Sabeleko mina izan zen lehenengo sintoma. Larrialdietara behin eta berriz joan zen arren, ez zuen diagnosi garbirik.
Mediku-froga ugari egin eta gero, susmoa zuten obulutegietako minbizia ote zuen. Hortaz, presaka, ebakuntzarako deitu zioten. Baina han ez zen minbizirik, ustekabeko bakterio batzuk baizik. Orduan jakin zuten Winnie-k zer zuen: birikez kanpoko tuberkulosia zuen.
WINNIE FERNANDES; gaixoa:Kirurgiaren ondoren, begiak ireki nituenean, minbizia ez zela esan zidaten. Fisikoki ahal izan banu ohe gainean saltoka hasiko nintzatekeen. Pozik nengoen minbizia ez zelako, tuberkulosia baizik. Pentsatu nuen: tira, honi bai, honi aurre egiteko gai naiz.
JUDITH BRUCHFELD; Karolinska Ospitalea: Tuberkulosi ohikoena biriketakoa da. Hemen, eskuineko birikaren goiko aldean aldaketa tipikoak ikus ditzakegu.
Baina tuberkulosia gorputzeko beste atal batzuetan ere ager daiteke, sabelaldean adibidez, Winnie-ren kasuan bezala. Ohikoa izaten da baita ere lepoko gongoil linfatikoetan eta hezurduran.
Jendeak geroz eta gehiago bidaiatzen du munduan zehar, eta, tamalez, bakterioak ere haiekin doaz, tuberkulosia mundu-mailako arazo bihurtuz. Europan, azken urteotan, tuberkulosi-kasuen kopurua nabarmen txikitu den arren, oraindik ere herrialde eta hiri askotan presente dago.
MARIEKE VAN DER WERF; Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroa: Urtez urte tuberkulosi-gaixoak gutxituz doaz Europan. Hala ere, 2011n 72.000 kasu izan genituen, eta bostetik batek birikez kanpokoa zuen. Gure datuen arabera, birikez kanpoko tuberkulosia ugariagoa da tuberkulosi gutxiko herrialdeetan.
Diagnostikoa berandu jasotzea ohiko arazoa izaten da, hasieran tuberkulosia den susmorik ere ez delako izaten, eta ezin da bakterioa topatu ez bada berariaz bilatzen.
MARIEKE VAN DER WERF; Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroa: Birikez kanpoko tuberkulosia ez da azterketetan aintzat hartzen ez delako kutsakorra, eta gaixoak ez duelako gaixotasuna zabaltzen. Gainera, gure azterketen arabera, tuberkulosi-kasuak gutxitzen ari dira, baina ez birikez kanpokoak.
ALBERTO MATTEELLI; Spedali Civili Brescia-ko Ospitalea: Gaixotasunaren diagnostiko goiztiarrean huts egitearen arrazoi nagusietako bat, hasiera-hasieratik tuberkulosiaren aukera baztertzen dela da. Gainera, birikez kanpoko tuberkulosiaz ari garenean, are zailagoa da sintoma eta gaixotasunaren arteko erlazioaz jabetzea.
Anonimatuan egon nahi duen emakume italiar honek gogoan du bularreko hantura bategatik joan zela medikuarenera. Hainbat espezialistaren eskuetatik pasatu ondoren, ospitalera eraman zuten azterketa-kliniko sakon bat egiteko.
PAZIENTEA:Lehenengo PET bat egin zidaten; ondoren, ordenagailu bidezko tomografia bat kontrastearekin; gero ekografia bat eta, azkenik, biopsia bat. Aurrekoetan ez bezala, azterketa histologikoa egin zidaten eta mikrobio-kultura bat ere bai.
Bakterio-kultura ezinbestekoa izan zen behin betiko diagnostikoa lortzeko. Biriketako tuberkulosiaren kasuan laginak erraz lortzen diren bitartean, birikez kanpoko kasuetan prozesua ikaragarri zaila izan daiteke kokapenaren arabera. Bakterio-kultura ezibestekoa da baina 6 astez luza daiteke.
Laborategiko analisiak eginda, azkenean jaso zuen diagnostikoa emakumeak.
PAZIENTEA: Ikaragarrizko ezustekoa izan zen, ez baitzen itxaroten nuen gaixotasun mota. Gainera, uste nuen tuberkulosia biriketan soilik agertzen zela eta ez gorputzeko beste atal batzuetan. Sekula horrelakorik entzun gabe nengoen.
Dena dela, diagnostikoa prozesu luze baten hasiera baino ez da. Tuberkulosiaren tratamenduak, normalean, 6-9 hilabete inguruko iraupena du, eta gaixo batzuek ez dute toleratzen. Hala, Europako gaixoen %74k baino ez du arrakastaz burutzen tratamendua.
WINNIE FERNANDES; gaixoa:Botikak hartzen 3 hilabete neramatzanean, konplikazioak izan nituen, sabelean zorne-zorroak izan nituen, abszesuak. Eta haientzat botika gehiago hartu behar izan nituen: pilulak eta baita injekzioak ere bi egunean behin.
JUDITH BRUCHFELD; Karolinska Ospitalea: Diagnostikoa zaila da, baina tratamendua ere luzea eta neketsua da. Eta badakit hori arazo bat dela paziente askorentzat, esaterako Winnie-rentzat. Osasun-zerbitzuen aldetik laguntza handia eman behar zaio gaixoari aurrera egin dezan eta nahigabea gainditu dezan.
Bi gaixoek gainditu dute gaixotasuna eta birikez kanpoko tuberkulosiaren historia luzeak amaiera zoriontsua izan du. Hala ere, batzuetan, orbain fisiko eta emozionalak geratzen dira. Gaixo batzuek, estigmaren beldurrez, ez dute hortaz hitz egin nahi izaten.
PAZIENTEA:Beti pentsatu izan dut jendeak jakingo balu esamesak hasiko liratekeela: “begira, gaixorik dago, seguru kutsakorra dela, isolatuta behar luke...” eta horrelakoak. Beraz, ez diot inori esan. Baliteke isilpean gorde izana nik neuk ezin izan dudalako inoiz onartu. Onartu izan banu ez litzaidakeen inportako besteek jakiterik.
WINNIE FERNANDES; gaixoa:Emozionalki ez dit niri bakarrik eragin, familiari ere kalte egin zion. Haurrei eragin zien, senarrari, gurasoei, aitaginarreba eta amaginarrebari Indian... guztiei. Beraz, kalteak pairatzen dituen multzo handi bat dago. Gogorra da, oso gogorra izan da.