Landare berri bat baratzean. Biziaren miraria eta, aldi berean, gizakion janari-iturriaren itxaropena. Hala ere, landareak bizirik irauteko, onddoei aurre egin beharko die. Ia ziur.
ANA RODRIGUEZ; biofungitek: Nekazaritzan arazo nagusiak ez dira onddoek eragindakoak bakarrik. Nematodoek ere eragiten dituzte (zizare-moduko batzuek), intsektuek, eta landareei eragiten dieten birusak ere badira. Guk Biofungiteken onddoen gaixotasunak bakarrik aztertzen ditugu. Oso arruntak dira. Nekazaritzan dauden gaixotasunik ohikoenak dira.
Urteetan, fungizidak izan dira bizidun mikroskopiko horien aurkako defentsa nagusia. Baina ez diruri hori betiko izango denik.
ANA RODRIGUEZ; biofungitek: Nire ustez, bukatu da fungizida kimikoen mugarik gabeko erabilera. Gaur egun dena dago araututa, eta kontuan hartzen dira kontsumitzailearen eta ingurumenaren osasuna. Fungizida kimiko oso indartsuen bidezko estrategiak daude. Oso eraginkorrak dira onddoa tratatzeko, eta oso toxikoak ere bai, nahiz eta gaixotasun askoren kontra diren eraginkorrak.
Baina bada ordezko estrategia bat ere: onddoaren ekologia baliatzea, alegia, onddoak eta landarea duten harremana erabiltzea onddoaren hazkuntza kontrolatzeko.
Horretarako, ezinbestekoa da onddoaren biologia eta, batez ere, kimika ezagutzea.
UNAI UGALDE; upv/ehu: Onddoak, animaliak bezala, bere territorioak edo bere lekuak gordetzen dakite. Eta bata besteari esaten diote non dagoen bestea substantzia kimikoen bidez.
ANA RODRIGUEZ; biofungitek: Onddoen biologian adituak gara, eta egiten duguna da onddoen ezagutza hori aprobetxatu nekazaritzarako produktuak egiteko. Balio handiko landaketetara bideratuta daude: tomatea, pepinoa, kalabazina, marrubia, piperra...
Onddo hauek Biofungitek-en bertan hazi dituzte. Orain, onddoek sortzen dituzten substantziak jaso eta identifikatuko dituzte. Baina arazo bat dago.
UNAI UGALDE; upv/ehu: Onddoak substantzia asko sortzen dituzte. Bakterioek ere bai, baina onddoak askoz gehiago, beraien lengoaia substantzien bidez bideratzen delako.
Beraz, onddoek sortzen dituzten substantzia horiek banatu egin behar dira, eta seinale moduan jokatzen dutenak aukeratu, tratamendurako produktuak haiekin garatzeko.
Likidoen kromatografo honek egiten du banaketa-lana. Makinaren barruan, substantzien nahasteak ibilbide luze bat egin behar du. Batzuk lehenago irtengo dira beste batzuk baino. Makinatik irten ahala, Biofungitekeko zientzialariek jaso eta baieztatu ahal izango dute zer funtzio duen substantzia bakoitzak onddoaren biologian.
ANA RODRIGUEZ; biofungitek: Onddoek beren buruak erregulatzeko erabiltzen dituzten seinaleak, biologiaren eremu askotakoak dira. Hostoetan itsasteko, erneketarako, hosto baten gainean daudela eta ez beste nonbait hautemateko, eremua okupatuta dagoela adierazteko eta han ez duela beste inork hazi behar, onddoari esporulatu behar duela esaten duten seinaleak ere badira, eta onddoa zabaltzea eragozten dutenak...
Biofungiteken aztertu egiten ditugu, eta modu bat bilatzen dugu autorregulazio-seinale horiek produktu erabilgarri bihurtzeko, onddoaren hazkuntza kontrolatzeko.
UNAI UGALDE; upv/ehu: Gure estrategia ez da onddoa zuzenean hiltzea, baizik eta bere harremana landarearekin manipulatzea edo, nolabait, horretan beste eragile bat bihurtzea. Eta landarearen alde harreman hori eramatea.
Galdera da: zein da estrategia ekologiko horren eraginkortasuna? Ba al daude fungizida kimiko ezagunen mailan?
ANA RODRIGUEZ; biofungitek: Oro har, Biofungitekeko produktuak fungizida kimiko sintetiko asko bezain eraginkorrak dira.
Ekologia eta emaitza onak: horregatik saritu dute Biofungiteken lana World Technology Award sariarekin.
UNAI UGALDE; upv/ehu: Sari hori, guretzako nahiko babesa da, hau da, guk azaldu genuen gure proiektua, zertaz diren gure produktuak eta gure ikerketak, eta hangoek nolabait interesgarria eta positiboki ikusi zuten proposamena, eta azkenean sariarekin bueltatu ginen.
Lanaren errekonozimendua ez da bukaera bat. Onddoek jarraitzen dute hazten, eta zientzialariek jarraitzen dute galdetzen nola.
UNAI UGALDE; upv/ehu: Pentsatzen da %30a bakarrik ezagutzen ditugula, askoz entzima gehiago dagoela benetan guk ezagutzen ditugun konposatuak baino. Beraz, hemendik urte batzuetara hasiko dira konposatu berriak sortzen, ya hori manipulazio genetikoaren bidez, askatzen dutelako onddoak dituen blokeoa, ez baitakigu non eta noiz erabiltzen dituzten entzima horiek konposatu berezi horiek sortzeko. Baina seguru da noizbait eta behar dutenean egingo dituztela.
ANA RODRIGUEZ; biofungitek: Egia da oraindik ere bide luzea dugula, eta landareen gaixotasunei aurre egiteko, ikuspegi ekologokoago eta jasangarriago batetik erabil daitekeela.