Zure mugikorrak gauza asko egiten dituela uste baduzu, begira honi. Zureak bezala, deiak egiteko, Internetera konektatzeko, GPS bidez nabigatzeko edo musika entzuteko balio du. Baina, horrez gain, kolpeak, hautsa eta ura jasateko gai da. Izan ere, ur azpian, metro bateko sakoneran sar dezakezu ordu erdiz. Zertarako? Bada, adibidez, ur azpiko argazkiak ateratzeko. Sony Xperia Z izena du eta gakoa, batetik, kristal gogor honetan dago, eta bestetik, konexio guztiak hermetikoki ixten dituen estalki hauetan.
Argazkiak egiteaz ari garela, aurrealdean 2 megapixeleko kamera bat dauka, bideokonferentziak bereizmen handiarekin egitea ahalbidetzen duena. Eta atzealdean, 13 megapixeleko kamera bat, LED flasharekin, bideoa 1080p-ko bereizmenarekin grabatzen duena. Autofocus azkarra, iragazkiak, eta ia ia kamera konpaktu batek eskaintzen dituen funtzio guztiak ditu.
Bereizmen handiko 5 hazbeteko pantaila handi bat dauka; pelikulak ikusteko, bideojokoekin jolasteko edo irakurtzeko oso baliagarria. Hain pantaila handia duten gailuek ematen duten arazoetako bat bateriaren kontsumoa da. Arazo horri aurre egiteko, hainbat bateria-modu konfiguratu daitezke, mugikorrari ematen diogun erabilpenaren arabera. Esate baterako, pantaila itzalita dagoenean sare guztiak deskonektatuta manten ditzakezu, edo oso bateria gutxi geratzen zaizunean beharrezkoen dituzun aplikazioak aukeratu.
Egia esan, hain telefono handia izateko ez du asko pisatzen, 146 g, eta nahiko erraz maneiatzen da 7,9 mm-ko lodierari esker. Ia 700 € balio dituen gama altuko mugikor batez ari gara, eta ia denetik jasan dezake. Nik, badaezpada ere, ez dut marrazoen putzura botako.