko triangelaketa baliatzen du, hau da, kamera bakoitzak jasotzen duen informazioa bateratuz lan egiten du.
Jeser Zalba, NUPeko ikerlaria/Visiona:Jendeak uler dezan, tenisean erabiltzen den belatz-begi sistemaren antzekoa da. Haiek, zenbait kamera erabiltzen dituzte pilotaren ibilbidea berregiteko. Visionas sistemaren bi kamerekin guk egiten duguna da baloiak egiten duen bidearen azken zatia irakurri, atearen zein toki zehatzean sartzen den jakiteko eta zer abiaduran.
Horretarako bi begiek, bi kamerek berdin ikusi behar dute: kalibratu egin behar dira aurretik panel honen laguntzaz. Hemendik kokapen eta abiaduraren informazioa irteten da eta informazio hori kudeatzeko ordenagailu-programa edo aplikazio bat sortu dute ikerlariek. Erabiltzaileak futbol entrenatzaileak eta teknikariak izango dira.
Amalia Ortiz, NUPeko ikerlaria/Visiona:Entrenatzaileak diseinatzen du trebatze-saioa. Aplikazioan zehaztu egiten ditu hainbat parametro: parte hartuko duen jokalari kopurua, nondik jaurtiko duten, penalti puntutik, atetik 20 metro ezkerrera, … nahi duena. Txantiloi hauek erabil ditzake tokia zehazteko eta beste hauek puntuazioa erabakitzeko. Bestelako aldagai batzuk ere sar ditzake: zelaia bustia dagoen, jokalariak nekatuta edo atseden hartuta dauden. Horrek guztiak gero jaurtiketak ebaluatzeko balioko du.
Asmoa da informazio hori guztia Realeko teknikarientzat lagungarri izatea, entrenamenduak prestatzeko edo erabaki estrategikoak hartzeko orduan: oinarri objektibodun erabakiak, printzipioz, zuzenagoak. Datu-base batean gordetzen da informazioa, gero estatistikak egiteko. Lerro hauek jokalari bakoitzak jaurtiketetan lortu duen puntu-kopurua erakusten dute. Joera, okerrera edo hobera egin duen argi ikusten da berehala eta beste jaurtitzaileekin konparatzea erraza da.
Alfonso Azurza, Realeko teknikaria: Egia da futbola joko irekia dela, oso irekia eta aldagai asko daudela errendimenduan eragina dutenak baina adibidez baloi-geldiko jokaldietan kontrola guk daukagu, horretan bai eragin dezakegu bai entrenamenduetan eta bai ebaluaketan eta zenbait eta objektiboagoa izatea komenigarria da.
Ikusmen artifizialaren saiakera hau ez da Realak teknologia erabiltzen duen lehen aldia. Anoetan, partiduetan erabiltzen dute kontrol sistema bat dute jarria. Jokalari bakoitzaren jarraipena egiten du, datu fisikoak eta taktikoak jasoz. Entrenamenduetan teknologia gehiago: GPSa, zelula fotoelektrikoak,… giza-faktorea ahaztu gabe.
Alfonso Azurza, Realeko teknikaria: Azkenean datu asko dituzu baina jokalaria konfiantzarik gabe badago edo penalti bat jaurtitzeko, ondo egiten duenak nekea duelako, agian beste batek egingo du. Baina hala ere pentsatzen dugu zenbat eta objektiboagoak izan prozesuan eta garapenean, bakoitzaren hobekuntza izango dela.
Oraindik jarri berria da sistema baina Realeko arduradun teknikoak ikusmen artifizialari etekin handiagoa nola atera pentsatzen hasi dira. Kamera gehiagorekin posible izango da jokaldiak mugimenduan behatzea: pase luzeak, erdiraketak edo erremateak zenbateraino diren zehatz neurtuko luke makinak.
Hala ere, lehenik, ikusmen artifizialak emaitzetan benetako eragina duela ikusi behar da. Sistema garatu dutenek uste dute baietz. Espainiako lehen maila eta Inglaterrako premier-en azken bost urteetan jokatu diren partidak aztertu dituzte eta ikusi dute norgehiagoken % 60tik gora berdinduta edo gol bakar bateko aldearekin bukatzen direla. Eta mailari eutsi edo jaisteko aldea ia urtero puntu bakarrekoa izaten ari da. Beraz, penalti edo falta jaurtiketa batean asmatzeak zerura edo infernura eraman zaitzake.