Transkripzioa ikusi [+]
Ehun mila pertsonek erabiltzen dituzte egunero Donostiako autobusak. 27 autobus-lineek lotzen dituzte hiriko auzo ezberdinak eta zerbitzu guztien puntualtasuna %98koa da.
Gerardo Lertxundi /dbus-eko zuzendari kudeatzailea
“Horrek esan nahi du autobus guztietatik %98 iristen dela bere momentuan geltokira”.
Puntualtasun datuek azken bi urteetan nabarmen hobera egin dute, besteak beste, semaforoetan autobusei lehentasuna emateko sistema indarrean jarri zelako.
Hiri barneko trafikoa arautzeko semaforoak ezinbesteko dira. Hala ere, ibilgailuen joan-etorrien abiadura mantsotu egiten dute eta autobusak geltokira garaiz iristeko oztopo ere izan daitezke.
Gerardo Lertxundi /dbus-eko zuzendari kudeatzailea
Horregatik pentsatu genuen autobusak behar zuenean lehenago iritsi edo atzerapenarekin dagoenean pentsatu genuen garrantzitsua dela semaforoa, posible baldin bada, berde jartzea eta aukera ematea autobusari lehenago iristea geltokira”.
Errailen gaineko tranbien joan-etorriek lehentasuna izaten dute beti eta haiek pasatzean oinezko eta gurpildunei semaforoa gorri jartzen zaie. Ondorioz, nahiz eta horrelako esperientziarik autobusetan aurrez ez ezagutu, semaforoek autobusei lehentasuna emateko berariazko sistema diseinatu zen Donostian. Lanaren abiapuntu tranbien lehentasun-sistema izan zen. Catalunyako Unibertsitate Politeknikoaren lan teoriko batean oinarriturik, Donostiako autobusen eraginkortasuna hobetzeko lanari ekin zioten Dbus, Donostiako Udala, Indra eta Telven enpresek. Lan horren emaitza da semaforoetan autobusei lehentasuna ematen dien sistema.
Gerardo Lertxundi /dbusko zuzendari kudeatzailea
“Hasi ginen proiektu poloto batekin 2010ean, hasi ginen bost lineatan, eta ikusi genuen posible zela asko honbetzea garraio publioa”.
Donostiako 82 semaforok eskain dezakete lehentasuna. Erdiguneko 14 eremutan kokatuta, bidegurutzeetako trafikoa arautzen dute semaforo horiek guztiek.
Tranbienekin alderatuz, autobusen lehentasun-sistemak badu desberdintasunik: sistema malgua da eta unean uneko beharretara egokitzen da. Ondorioz, linea guztietan ez da aldi berean indarrean izaten eta autobus guztiei ez zaie lehentasuna ematen. Hala ere, Dbusen hiri barneko linea guztietan ezarrita dago.
Gerardo Lertxundi /dbusko zuzendari kudeatzailea
Flexiblea izateak esan nahi du bakarrik martxan jartzen dela autobusak behar duenean. Autobusak behar ez baldin badu eta autobusa bere orduan baldin bado, guk pentsatzen dugu ez dugula behar prioridade hori edo lehentasun hori martxan jartzea, eta orduan autobusa beste kotxe bat bezala semaforo gorrian gelditzen da eta itxaron egiten du. Baina behar duenean (…), autobusa bi, hiru edo lau minutuko atzerapenarekin baldin badoa, orduan lehentasun hori eskatzen du eta orduan jartzen dugu martxan”.
Sistema abian jartzeko ezinbesteko tresna GPSa da. Satelite bidez ibilgailuen jarraipena egiten da eta horri esker, uneoro haien kokapena ezaguntzen da.
Julen Etxabe/Dbus
Hemen barruan GPS sistema eta SAE sistema daukagu. Hemendik bidaltzen du satelite batera eta satelite horren seinalea goian daukagun sitemak hartzen du. Horrela jakin dezakegu Donostia osoan autobusak non dauden kokatuta.
Autobusen joan-etorriak ere minutuko zehaztasunarekin araututa daude. Ondorioz, ibilgailua non dagoen jakin ez ezik, non egon behar lukeen ezagutzen da.
Beraz, aurreikusitako ordutegiarekiko atzerapena duten autobusek lehentasuna eska dezakete.
Autobusek satelitera bidalitako seinalea Dbus konpainiaren kontrol-gelan jasotzen da eta handik Udaletxeko mugikortasun-zentrora bidali. Autobusaren atzerapenaren arabera, Udaletxetik lehentasuna emango zaio.
Sistema erabat automatizatuta dago. Bai eskaera, bai erantzuna, giza parte hartzerik gabe egiten dira.
Gerardo Lertxundi /dbusko zuzendari kudeatzailea
“Guzti hori egiten da 2 edo 3 segundutan eta inork parte hartu gabe”
Asier Colina / Dbus
Linea bakoitzarentzat atzerapen irizpide batzuetan oinarriturik, atzerapen denbora batzuk ezarri dira. Ez da berdina nahiko larri dabiltzan bi edo gehixoko atzerapena izatea edo denborarekin dabiltzan linea batentzako. Horegatik linea bakoitzak dauzka ezarrita atzerapen denbora batzuk.
Zenbat eta atzerapen handiago eraman, autobus hori edo zerbitzu hori, lehentasun semaforikoa lehenago piztuko zaio.
Dbuseko kontrol-gelako ordenagailuetan autobusak kolore ezberdinetako puntutxoen bidez irudikatzen dira. Garaiz doazen autobusen kolorea berdea da. Denboraz larri doazenena horia da eta naranja da atzerapenarekin joan eta lehentasuna eskatzen dutenena.
Onartutako lehentasun-eskaerei erantzun ezberdina eman dakieke: autobusa pasatu arte berde dagoen semaforoaren berde-zikloa segundu batzuetan luza daiteke edo gorri dagoen semaforoa normalean baino azkarrago berde jarri daiteke.
Asier Colina / Dbus
“Badaude kale nagusi batzuetan linea bat baino gehiago. Baldin badoaz hiru autobus berandu, hau da, hiru autobus horiek nahi dutela lehentasuna eskatu, sitemak berak ez die inoiz bi autobus baino gehiagori kasu egiten. Hirugarren aukera hori deuseztatu egingo luke sistematikoki.
Gerardo Lertxundi /dbusko zuzendari kudeatzailea
Guk lehenago prestatu dugu noiz eta zein baldintzatan lehentasun hori eskatu behar den eta onartu behar den. Arau horien arabera ematen zaio edo ez zaio ematen.
Autobusen puntualtasuna bermatzeko eta abiadura komertziala mantentzeko indarrean jarritako sistemari beste erabilera batzuk ere aurkitu zaizkio. Horrela Artzai Ona katedralaren aurrean trafikoa erregulatzeko erabiltzen da.
Julen Etxabe/Dbus
Karril busean dago jarria beste semaforo mota bat lehentasuna emateko autobusari. Honek egiten duena da zazpi segundu lehenago irekitzen da autobusa pasatzeko eta beste ibilgailuei zazpi segundu beranduago irekitzen zaie. Orduan denbora ematen du hiru karril gurutzatzeko eta ezkerreko karrilean jartzeko.
Gerardo Lertxundi /dbusko zuzendari kudeatzailea
Sistema honen bitartez lortzen dugu beti autobusa lehenago ateratzea kotxeak baino eta horrekin asko hobetzen dugu garraio publikoa.
Errondoko gainean berriz sistemak trafikoaren segurtasunari laguntzen dio.
Gerardo Lertxundi /dbusko zuzendari kudeatzailea
Bidea oso estua da eta segurtasun aldetik oso ona iruditu zitzaigun kotxeak eta autobusak inoiz ez joatea elkarrekin.
Julen Etxabe /Dbus
Autobusa 200 metrora iristen denean, semaforora 200 metro gerturatzen denean, sistema honek egiten duena da orlegian jartzen du zikloa, autobusari lehentasuna emateko, eta beste kotxeei gorrian jartzen die.
Donostia alderik alde zeharkatzen duten autobusek, hiriko semaforoei egunero 800-1.000 lehentasun-eskaera egiten dizkiete. Helburua hurrengo geltokira garaiz iristea da.