Imre Gyuk Estatu Batuetako gobernurako egiten du lan, Energia Sailean, Hain zuzen ere, energia biltegiratzeko ikerketa-programaren burua da. Programa hori energia-sarearen etorkizunari begira jarri zuten martxan, energia berriztagarriak sarean integratzeko beharrari erantzuteko.
IMRE GYUK; Estatu Batuetako Energia Saila: Seguruenik, Estatu Batuetako energia-sarea munduko mirari teknologiko handienetako bat da, noski, sare europarrarekin batera.
Sarea diseinatu eta garatu da erregai fosilen ideian oinarrituta. Baina gaur egun beste zerbait ere badugu: integrazio berriztagarria eta energia berdea ditugu. Haizea eta fotoboltaikoa; eta beste energia batzuk ere bai, bio eta geo, baina gehienbat haizea eta fotoboltaikoa. Oso onak dira jasangarriak eta berriztagarriak direlako, eta asko atsegin ditugu. Baina arazo bat ere badugu: aldakorrak dira. Indarrean daude naturak erabakitzen duenean, eta ez guk behar ditugunean. Eta hemen sartzen da sarean energia biltegiratzearen ideia. Aurrerantzean, energia sortzea eta berehala kontsumitzea ez da nahikoa izango, haizea gauez dabilelako, eta fotoboltaikoak lainorik ez dagoenean bakarrik funtzionatzen duelako. Energiaren sorrera eta kargaren arteko baliabide bat behar duzu, eta horixe da biltegiratzea.
Elektrizitatearen beharra iragartzea ez da nahikoa, haize-energia berriztagarririk ez duzunean, ezin duzu energia hori banatu, berdin du iragarri duzun ala ez. Hain zuzen, Estatu Batuetan prezioen gorabeherek islatzen dute hori. Garai batzuetan, Texas bezalako lurralde oso haizetsuetan, energiaren prezioa negatiboa izaten da. Elektrizitatea sarean sartu ahal izateko, ordaindu egin behar duzu. Hori ez dago ondo. Gaueko energia biltegiratu eta egunez erabili ahal baduzu, iragarpenak eskatzen duenean, etekina aterako diozu.
Maiztasun bidezko erregulazioa beste edozerren gainean sortzen diren gorabehera txikien arazoa da. Fluktuazioa lainoak egotearen ondorioa da fotoboltaikoetan; eolikoetan, haizearen gorabehera. Eta horiek orekatzeko azkartu edo mantsotu egiten dugu erregai fosilen konbustioa. Autoarekin trafikoan sartuta zaudenean bezalakoa da. Beharrezkoa denean, gutxiago zapaltzen duzu azeleragailua; beste auto bat gainditu behar duzunean, berriz, azeleragailua zapaldu egiten duzu. Hala ere, autoen kasuan dakigun bezala, funtzionatzeko modu hori ez da oso eraginkorra. Gasolina gehien kontsumitzen duen modua da, azeleratzen eta mantsotzen joaten zarenean. Horretarako ditugu ibilgailu elektriko hibridoak, motorrak erregularki askatuko du energia eta bateria, kargatu eta deskargatzen denez, fluktuazioei erantzungo die. Gauza bera gertatzen da sare elektrikoarekin. Eta auto hibridoak kontsumo txikiagoa duen bezala, sareak ere kontsumo txikiagoa izango du, eta ahalmen handiagoa izango du energia berriztagarriak egokitzeko biltegiratzearen bitartez. Oro har, baterien bidez funtzionatzea erregai fosilen bidez funtzionatzea baino bi aldiz eraginkorragoa izaten da.Sarea gero eta konplexuagoa egin ahala, aukera handiagoak ditu huts egiteko. Teknologiaren lege orokorra da: zenbat eta konplexutasun handiagoa izan, orduan eta akatsak izateko aukera handiagoa. Eraiki behar dugu autonomoki funtzionatzen duen eta konpartimentatu daitekeen zerbait. Eta sarean integratu behar dugu. Sare adimendunak norabide horretan ari dira garatzen, sare adimendunak gai izan behar dutelako arazoak detektatzen eta gertuko baliabideekin konpontzen. Eta biltegiratzeak ere norabide berean doa. Zonak segmentatzeko gai izan behar dugu, eta sareak zatika isolatuta ere funtzionatzeko gai izan behar du, kanpoaldeko konexioaren beharrik izan gabe.
Hondamendi naturalak ditugu EstatuBatuetan, normalean haizearen ondorioz kostaldean, baina baita bisutsak, elurra, badira lurrikarak, badira suteak, eta Japoniakoa bezalako hondamendiak… Gero eta argiago dago larrialdietarako prestatu behar dugula. Eta energia biltegiratzearen ideia ezinbestekoa da kontu horretan, energia berriztagarriekin batera. Lortu beharko genuke enegia berriztagarriak eta biltegiratzea erabiltzea sistema txiki bat etengabe funtzionamenduan izan ahal izateko. Bi hilabetez, behar baldin bada.
Eta ideia interesgarria da herrialde garatuetan larrialdien aurreko prestakuntzarako sistema bera, sarera konektatu gabeko guneetan erabil litekeela garatze-bidean dauden herrialdeetan, Afrikan, Indian, Txinako zona batzuetan. Hango jendea ez dago sarean eta seguru asko ez dira inoiz egongo transmisio-distantziak handiegiak direlako. Beraz, larrialdietarako prestatzen ari garen egitura hauek etorkizuneko sistemak izan litezke saretik urruti bizi den munduaren heren batean.