Bideojokoen zale amorratua izan gabe ere, oso erraza da mugikorreko jokoekin denbora pasatzea. Nor ez da engantxatu Apalabrados edo Angry Birds-ekin?
Gaur Bilboko Delirium Studios enpresara etorri gara. Hain zuzen, mugikorretarako bideojokoak garatzen dituzte hemen, eta orain kontsolen merkatuan sartzear daude. Besteak beste, Kinito Ninja eta Don Celes tituluak irten dira hemendik, eta, orain, zenbait joko, Kinito Sports eta Los Ríos de Alice, telebistako pantailararako ere aterako dituzte.
Ekainean aurkeztuko den OUYA kontsolarekin jokatzeko balio dute biek. Hemen daukagun hau garatzaileentzako bertsioa da, eta, ikusten duzuen bezala, Rubick kubo baten itxura duen gailu bat da, eta kontsola baten ohiko agintea dauka. Android sistema eragilean oinarrituta dago, eta bideojokoekin jolasteaz gainera, pelikulak ikusteko eta telebista Internetera konektatzeko ere balio du.
OUYA-ren sortzaileen asmoa da noizbehinkako jokalariak, hau da, autobusaren zain gaudenean partida bat jokatzen dugun horiek, etxeko sofara erakartzea. Hori bai, joko azkar, erraz, eta zergatik ez, merkeen bidez. Esate baterako, Kinito Sports doan deskargatu ahal izango dugu, eta jokoan aurrera egiteko behar ditugun elementuak edo mailak desblokeatzeko ordaindu. Kontsola bera 99 dolarretan salduko da, 75 bat euro.