NAGORE REMENTERIA; Elhuyar: Galdera gaizto batekin hasiko naiz: softbola nesken beisbola al da?
ELENA ETXEBERRIA; Orioko Bate Bizkorrak: Igual bai. Gizonezkoetan ere indar handia ari da hartzen, beisbola baino jostagarriagoa delako, mugimendu handiagoarekin, eta famatzen ari da. Baina gehienbat neskek jokatzen dugu.
N. R.: Beisbola ezagunagoa da, izenez behintzat bai, baina oso antzekoak dira, ezta?
E. E.: Bai, oso antzekoak, beisbolaren arreba txikia dela esango genuke.
N. R.: Tamainaz ere bai?
E. E.: Bai, zelaia txikixeagoa da, basetik basera dagoen distantzia ere txikiagoa da, jaurtitzailea kokatua dagoen distantzia ere txikiagoa da, 13 metro, beisbolean uste dut 18 metro direla. Eta, gero, pilota: beisbolekoa tenisekoaren neurrikoa da eta hau handiagoa.
N. R.: Softbol hitzak berez “pilota leuna” esan nahi du.
E. E.: Bai, hasiera batean izango zen leuna edo biguna eskularrurik gabe jokatzen zutelako. Horrela hasi zen softbola. Baina orain ez da batere biguna.
N. R.: Zer ezaugarri ditu pilota honek? Nukleo bat izango du, ezta?
E. E.: Nukleoa du, poliuretano aparra da, gogorra. Eta kanpoko estaldura izan daiteke
larrua edo biniloa, askotan nahasketak izaten dira. Eta, gero, kotoizko jostura hau.
N. R.: Softbolaren tresna ezagunena batea da. Zerez egina dago?
E. E.: Nukleoa aluminiozkoa da, eta estaldura desberdinak daude. Adibidez...
N. R.: Karbono-zuntza hemen bistan dauka.
E. E.: Bai, karbono-zuntza, beira-zuntza, kevlarra, konposite diferenteak... Aluminioak arintasuna ematen dio eta estaldurek abiadura ematen diote pilotari, abiadura handiarekin ateratzeko ahalmena.
N. R.: Gainerako ekipamendua babeserako izaten da: eskularruak...
E. E.: Bateatzailearen eskularruak mota honetakoak izaten dira.
N. R.: Fin-finak, ezta?
E. E.: Bai, gehienbat dira eskuak ez mintzeko. Eskuetan minik ez hartzeko. Eta defentsan erabiltzen dena...
N. R.: Pilota jasotzeko erabiltzen dena, ezta?
E. E.: ... eskularru hau da. Larruzkoa. Neurri desberdinetakoak daude: adibidez, atzealdean jokatzen dutenek, pilota luzeak hartzen, eskularru luzeagoak erabiltzen dituzte. Berezi-bereziki diferentea duena hartzailea da, catcherra. Catcherraren eskularruaren berezitasuna da jaurtitzaileak oso fuerte jaurtitzen duela eta lodiagoak dira, eskuarentzako babes handiagoa dute.
Bateatzailearen arabera eskatzen diogu alde batera edo bestera jaurti dezala, efectuak eta abar.
N. R.: Honen (catcherraren) ekipamendua bai dela berezia.
E. E.: Berezia da arrisku handiena duen jokalaria delako. Belauneko hauek dauzka, hanka guztia tapatzen diotenak. Gogorrak dira. Petoa ere badauka, eta buruan kaskoa. Hasiera batean aurpegi-babesak bakarrik erabiltzen ziren, baina integralak atera dituzte, pilota edozein lekutatik etor daitekeelako.
N. R.: Babes hori guztia izango da pilotak abiadura handia hartzen duelako, ezta? Ze abiadura har dezake?
E. E.: Emakumezko jaurtitzaile bat irits daiteke 135 kilometro orduko abiadurara, hori maila altuenetan; gure Ane 60 milia orduko jaurtitzera iritsi daiteke, 96 kilometro orduko, gutxi gorabehera.
N. R.: Ia 100! Asko da.
E. E.: Hori da pilota zuzena botatzen duenean, gainerakoan efektuak erabiltzen ditugu. Abiadura txikiagoa da baina pilotari beste mugimendu bat ematen diozu, ez da zuzen joaten eta engainatzeko erabiltzen dira.
N. R.: Orduan, softbola fisikaren ikuspegitik ere azter daiteke. Efektuak emateko trikimailuak erabiliko dituzue.
E. E.: Hori, jaurtitzaileak beste era batean heltzen dio pilotari. Heltzeko modu hau izango litzateke zuzen botatzeko, ahal den eta azkarren. Beste jaurtiketa mota bat raise da, bukaeran pilota igo egiten da eta botatzeko modua ere desberdina da. Kurba botatzeko heltzeko era.
N. R.: Eta kurba zer da?
E. E.: Erditik dator, eta bukaeran kanporantz ateratzen da. Drop da normal irteten denean eta bukaeran koska bat behera egiten duenean. Eta, gero, jaurtiketa inportanteenetako bat da aldaketa: bateatzaileak jaurtiketa azkar bat espero du baina mugimendu berdina eginez pilota mantso bidaltzen diozu, orduan, bateatzaileak swinga azkar egiten du eta pilota atzetik etortzen da.
N. R.: Ikusten dudanez bateatzailearen lana oso garrantzizkoa da taldearentzat.
E. E.: Bai, gu saiatzen gara bederatzi jokalarietan guztiak bateatzaile gogorrak izan daitezen. Erakutsiko dizut non entrenatzen dugun.
N. R.: Leku berezi bat daukazue batearekin entrenatzeko?
E. E.: Tunel bat da, tunel berezi bat. Lur azpian dago. Oso berezia da, Espainia mailan ez dago horrelakorik eta Europan ere horrelako oso gutxi egongo dira.