Donostia ospitaleko “ospitaleratu gabeko kirurgia unitatean” gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek tratamendua hartzen dute.
Lehen eguna du Beatriz Aierbe ataundarrak unitate honetan. Urte luzeetan gaitza pairatu ostean Artritis reumatoidea diagnostikatu zioten orain lau urte. Ondoren, Espondilitis Ankilopoietiko gaixotasuna ere diagnostikatu diote. Esku eta hanketako artikulazioen hantura edo inflamazioa eta bizkar hezurrean kalteak eragiten dituzte gaitz horiek. Orain tratamendu berria jarri diote.
Beatriz Aierbe: Gorputz guztia gelditu zitzaidan arte. Niri ez zidan esku batean eman , bi eskuetan eman zidan. Besoak, belaunak txorkatilak ezin nituen mugitu, mandibula ere ez. Orduan konturatu ziren gaixotasun hori zela eta tratamendua jarri beharra zegoela eta metrotresatoa jarri zidaten. Harekin bi urte egon naiz ezer gabe baina, gerora, badirudi Espondilitisa ere badaukadala eta orduan beste zerbait gehiago ere behar dudala. Ikusiko dugu ea gaur nola joaten zaigun.
Erreumatologiaren arloko bi gaitz horiek hanturazko gaixotasun autoinmune taldekoak dira. Organo ezberdinei eragiten dien gaixotasun zerrenda luzea biltzen da multzo horretan. Baina, guztiak immunitate- sistemaren edo defentsa- sistemaren gaitzak dira.
Olga Máiz, erreumatologoa : Sistema- immunearen funtzioa kanpoko agenteen kontra lan egitea da, adibidez, bakteria eta birusen kontra, hau da, infekzioen kontra. Gaixotasun hauetan immunitate- sistema asaldatuta dago eta gure gorputzaren kontra doa, gure gorputzaren atalak ezezagun bezala hartzen dituelako.
Ana Iglesias errenteriarrak Sjogren-en Sindromea dauka. Listua zein malkoak sortzen dituzten guruinei eragiten die sindrome horrek.
Ana Iglesias: Yo desde siempre desde pequeñita he tenido los ojos siempre mal, lo que pasa es que decían que era conjuntivitis. Con 18-19 años los ojos se me ponían cada vez peor, se me hacían úlceras. Estuve en muchos sitios y no sabían qué era, me daban cortisona y no se me curaba.
Olga Máiz, reumatologoa: Diagnostikoaren zailtasuna da gaixotasun hauen sintomak batez ere, gaixotasun degeneratibo edo mekanikoekin nahasten direla; orduan, batzuetan ez dago argi gaixotasunaren hasieran zein den arazoa.
Diagnostiko goiztiarra egiteko eta terapia egokiena ezartzeko bidearen bila ari dira besteak- beste, CIC microGUNE ikerketa- zentroan. Mikro eta nano teknologiak baliatzen dituzte beren ikerketetan. Txikitasuna aztertuz jakintzan sakontzea dute helburu, ondoren, jakintza hori aplikazio zehatzetara bideratzeko.
Lan horretan, teknologia bat baliatzen ari dira: gainazaleko plasmoien erresonantzia deritzona.
CICmicroGUNEko gela zuri honetan teknologia horrekin egiten dute lan.
Hauxe da lehen fase honetan erabiltzen duten gailua. Beirazko prisma bat da, gainean urrezko xafla bat duena. Aparailu honen bidez, argiarekin gainazalari eragiten diotenean fenomeno berezi bat sortzen da: plasmoia.
Santos Merino, CICmicroGUNE: Plasmoiak metal batzuen gainazalaren eta kokatuta dauden ingurunearen artean sortzen dira. Airea edo ura eta urrearen artean, alegia. Urrezko gainazal horretan elektroi batzuk aske daude, eta argiarekin eragiten diegunean gainazalean uhinak sortzen dituzte. Plasmoiak, alegia.
Elektroien uhin horiek edo plasmoiak teknologia honen oinarria dira, gaixotasuna diagnostikatu ahal izateko lehen elementua.
Baina, ez bakarra. Gaitza diagnostikatu ahal izateko eta terapiari behar bezala eratzuten diola jakiteko gainera, gaixoaren odol edo listu laginean dauden molekula batzuk identifikatu behar dira: Gaixotasunaren biomarkatzaileak.
Santos Merino, CICmicroGUNE: Ez da ohikoa proteina bakar batekin gaixotasuna diagnostikatzea. Multzo bat identifikatzen da, kopurua aldakorra da: lau, 12, 15 molekula ere izan daitezke. Horiek gaixotasunari buruzko informazioa emango digute. Gaitza hasierako faseetan dagoen hala guztiz garatu den.
Gaitza identifikatzeko beharrezkoa den hirugarren elementua: antigorputzak dira.
Gaixotasunaren adierazle diren Biomarkatzaileetako bakoitzak bere antigorputz espezifikoa dauka. Antigorputz horien lana dagozkion biomolekulak harrapatzea da.
Horregatik, antigorputz horiek txiparen gainean jartzen dituzte, odol edo listu laginean dauden markatzaileak bilatzeko.
Pazientearen lagina, eta antigorputzak itsatsita dituen txipa makinan sartuko dituzte.
Josu Martínez- Perdiguero, CIC microGUNE : Behin hau biofuntzionalizatua dagoenean sistema barruan sartzen dugu. Sistema nahiko sinplea da: alde batean argi iturri bat daukagu eta bestean detektorea. Txipa sartzen dugunean argia hemen, gainazal honetan islatzen da, eta detektoreak islatutako argia neurtzen du.
Santos Merino, CICmicroGUNE: Odol laginean gaixotasunaren erakusgarri diren biomolekulak badaude, antigorputzek harrapatu egingo dituzte. 100, 200, 300 nanometroko distantzia txiki horretan aurkituko direnez, plasmoiek nabarituko dituzte eta islatzen den argiaren seinalea aldatuko dute. Horrela guk argi aldaketa hori neurtuko dugu
Biomarkatzailea antigorputzari itsasten bazaio, plasmoiak islatuko duen argian aldaketa bat egongo da. Horrek esan nahi du, odol lagin horretan gaixotasunaren molekula-markatzailea dagoela. Pazientea gaixo dagoela, alegia. Horrela egiten dute diagnostikoa. Irizpide berdina jarraitzen dute gaixotasunaren bilakaera monitorizatzeko edo gaixo bakoitzari terapia egokiena ezartzeko ere.
Baina, gela zuriko makina honetan erabiltzen duten txiparekin, biomarkatzaile bakarra detektatu daiteke. Eta gaitz bat identifikatzeko normalki, biomarkatzaile talde bat aurkitu behar izaten da.
Horregatik CICmicroGUNEN Gainazaleko plasmoien erresonantzian oinarrituta sistema berri bat garatzen ari dira.
Hauxe da sortu duten txipa. Polimero batez estalita dagoen beira xafla bat da, eta gainean nano-zuloz osatutako patroi bat dauka inprimatuta. Urrezko kapa mehe batez estaltzen dute ondoren.
Nano-zuloz osatutako zenbait gune edo sare ditu txipak, sare bakoitza txiparen aparteko leku batean dago kokatuta. Eta berezitasuna da, horietako gune bakoitzak biomarkatzaile desberdin bat identifikatu dezakeela.
Santos Merino, CICmicroGUNE: Hortaz, txip honen abantaila da, tamaina txikikoa izanda ere, aldi berean dozena bat proteina detektatu ditzakeela. Horietako gune edo sare bakoitzean biomolekula-markatzaile ezberdin baterako antigorputzak jarrita.
CICmicroGUNEko optika laborategian diagnostiko sistema berriaren prototipoa muntatu dute.
Hementxe dago txipa. Kasu honetan, argia plasmoi bihurtzeko ez dago prismaren beharrik, nanozuloek laguntzen dute horretan(akoplamendu hori egiten). Gainera, muntaia optikoa lehen azaldutakoa, gela zurikoa baina simpleagoa da, zuzenagoa. Optika eta lenteen bidez argiaren transmisioa espektrometro-optiko batean jasotzen da, eta honi esker egingo dute emaitzaren irakurketa.
Kasu honetan biomarkatzailea eta antigorputza elkartzen badira, plasmoiak islatuko duen argiaren maiztasuna mugitu, desplazatu egingo da. Horrela jakingo dute paziente hori gaixo dagoela. Baita gaixotasunaren garapena ere.
Josu Martínez- Perdiguero, CIC microGUNE : Agian etorkizun batean, sistema hauek izangog ditugu, adibidez farmazia batean edo kontsulta bateko mahai gainean. Nahiko txikiak izango dira eta modu zuzen eta azkar batean, medikuak hainbat gaixotasun diagnostikatu ahal izango ditu.
Txip honek baditu abantaila gehiago ere. Sistema bera konpaktua eta arina da, eta nanoestrukturen ekoizpenerako erabiltzen diren prozesuak maila industrialera eramateko modukoak dira.