Patrikakoak, paretekoak, eskumuturrekoak… orratzekin ala digitalak. Erlojuek ordua baino askoz gehiago esaten digute: egutegia, ilargiaren fasea… 80. hamarkadako modelo batzuek kalkulagailua ere bazuten. Ezinbestean, gaur egungo erlojuak adimendunak dira, eta Internetera konektatzen dira.
Mugikorraren bigarren pantaila bat eskumuturrean eramatea da ideia, mezuak, txioak eta horrelakoak sakelakoa patrikatik atera gabe ikusteko. Telefonoan ditugun aplikazio batzuk urrunetik kontrolatzeko ere balio dezake.
Hemen daukadan hau merkatura irten den lehen modeloetako bat da: Sony Smart Watch. Telefonoarekin Bluetooth bidez komunikatzen da, eta Android sistema eragilea duten mugikorrekin funtzionatzen du. Lehenik eta behin, bi gailuak parekatu behar dira, eta erlojua konfiguratzen lagunduko diguten aplikazio pare bat jeitsi.
Erlojuak zenbait aplikazio dakartza, baina Google Play-tik gehiago deskargatu ditzakezu. Esate baterako, badago eguraldiaren iragarpena ematen duen aplikazio bat, eta telefonoa bilatzen lagunduko dizun beste bat, beti ere Blouetooth irismenaren barruan baldin badago, noski. Telefono deiak erantzuteko, mezuak erlojuan bertan irakurtzeko, eta sare sozialen berriak ikusteko ere balio du. Gainera, telefonoko musikaren urruneko aginte gisa erabil dezakezu, eta baita kirola egiten ari zaren bitartean Endomondo kontrolatzeko ere.
Sony-ren modelo hau 129 €-tik aurrera eskuratu daiteke, eta kolore askotan dago. Pebble eta I’m watch etxeek ere atera dituzte haien bertsioak, eta urte hasieratik badabil zurrumurrua Apple-k ere erloju adimendun bat aurkeztuko duela. Harrakasta izango dute edo porrot teknologikoen zerrendan galduko dira? Denborak esango du.