Saskia eta aitzurra hartuta perretxikotara etortzea ez da batere normala. Baina Jaime askotan ibiltzen da horrela. Jaime Olaizola zumaiarrak mendi ingeniaritza ikasi zuen eta mikologian espezializatu da. Txikitatik gustatu izan zaio perretxikoen mundua eta orain enpresa bat du basoak onddoz ereiten dituena. Bergarako hau horietako bat da; udaberrian boletus mizelioarekin inokulatu zuten, beraz ez da leku txarra zerbait aurkitzeko: lastima azken hilabete t’erdian tantarik egin ez izana. Hala ere, teknikoki, saskia perretxikoz beteta daramagu. Hau, Jaimek bere laborategian sortu duen mizelioa da, kasu honetan boletus pinophilus edo pinudietako onddo-zuriarena.
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Bai, hala da, poltsan dagoenak basoan lurpean dagoenaren berdina izan nahi du, laborategian egindako kopia bat
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Eta perretxikoa da…
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Perretxikoa fruitua da, esporak edo haziak zabaltzen dituena, konparazio batera, onddoaren prozesua da sagarrondo batena bezalakoa, perretxikoak sagarrak dira, hazia zabaltzeko sortzen dira.
GUILLERMO ROA, Elhuyar: Historian jende asko hil da jakin arte benetan perretxiko pozoitsuak badaudela. Orain badakigu zein diren pozoitsuak eta zein ez. Orain badakigu zer motako pozoia duten, eta nolako tratamendua dugun pozoi horri aurre egiteko. Baina baita ere ikasi dugu batzuetan ez dela batere erraza bereiztea perretxiko jangarri bat eta pozoitsu bat. Nik, adibidez, honekin daukat zalantza.
Perretxiko pozoitsuek ez dute nahitaez jangarriek baino kolore biziagorik. Ez dute zapore edo usain okerragorik . Eta pozoitsuak izanda ere, litekeena da animalia batzuek jan ahal izatea. Azkenean, jangarriak eta pozoitsuak bereizteko modu seguru bakarra perretxikoak ezagutzea da. Eta horregatik etorri naiz perretxikoak ondo ezagutzen dituzten tokira.
Espezieak ezagutzeaz gain, Aranzadi Elkarteko mikologoek aholkua ematen diote haiengana jotzen duten guztiari. Donostian duten egoitzara zalantzazko perretxikoak astelehen arratsalde batean eramanez gero, haiek laguntzen dute espezieak identifikatzen.
PEDRO ARRILLAGA, Aranzadi Elkarteko Mikologoa: Amanita panterina. Hau da... gogoratzen zara Amanita muscaria bestetan ekarri duzula? Bat gorria pintakin... la seta de los enanitos esaten dioguna. Ba da falmilia horretakoa.
PEDRO ARRILLAGA, Aranzadi Elkarteko Mikologoa: Boletus calopus. Grisa samarra gainetik. Batzuetan izaten da ere pixka bat ilunagoa. Marroixka pixka bat. Baina dauka behetik “porok”, esponja bezala, eta “porok” dira horiak honetan. Zanpatzen baldin badugu, gelditzen da pixka bat urdina. Begira.
PEDRO ARRILLAGA, Aranzadi Elkarteko Mikologoa: Russula sanguinea. Sanguinea edo sanguinaria. Muy picante... kriston picante. Nahi duzu probatu? Ez? Bueno.. horretan utziko dugu orduan. Egiten duzu pixka bat probatu eta gero bota txistua. Russula sanguinaria.
JESUS AVILES, Servicio Urgencias Hospital Donostia: Uste dut azken urte hauetan dibulgazio-lan luze eta zabala egin dela. Biztanleria kontzientziatu da, baita perretxiko-biltzaileak eta kontsumitzaileak ere. Lan hori, beste batzuen artean, Aranzadi Elkarteko mikologoeek egin dute gure inguruan. Eta lan horri esker, intoxikazioen kopurua txikia eta egonkorra da orain.
Zuhaitzen %95ak onddoak ditu sustraietan eta haiekin erlazio edo harreman mikorrizikoa du, hau da, elkar laguntzen dute. Landareari elikagaiak eta ura ematen dizkio onddoak eta honek, karbono hidratoak eta bitaminak eskuratzen ditu. Onddo parasitoak ere badira, ostalariaren kontu bizi direnak, eta saprofitoek berriz materia organikoa deskonposatzen dute. Txanpinoiak edo makal-zizak saprofitoak dira eta horrelakoen ekoizpen-zikloa erabat kontrolatuta dago. Onddo mikorrizikoena beste kontu bat da. Esnegorri edo boilurra landatzea lortu da dagoeneko urtetako ikerketaren ondoren, baina boletusen kasuan orain ari dira lehen urratsak ematen. Urrats horiek, Palencian hasi dira gainera, Venta de Baños-en hain zuzen.
Venta de Baños-en ikasi zuen Jaimek mendi-ingeniaritza eta han du bere enpresak egoitza. Bazkideak, zumaiar bat, elgoibartar bat, donostiarra eta Avilako neska bat. Ez, ez da txiste bat. Serio egiten dute lan hemen, ikertzen, perretxikoak geroz eta hobeto ezagutzeko.
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Onddoen bizimodua, perretxikoak mendian nola bizi diren, zer duten gustuko, PH azidoa duen lurra edo kareharrizko lurra, baso argiak edo ilunak,… hori dena ikertu dugu urte askoan, mendian, landa-lanean, eta ezagutza hori guztia erabili nahi dugu gehien saltzen diren perretxikoen ekoizpena hobetzeko edo medikuntzan erabili daitezkeenena.
Bergaran ereindako boletusen mizelioa laborategi honetantxe sortu zen, prozesu berdinaren bidez. Ingurune esterilean, boletus ale txikien barneko zatitxo bat hartu eta plaketan jartzen da. Elikagai koktel bat dago plakan: glukosa, gatza, bitaminak,… eta zatitxoa berehala hasiko da mizelioa sortzen. Lizunaren moduko sarexka zuri hori da mizelioa. Gero, zatitxoak hartu eta beste plaka batzuetan ipini eta ugaldu egingo da berriro ere mizelioa. Ez da esajeratzea prozesuari klonazio deitzea, izan ere onddo bera da genetikoki. Eta behin eta berriz errepikatzen da birlandaketa.
Ondoren, basoko lurra gogora ekartzen duen substratu esterilean gordetzen da mizelioa. Poltsa hauetan bizi-bizirik dago boletus-, niskalo- edo boilur mizelioa, ereiteko prest. Poto bakoitzean, toki jakin batean jasotako onddoarena gordetzen da eta toki bakoitzean gainera ale bat baino gehiago biltzen dira, gero, onenak aukeratzeko.
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Toki jakin bateko anduiak direla kontuan izatea garrantzitsua da, baina tokian-tokiko andui desberdinak ere badira. Bergaran 20 boletus jaso ditzakegu baino batzuk hobeto haziko dira besteak baino.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Hazkuntza hori plaketan ikusten duzue?
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Hala da, gure asmoa mizelio asko sortzea da.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Horregatik andui indartsuak zabalduko direnak…
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Eta horretarako andui indartsuak bilatzen ditugu, asko hazi eta asko mikorrizatzeko gai direnak. Hortaz onddo asko eta leku ezberdinetakoak aztertzen ditugu gero onenak aukeratzeko.
PEDRO ARRILLAGA, Aranzadi Elkarteko Mikologoa: Eta hau ere dauka usaina “a patata”. Rábano, patata cruda, tierra...
JESUS AVILES, Servicio Urgencias Hospital Donostia: Oro har, perretxikoen intoxikazioak, medikuntzaren ikuspuntutik, bi motatan sailkatzen dira: sortasun laburrekoak eta luzekoak. Sortasun laburrekoak azaleratzen dira perretxikoa jan eta 30-40 minutuko epetik 3-4 orduko epera bitarte. Ohiko sindrome batzuk izaten dituzte. Intoxikazio arinak dira. Eta badira beste intoxikazio arriskutsuago batzuk, horiek bai larriak. Horiek perretxikoa jan eta 6-8 ordutik aurrera azaltzen dira. Sortasun luzeko intoxikazioak deitzen diegu, eta gure inguruko adibide esanguratsuena Amanita phalloidesaren intoxikazioa da.
Amanita phalloidesaren amatotoxinak jende asko hil du, tartean, ustez behintzat, Erromako Claudio enperadorea eta Austriako Karlos artxidukea.
PEDRO ARRILLAGA, Aranzadi Elkarteko Mikologoa: Hau problema da jaten baldin baduzu. Hau basta da gizon bat hiltzeko. Basta da. Ejemplar bat basta da.
Ingelesek phalloidesari death cap deitzen diote, kapela hiltzailea, eta Euskal Herrian ospetsua da ale batzuek gibelurdinaren antza handia dutelako.
JESUS AVILES, Servicio Urgencias Hospital Donostia: Ez da harritzekoa oraindik ere baten batek Amanita phalloidesa janda itoxikatzea. Bi arrazoi daude horretarako: batetik, oso perretxiko ugaria delako gure basoetan, eta, bestetik, biltzaile asko dagoelako. Gainera, biltzaile berri asko dago.
GUILLERMO ROA, Elhuyar: Honekin daukat zalantza handiena. Amanita Phalloides ote den edo ez.
PEDRO ARRILLAGA, Aranzadi Elkarteko Mikologoa: Jesus, Ez, ez da Amanita Phalloides baina hau oso antzekoa da. Oso antzekoa da. Hau da Amanita citrina.
Aitzurra ezinbestekoa da ereite edo inokulazio prozesuan. Sustraiak, handiak ez, txikienak moztu behar dira. Udaberrian egin ohi da hau, lurra hezea eta zuhaitza indarrean dagoenean. Nolabait, inausketa bat bezalako da inokulazioa. Ebakitako sustraiak hazi egingo dira berriro ere, kimu berriak emango dituzte, eta mizelioz bildu ditugunez, mikorrizazioa gertatuko da. Teorian hori, praktika beste kontu bat da.
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Praktikak dio hau dela metodorik aurreratuena, naturan gertatzen den berdina egiten baita, mizelioa inokulatzen dugu. Praktikak dio hau natura dela, eta ez laborategia. Mila gauza pasatzen liteke, zuhaitz horretan funtzionatuko du eta hemengoan ez, lurra aldatu egiten da, baina egin ditugun entseguetan errendimendua altua ari da izaten. Emaitzak onak izan dira.
Izan ere, badira prozesu honetan kontrolpean dauden faktoreak eta oraindik kontrolatzen ez direnak. Adibidez, ikerketak eta esperientziak erakutsi du boletusek baso argiak dituztela gustuko, zuhaitz helduak eta lur azidoak. Gainera, inokulazioak arrakasta izateko aukera gehiago egongo da bertako haziarekin egiten bada. Ingurune, klima eta zuhaitz jakin bati egokitutako boletusak hobeto emango dira toki horretan bertan edo antzekoetan. Beraz, hau guztia kontuan izan behar da mizelioa erein aurretik, itsu-itsuan egin gabe, eta Jaimeren enpresak eskaintzen duen inokulazio-zerbitzuan sartzen da hori guztia kontrolatzea. Elgoibarren bulego berria ireki du oraintsu.
LANDER AGIRREGOMEZKORTA; Elgoibarko bulegoaren arduraduna: Eskaintzen dugun lana litzateke basoa bakantzea; garrantzitsua da argia sartu ahal izatea onddoak irteteko.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Beraz, basoa aztertzen duzue lehenik, ea egokia den ikusteko.
LANDER AGIRREGOMEZKORTA; Elgoibarko bulegoaren arduraduna: Ez zuhaitzak bakarrik, baita lurra bera ere, lurra izan daiteke ematen duena, oparoa, eta orduan ez luke behar interbentzio gehiagorik, eta ez badago baina egoteko aukerarik badago, mizelioa sartzen da, erein egiten da.
PEDRO ARRILLAGA, Aranzadi Elkarteko Mikologoa: Jesus, santo Dios bendito; hemen ere badaukazu. Hau ere Phalloides da. Hau bai da phalloides. Hau ez, baina hau bai. Ikusten? Brillo, verdoso-aceitunado.
Pedrok erraz identifikatu ditu perretxikoak, baina badaezpada, Wielanden proba egingo dugu biekin, Amanita phalloidesaren amatotoxina detektatzen duen proba kimiko sinple bat.
Bi perretxikoei zukua atera eta lignina asko duen paper bat busti egin behar da zuku horiekin. Bustitakoaren gainean, azido klorhidrikoa. Tanta bat bota, eta itxaron. Amatotoxina duen tantak, phalloidesarenak alegia, hamar minutu geroago urdindu egingo da. Emaitza argia da. Pedrok iragarri duen bezala, gurea Amanita citrina da eta ez da urdina jarri. Phalloidesa, berriz, bai.
JESUS AVILES, Servicio Urgencias Hospital Donostia: Perretxikoak janda intoxikatutako kasuen kopurua ez da murriztu. Urtez urte, kopuru bera izaten jarraitzen du, gutxi gorabehera. Oso kopuru txikia da, urte bakoitzeko eta milioi biztanleko bost-hamar kasu izan dira.
Hala eta guztiz ere, joera horrek ere baditu salbuspenak.
JESUS AVILES, Servicio Urgencias Hospital Donostia: Larrialdi-zerbitzuan, bada nabarmena perretxiko aluzinogenoak jateagatik izaten diren asistentzia-kopurua igo egin dela. Ondo pasatzeko jaten dituzte. Perretxikoek eragindako intoxikazioetan, hori bada handitu den mota bat.
Dena ongi badoa, mikorrizazioa gertatuko da basoko lurzoruan, onddoaren mizelioak eta zuhaitzaren sustraiak bat egingo dute. Hauek arte gazte baten sustraiak dira; mendian ez, mintegietan eragin da mikorrizazioa, kasu honetan, boilurrarekin mizelioz estali ziren sustraiak. Laborategi hauek dira estatu mailan landare mikorrizatuen zertifikazioa egiten duten gutxietako batzuk. Egiaztapen hori mikroskopioz egin daiteke.
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Loditze bat dago beti. Begira, sustraia normal doa eta mizelioak sustraia bildu duen lekuan, lodiagoa da. Horixe da mikorriza bat, mizelioak eta sustraiak bat egiten duten lekua.
Edo beste modu bat ere bada, aurreratuagoa, mikorrizazioa gertatu dela jakiteko eta mizelioa aurkitzeko. Lagin hauetan boletus mizeliorik ote dagoen ezagutzeko azterketa genetikoak egiten dira. Ehundaka, milaka DNA arrasto daude lurrean baina makina hau gai da boletusaren DNA arrastoak topatzeko, filmeetako edo telebistako ikerlarien antzera. Kontua ez da hiltzailea nor den jakitea, boletus edulisaren mizelioa Bergarako pinudian dagoela eta zabaltzen ari dela egiaztatu nahi da.
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Adibidez, hau positibo bat da. PCR makinak DNA detektatu eta anplifikatu du, kasu honetan, boletus edulisen DNA bilatzeko esan diogu. Makina gai da esateko “bai, boletus edulis da”.
Metodo honen bidez inokulazioa arrakastatsua izan den edo alferrikakoa izan den ikusten da. Normalean erein eta urtebetera egiten da azterketa eta Bergaran boletusik aurkitu ez dugun arren, lurpean gutxienez badirela erakusten dute emaitzek.
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Emaitza hauek guztiak positiboak dira.
IÑAKI LETURIA; Elhuyar: Ikusi al duzu onddorik hemen?
IÑAKI ALBERDI; basoaren jabea: Oraindik ez, udaberrian erein genuen, ipini berri dago eta orduan goiz da oraindik emaitzak ikusteko. Nik pentsatzen dut hurrengo udazkenean edo hurrengoan ikusiko dela zerbait.
Perretxiko bila ibili den edonork daki, hala ere, zein bitxiak diren, zein apetatsuak diren. Lurpean gertatzen dena geroz eta hobeto ezagutzen den arren, ekoizpen-zikloan kontrolatu ahal diren faktore guztiak kontrolatu arren, beti egongo da naturan ihes egiten duen zati bat.
JAIME OLAIZOLA; ID Forest: Adibidez euria ezin dugu kontrolatu, baldintza onenetan inokulatu arren dena ez da menderatzen eta perretxikoak nahi dutenean irtengo dira. Ahaleginak egingo ditugu fruitua emateko baldintzak prestatzen baina prezipitaziorik gabe, alferrik gabiltza. Zuhaitzak onddoarekin bat egin behar du, onddoak zuhaitzarekin, eta hortik aurrerakoa haien lana da.
2013/11/09